Ezer ez da aldatu

Urte erdi pasatu da eskuin muturreko talde batek Ion Aranburu donostiarrari eraso zionetik. Haren lehengusuak, Irati Aranburuk, «justizia» eskatu du. Aitor Zabaletari gertatu zitzaiona gogorarazi du. Gaur beteko dira 25 urte hura erail zutenetik.

ERASO FAXISTA - MOBILIZAZIOA
Ekainean Ion Aranbururen alde Donostiako Antigua auzoan egin zuten elkarretaratzea. JON URBE / FOKU
pettan uralde
2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Maiatzaren 21ean eskuin muturreko talde batek Ion Aranburu donostiarra jipoitu zuen Sorian (Espainia). Aranburu lagun batzuekin Numantzia eta Cornella futbol taldeen arteko norgehiagoka ikustera joana zen hara, eta, ospakizun giroan zela, 60 pertsona inguruko talde batek, autobus batetik jaitsi, hura eta beste hainbat pertsona jipoitu, eta berriro autobus batean egin zuten alde. Espainiako Gobernu ordezkaritzaren arabera, futbol partidako istiluekin lotutako eraso bat izan zen, eta ez zuen ondorio larririk eragin. Baina ezer gutxi izan zuen horrek ikustekorik Aranburuk jasandakoarekin. Burgosko (Espainia) ospitalean egon zen ia hilabetez koman, eta, atera orduko, Donostiako ospitalera eraman zuten. Azken hilabeteetan «aurrerapauso handiak» eman dituela adierazi du Irati Aranburu Ionen lehengusu eta familiaren bozeramaileak.

«Ondo dago. Errehabilitazioa egin zuen udan, eta orain indarrak hartzen ari da. Uste dut gertatu zaiona barneratzeko prozesuan dagoela orain. Bere frustrazio txikiak ditu. Ezin ditu semeekin lehen egiten zituen zenbait gauza egin, ezin du gidatu, oraindik zauri neuronala oraindik hor dagoelako... Bere burua mugatua ikuste horrekin baditu haserrealdiak. Barneratze prozesu horren barruan normala izango dela uste dut».

Hil ala biziko egoeran egon zen, burezurrean traumatismo batekin eta garezurraren oinarria hautsita. Ziurgabetasunez betetako egunak izan ziren, tentsioz eta beldurrez beteak, baina, zorionez, aurrera atera zen, eta pausoak ematen dabil oraindik sendatze prozesuan. «Burgosen zegoela, beti tentuz jarraitzen genituen aurrerapausoak, baina Donostiara ekarri eta errehabilitazioarekin hobetzen joan zen. Momentu batean eten egin zen abiadura hori, eta erabaki zuten hasieran kendu zioten garezur zatia jartzea. Hori jarri, eta errehabilitazioan izugarrizko abiadura hartu zuen. Uste genuen baino azkarrago».

IRATI ARANBURU, ION ARANBURUREN LEHENGUSUA.
Irati Aranburu, Ionen lehengusua eta familiaren bozeramailea. GORKA RUBIO / FOKU

Hilabete zailak izan dira familiarentzat, sendatze prozesua baikorra izan bada ere. «Semeei horrelako gauzak azaltzea ez da erraza. Hasierako larritasun hori, aita ez zegoen etxean... zerbait kontatu zitzaien, kolpe handi bat hartu zuela buruan. Ez dakit hain kontziente ziren aita ospitalean zegoela eta agian denbora luzez. Baina haurrek, zorionez, alde positiboa ateratzen dute, eta edozeini indarra emateko gai dira. Aita bisitatu ahal izan zutenean, egunero joan ziren. Gogorra izan da amarentzat ere, auzoan anaia hil zitzaion auto istripuz... Egoera gogorra izan da».

Numantziaren eta Cornellaren arteko partidaren aurretik, Sorian, 60 pertsona inguru kapea bat egiten aritu ziren, talde ultra horietako baten sorreraren urteurrena ospatzeko. Polizia Nazionalak azaldu zuenez, kapea amaitu ondoren, autobusez joan ziren futbol estadioaren ingurura, partida hasi baino ordu batzuk lehenago. «Autobusa uztean, talde antagonikoko kideak zeuden lekura joan ziren, eta eraso egin zieten». Erasoaren ondorioz, Aranburu oso larri zauritu zen. «Guk dugun bertsioa, hasieratik lekukoek eman digutena izan zen. Ionekin batera hemengo lagun bat joan zen, han zeuden Cornellakoak ere, eta inguruan zeuden Numantziaren zaleak. Hasieratik izan dugun bertsio bakarra hori izan da. Izan ere, Ion ez da gogoratzen zer gertatu zitzaion. Gogoratzen duen azken gauza, atzean kaleko jantzian zeuden polizia batzuk zeudela, besterik ez».

«Ondo dago. Errehabilitazioa egin zuen udan, eta orain indarrak hartzen ari da. Uste dut gertatu zaiona barneratzeko prozesuan dagoela orain». 

IRATI ARANBURU Ionen lehengusua eta familiaren bozeramailea

Ondoren, Aranburu larriki zauritu zutela berretsi behar izan zuen familiak Poliziaren aurrean, eta erasoa antolatua izan zela frogatu ere egin behar izan zuen. «Lekukoek esaten zuten modu antolatuan etorri zirela, armatuak makilekin, botilekin eta abar. Hori autoak berresten du, eta alde horretatik nahiko gogorra da akusatuentzat. Modu antolatuan etortze horrek badu segurtasun neurrien aldetik erantzukizuna, gure ustez. Zergatik utzi zitzaien kale horretan sartzen? Ion konturatu zen bere inguruan poliziak zeudela kaleko arropa jantzita. Ez dakit zenbateraino egongo ziren han segurtasunerako, baina badakigu, eta Poliziak berak familiari esan zion haiek han zebiltzala. Bigantxekin ibiltzeko saio bat antolatu zuten, autobusez azaldu ziren, armatuak, aurpegiak estalita, eta modu berean egin zuten alde. Txostenean hori argi gelditzen da, eta alde horretatik nahiko baikor gaude».

Poliziak, sinisgaitz

Izan ere, kontaketaren osaketan Polizia mesfidati azaldu zen Aranburu familiaren aurrean. Ez zuten ulertzen zer egiten zuen Realaren zale batek egun horretan toki horretan. Aranbururen lehengusuak azaldu duenez, emazteari eta anaiari galderak egin zizkieten, «haien artean kontraesanetan erortzeko», eta ez zioten «gehiegi sinisten familiari». «Gutxietsiak edo babesgabeak sentitu ginen», azaldu du. «Ikerketa abiatu zutenetik, orain arte ez dugu ezer jakin, baina abokatuekin izan duten harremanean utzikeriaz aritu direla iruditzen zaigu».

Poliziak adierazi duenez, erasoa «aurkako ideologia duen talde batenganako gorroto motibazioen ondorioa» izan zen. Aranbururen ustez, garrantzitsua izan daiteke hori epaiketari begira. «Argi dago haiek katalanen aurkako eraso bat antolatu zutela, eta hor atzean dagoena inpunitatea da. Inpunitatez jokatzen dute, badakitelako ez zaiela ezer gertatuko. Azpimarratzea gorroto delitua dela, agian gordinago ikusiko da, eta epaitegira begira pentsatzen dut gehigarri bat izango dela».

ION ARANBURU
Ion Aranburu, ezkerretik hirugarrena, Sorian, erasoa gertatu zen egunean. BERRIA 

Hilabeteetako ikerketaren ondoren, Operacion Capea deituriko polizia operazioa amaitutzat eman dute. Bederatzi pertsona atxilotu dituzte Leganesen, zazpi Sorian, hiru Zaragozan eta beste bat Logroñon. Horiek guztiak hainbat futbol talderekin lotutako talde erradikaletako kideak, Poliziak ohar batean azaldu duenez. Zehazki, parte hartu zuten ultra talde nagusiak Orgullo Numantino (Soria), Ligallo Fondo Norte (Zaragoza) eta Guetto 28 (Leganes) izan ziren. Hala ere, gaur-gaurkoz, aske daude epailearen aurretik pasatu ondoren, eta, gainera, Aranbururen abokatuek ez zuten jaso deklarazioetan parte hartzeko deia.

Lehengusuak dioenez, burokratikoki «nahiko kaskarra» izaten ari da trataera guztia. «Atxilotuen kontua atera zenean, abokatuari ez zitzaion ezta jakinarazi ere egin, eta akusazio gisa eskubidea zegoen deklarazioetan parte hartzeko, galdeketak egiteko. Errekurtsoa jarri dugu, ez aurreko deklarazioak atzera botatzeko, baizik eta guk parte hartzeko. Ionek zitazioa jaso zuen Donostiako epaitegian ere, urrian, mediku forentseak ikusi zuen, baina gero ezin izan zuen deklarazioa egin, beste arazo burokratiko batengatik. Desastre bat izan da. Baikor gaude ikerketa ikusten denez aurrera doalako, baina oso mesfidati gaude oraindik».

AITOR ZABALETA.
Aitor Zabaletaren irudia, Anoetako estadioan. JON URBE / FOKU

Eraso «planifikatua»

Aranburu familiarentzat oso garrantzitsua den zehaztasun bat frogatu dute ikertzaileek, erasoaren «planifikazioa». Aranbururen lehengusuak baikortasunez ikusten ditu autoak jasotzen dituen hainbat puntu. «Autoa ikusita, argi gelditzen da modu antolatuan egin zutela erasoa, eta Ionek jasan zuen erorketa bortitz hori haien erasoak eragin zuela. Argi kokatzen ditu haiek kale horretan momentu horretan. Alde horretatik, nahiko argia da autoa, eta baikor gaude horrekin. Lardaska izan da prozesua, eta ez dakigu ikerketak ere zenbaterako emango duen, ezta epaiketarekin zer gertatuko den ere. Talde hauek badakite ez zaiela ezer gertatzen gehienetan. Badakigu nolakoa izan zen Aitor Zabaletaren epaiketa, edo Deportivo de la Coruñako zalea hil zutenaren kasua. Baikor gaude autoaren norabidearekin, baina beti tentuz. Ionek argi dauka baten bat kartzelan ikusi nahi duela».

Kaltea egina dago, eta, agian, ondorioak izan ditzake betirako. Alde emozionaletik ez ezik, agian fisikotik ere bai. Irati Aranburuk ez daki nola errepara daitekeen horrelako zerbait, baina egin duenak ordaindu egin beharko duela dio. «Hori eskatzera goaz epaiketara. Argi dago jende hori ezin dela aske ibili, inongo kontrolik gabe, nahi dutena egiten. Segurtasun neurri nahikoa ez daudelako, estadiora gerturatzen dira, aurkarien kontrako horrelako erasoak antolatzen eta burutzen dituzte... zerbait egin beharko lukete administrazioak eta futbol erakundeek. Nolabait moztu egin behar da, behin eta berriro gertatzen ari baita».

«Argi dago haiek katalanen aurkako eraso bat antolatu zutela, eta hor atzean dagoena inpunitatea da. Inpunitatez jokatzen dute, badakitelako ez zaiela ezer gertatuko». 

IRATI ARANBURU Ionen lehengusua eta familiaren bozeramailea

Gaur, 25 urte beteko dira Atletico Madrilekin lotura zuen Bastion ultra taldeko Ricardo Guerrak labankadaz Aitor Zabaleta erail zuenetik. Irati Aranburuk onartu du etengabe etortzen zitzaiola burura Zabaletaren heriotza. «Ion larri eta ezegonkor egon zen momentu horietan ondorioa berdin izan zitekeen; lehen bizpahiru asteetan hil zitekeen. Etengabe pentsatzen duzu horretan: donostiarra, bi familiak lagunak gara... etorri zaigu gogora behin baino gehiagotan. Aitor Zabaletaren arrebak, Mirenek, Ion bisitatu du, eta etengabe egon dira kontaktuan. Lagunak dira. Beste anaia ere egon da kontaktuan Ionekin».

Hain zuzen, gaur Aitor Zabaletaren Omenezko eta Faxismoaren Aurkako manifestazioa egingo dute Donostian. 19:00etan hasiko da, Bulebarrean. Han izango da Ion, baita haren senitartekoak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.