Aspaldiko partez Txapeldunen Ligako postuetatik at geratzeko arriskua du Osasunak gaur. Atzetik zetozen Celta eta Sevillarekiko aldea areagotu eta txapeldunorde izateko borrokan bete-betean sartu asmoz zelairatu dira gorritxoak azken partidetan, baina iragan igandean Real Madrilen aurka jaso porrotak helburua zein den zehaztu du: bigarren postuari begiratzea utzi, eta nola edo hala laugarren postua ziurtatzea da orain helburu bakarra. Datorren denboraldian Europan izateko dituzten azken aukera apurrak alferrik galdu nahi ez dituen talde bat izango dute gorritxoek aurrean gaur: Intertotoan pentsatzen ere hasia den Atletico Madril, eta ezin dute kale egin.
Osasunak UEFA ziurtatua du, baina nafarrak ez dira horrekin ase. Ezta euren entrenatzailea ere. «Europan gaude eta hori saria da guretzat, jada. Baina denok badakigu bi lehiaketa daudela Europan, eta bertan asko iraun ez bagenuen ere, bietako bat ezagutu genuen iaz», esan zuen atzo Javier Aguirrek, UEFA ezagutu ostean, Europako lehiaketa nagusia ezagutu nahi dutela aditzera emanez. Entrenatzaile mexikarra baikor azaldu zen, gainera: «Oraindik ere gure esku dago Txapeldunen Ligarako sailkapena, aurkari zuzenak baino bi puntu gutxiagorekin egotea baino hobe da badaezpada bi puntu gehiagorekin izatea, eta laugarren postu horri nola edo hala eutsi behar diogu. Konplexurik gabe zelairatu behar dugu Vicente Calderonen, ez gara inor baino gutxiago», adierazi zuen atzo gorritxoen arduradunak. Eta ez zaio arrazoirik falta, Celta eta Sevilla gogor ari dira azken boladan, baina Celtak zein Sevillak Osasunaren egoeran egotea nahiagoko lukete, badaezpada. Hori bai, atzetik datozen taldeetan gehiegi pentsatzerik ez du nahi Aguirrek: «Ezin dugu Celtarekin itsutu, eta ezin dugu haien hutsegiteen zain geratu, gure partidak irabaztea da garrantzitsuena», esan zuen atzo.86 urteko historian jokatu final bakarra jokatu zelaira itzuliko da gaur Osasuna. Ia 11 hilabete geroago, Betisen aurka finalean aritu zelaira itzuliko dira. Oroitzapen txarrik ez du nahi Aguirrek, ordea: «Hori iragana da, aldagelara sartzen garenean zerbait gogoratuko dugu agian, baina hori ahaztu beharra dago. Gainera, zelai horretan emaitza on dezente lortu dugu, eroso aritu ohi izan gara normalean», esan zuen mexikarrak. Datorren sasoitik aurrera ere zelai horretan emaitza onak lortzen jarraitu nahi duela esatea bakarrik falta zitzaion Aguirreri, zurrumurru guztien arabera datorren denboraldian Atletico Madril zuzenduko baitu Osasunako entrenatzaileak.
Ezin dute kale egin
Europarako sailkatuta egon arren, gaur galtzen badu, Osasuna Txapeldunen Ligarako postuetatik kanpo gera daiteke, Liga amaieran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu