Alaveseko jokalaria

Ander Gebara: «Ezinbestekoa izango da ausartak izatea, bai baloiarekin eta bai hura gabe»

Ander Gebarak hirugarren denboraldia du Alavesen, eta «gustura» dabil etxean. Arabako taldeak bihar hasiko du liga, Mendizorrotzan, Levanteren aurka.

Ander Gebara, denboraldiaurreko partida batean. AITOR BOUZO
Ander Gebara, denboraldiaurreko partida batean. AITOR BOUZO
2025eko abuztuaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaila da Alavesek azken urteetan egindako bidea azaltzen Ander Gebararen (Gasteiz, 1997) izena aipatu gabe. Joan den denboraldian hainbatetan ataka estuan egon ostean, Arabako taldea hirugarren urtez jarraian arituko da Lehen Mailan.

Bihar hasiko duzue liga. Zer moduz dago taldea?

Lehen Mailan beste denboraldi bati ekiteko gogoz gaude. Aurten, gainera, zorteko gaude; izan ere, etxean jokatuko dugu lehen norgehiagoka, gure zaleen aurrean. 

Denboraldiaurrean bi partida irabazi dituzue, bi galdu eta bat berdindu. Zer irizten diozue horri?

Denboraldiaurreko norgehiagoketan gorabeherak egon daitezke beti emaitzekin, baina horrelakoetan egindako lana eta hankak ongi aktibatzea izan ohi da helburua. Alde horretatik, taldeak esfortzu handia egin du, ongi entrenatu gara, eta partida batzuetan hobeto ibili gara beste batzuetan baino. Hala ere, prest gaude ligari ekiteko, eta ziur naiz gai izango garela zelaian taldearen maila islatzeko.

Zuk nola ikusi duzu zeure burua?

Ongi. Taldekide guztiak bezala, egunerokora ohituz joan naiz, eta pixkanaka gorputza aktibatuz. Sentipen onak izan ditut, eta hasteko prest nago. 

Denboraldiaurre honetan zer egin duzue ongi eta zer daukazue hobetzeko?

Hobetzeko gauza asko ditugu. Denboraldiaurrea entrenatzaile berarekin egin dugu, eta aukera izan dugu joan den denboraldian eta aurtengoan ikasitako hainbat kontzeptu lantzeko. Alde horretatik, taldearen asmoa antzekoa da: intentsitate handia eta erritmo bizia ezarri nahi ditugu, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da ausartak izatea bai baloiarekin eta bai hura gabe. Liga hasieran hori guztia erakutsi nahi dugu zelaian. 

«Niretzat oso berezia izan zen orain hiru urte etxera itzultzea, eta aurreko bi denboraldiak positiboak izan dira»

Lehen denboraldiaurrea izan duzue Eduardo Coudetekin. Hark zuek aurretik ezagutzeak zer emango dio taldeari?

Horrek asko balio du. Jokalariontzat ere garrantzitsua da entrenatzailea eta haren lantaldea ongi ezagutzea, eta, kasu honetan, badakigu nola lan egiten duten eta egunerokoan zer eskatzen duten. Jokoari dagokionez, denbora hau guztia haiekin ematea garrantzitsua izango da denboraldi hasierari begira.

Coudet joan den denboraldi erdian iritsi zen taldera. Zer hobetu zen hura iritsi zenean? Zer azpimarratuko zenuke haren inguruan?

Maila honetan, entrenatzaile aldaketak ez dira sekula garai onean iristen. Hura heldu zenean, taldea bolada txar batean murgilduta zegoen, eta, iristearekin batera, gauza batzuk aldatu zituen. Horrez gain, beste giro bat sortu zen, eta emaitzetan islatu zen hori. Izan ere, ezarritako helburua lortu genuen harekin. Positiboa izan zen haren eta lantaldearen laguntza.

Levanteren aurka jokatuko duzue ligako lehen norgehiagoka, bihar. Talde igo berria da, baina nola ikusten duzu?

Partida polita da ligari ekiteko. Etxean jokatzeak are bereziago eta garrantzitsuago bihurtzen du neurketa, zaleen babesa izango baitugu, eta poza eman nahi diegu, irabazita. Hori abiapuntutzat hartuta, badakigu norgehiagoka zaila izango dela, Levante talde sendoa baita eta joko aldetik ideiak garbi baititu. Gure onena eman beharko dugu hiru puntuak eskuratu nahi baditugu.

Aurtengoa hirugarren denboraldia izango duzu Alavesen. Zelai erdian jokalari finkoa zara. Zer moduz?

Ongi nago. Niretzat oso berezia izan zen orain hiru urte etxera itzultzea, eta aurreko bi denboraldiak positiboak izan dira. Segida edukitzea izan dut beti helburu, eta esango nuke oro har lortu dudala. Egia da: nigatik izan balitz, joan den denboraldian gehiago jokatuko nukeen hasieratik, baina lanean gogor saiatu nintzen, eta, konfiantza izan nuenez neure buruarengan, denboraldiaren azken partea ona izan zen.

«Urteak pasatu ahala eskarmentua hartuz joan naiz, eta esango nuke horrekin batera hobetu ere egin dudala»

Realean bakarrik jokatzen zenuen euskarrian, eta orain, Alavesen, beste taldekide baten alboan. Nola moldatzen zara erosoago?

Bi sistemetan aritzen naiz eroso. Urteak pasatu ahala eskarmentua hartuz joan naiz, eta esango nuke horrekin batera ere hobetu egin dudala. Orain garbien dudan gauza zera da: orain hiru urte baino jokalari hobea naizela, eta euskarri bakarra izan edo taldekide bat ondoan eduki berdin egoten naizela eroso. Taldeari laguntzen saiatzen naiz une oro.

Jokalari batzuk joan dira, eta taldeak fitxaketak egin ditu. Nola ikusten dituzu?

Etorri diren jokalariak gogotsu daude, eta hori da garrantzitsuena. Nik ez dut horietako inor deskubrituko, guztiek bidea egin dute jada, eta jakina da maila handiko jokalariak direla. Oso pozik gaude etorri direlako, egunerokoan oso ongi ari dira lanean, eta ziur nago denboraldian zehar izango dituztela tarteak, eta lagunduko digutela.

Realean denboraldi asko egin zenituen Jon Guridirekin batera. Orain biek lortu duzue Alavesen hasierako hamaikakoan lekua egitea. Zer da hori zuretzat?

Bizitzak egindako opari bat da. Jonekin oso harreman estua dut, eta pertsona oso berezia da niretzat. Urte asko daramatzagu elkarrekin, eta ederra da maila honetan Jonekin egotea. Haren ondoan babestuta sentitzen naiz.

Levanteren aurka ez ezik, abuztuan Europan arituko diren beste bi talderen aurka ere jokatuko duzue: Betisen eta Atletico Madrilen kontra. Nola ikusten duzu hasiera?

Hasiera polita da. Hiru norgehiagoka horietan talde sendoen aurka arituko gara, eta gogoz gaude lehiari ekiteko, baita irabazten  hasteko ere.

Helbururik jarri al duzue?

Guztiok oso garbi daukagu garrantzitsuena Lehen Mailan eustea dela, eta, era berean, urtez urte hobetuz joatea. Hortik aurrera, ikusi beharko dugu nolako errendimendua dugun.

Zer da taldearentzat beste urtebetez Lehen Mailan jokatzea?

Guretzat funtsezkoa da. Puntako taldeen aurka jokatzea —eta irabaztea ere, zergatik ez— harro sentitzeko modukoa da. Aurrerantzean ere hor jarraitu nahiko genuke.

Zer helburu dituzu ibilbidearen fase honetan?

Alavesen urte eder bat izan nahiko nuke, eta horrekin batera taldeak Lehen Mailan iraun dezan lortu. Denboraldiaz gozatu nahi dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.