Azken boladan gauza bera esaten dute mailari eusteko lehian sartuta dauden taldeek Realaren aurka jokatzen dutenean: aukera ona dutela mailaz ez jaisteko borroka arriskutsu horretan Reala sartzeko. Hala adierazi zuten Levante eta Malagako entrenatzaileek, eta hala adierazi du Marcelinok ere, Racingekoak. Ez da harritzekoa. Oraindik abantaila polita eduki arren, Realak azken lau jardunaldietan arnasa eman die arazoak zituzten taldeei. Eskuzabal jokatu du, eta opari gehiegi egin ditu. Zerbaitegatik batu du puntu bakarra lau norgehiagoka horietan. Lehenbailehen eten beharko du joera hori, bere burua estu ikusten hasi nahi ez baldin badu.
Berriro ere sendo aritzea da taldearen lehentasun nagusia. Ahal izanez gero, atea hutsean uztea. Begi bistakoa da defentsan arazo larria duela, 46 gol sartu baitizkiote. Baina hori baino larriagoa da erakusten duen ahuldadea; aurkariek oso gutxi egin behar dute berari gola sartzeko. Espanyolek hiru gol sartu zizkion, zati bakarrean, erakustaldirik egin gabe. Deportivok eta Malagak ere bina sartu zizkioten, gainerakoan ia batere jokaldi arriskutsurik egin ez zuten arren. Levanteren kasuan, zorte txarra izan zuen Realak, baina ofizio faltak ere izan zuen zerikusirik, ikaragarri kosta baitzaio markagailua alde duela partida kontrolatzea.
Fisikoki behera egin duela uste dute askok. Kezkagarria izango litzateke, kontuan hartuta oso talde gaztea dela eta partida gutxi jokatu dituela beste askorekin alderatuta. Egia da minutuak gutxi banatu dituela, eta hamalau jokalarirengan oinarritu dela Martin Lasarte orain arte. Baina entrenatzaileak esan eta esan ari dira datuak onak direla eta taldea sasoiko dagoela. Azalpena errazagoa da: defentsan serioago aritu behar du, batez ere orain, erasoan ez baita denboraldi hasieran bezainbeste asmatzen ari. Ohikoa da ate aurrean bolada txarrak edukitzea, eta halakoetan hortzak estutu beharra dago atzealdean. Batez beste bi gol jasotzen direnean, ez dago hori konponduko duen hirukote magikorik.
Agirretxe, deialditik kanpo
Lasartek herenegun adierazi zuenez, orain arte gehien jokatu duten jokalarietako zenbaiti atseden ematea aztertzen ari dira. Ikusi egin beharko da gaur hasiko den. Deialdian, behintzat, guztiak daude. Carlos Martinez eta Sutil dira berri bakarrak, Markel eta Agirretxeren kaltetan. Deigarria da usurbildarra kanpoan gelditzea, dezenteko gorpuzkera duen aurrelari bakarra izanda. Baina badirudi Ifranen alde egiten hasiko dela entrenatzailea. Garrantzi handia izango luke gaur taldeak gutxienez puntu bat lortzeak, berriro konfiantza izateko eta aurretik izango dituen bi asteak lasai aprobetxatu ahal izateko.
Erraztasunik ez dio emango Racingek, ordea. Marcelinoren etorrerak indarra eman zion, baina azken bi partidak galduta, lau puntura ditu jaisteko postuak. Infernuhorretatik aldentzeko motibazioak bultzatuta jokatuko du, beraz. Anoetan itxura eskasa eman zuen, baina bere zelaian oso talde arriskutsua da. Real Madrilen aurka amore eman zuen, baina aurreko bi partidetan Sevilla mendean hartu, eta Vila-realen aurka puntu bat lortu zuen, nagusitasunez gainera. Presioa ondo lantzen du, eta kontrarioari baloia kentzen dion jokaldietan etekina ateratzen du. Gol gutxi sartzen ditu, baina badauzka kalitate handiko jokalariak. Realak ondo zaindu beharko ditu Kennedyk ateratako geldikako jokaldiak.
Ezin du oparirik egin
Sendotasunaren bidetik, aurkari zuzenei arnasa emateko joera eten nahi du Realak gaur, Racingen zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu