Jesus Aiestaran eskalatzaileak (Donostia, 1936) Donostiako erdigunean jarri du hitzordua, eta irribarretsu azaldu da. Sasoiko dago oraindik, eta hurrengo bidaiaz hitz egiten hasi da, lehena balu bezala. Hitz errazekoa da, argi mintzatzen diren horietakoa.
Zein da mendiaz duzun lehen oroitzapena?
Aspaldikoa da, baina atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzen dut. Ama Gaintzako baserri batekoa zen, eta, 15 urte nituenean, haren etxeko guztiek irteera bat antolatu zuten Txindokira. Denak bertan jaiotakoak ziren, eta parez pare zuten Txindoki. Baina bertara igo gabe zeuden. Ni ere haiekin joan nintzen. Hura izan zen igo nuen lehen mendia. Guretzat egun handia izan zen hura!
Handik aurrera hasi al zinen mendira maizago joaten?
Bai. Handik urte batzuetara Club Vasco de Campingekoekin federatu nintzen. Aurretik ere haiekin bidaiatzen genuen, baina ezkutuan. Ez genuen federatzeko dirurik. Azkenerako, 18 urterekin, bazkide egitea erabaki genuen. Lehen irteeretan Aralarrera joan ginen, eskiatzera. 50 pezeta [30 euro zentimo] balio zituen bidaia hark! Orduan, neguak orain baino gogorragoak izaten ziren. Igaratzara eta Pagomarira hainbat irteera egindakoak gara! Igandero antolatzen zuten irteera bat, eta guretzat asteko egunik bereziena izaten zen.
Mendira joaten eta eskalatzen batera hasi al zinen?
15 urterekin hasi nintzen eskalatzen, Santa Barbaran, Hernanin. Gertuen zegoen tokia zen. Askotan oinez joaten ginen Donostiatik. Goizean bertan eskalatu, inguruko taberna batean zerbait jan, eta berriro Donostiara itzultzen ginen. Orain, ia ehun bide daude bertan eskalatzeko. Baina gu hasi ginenean zazpi edo zortzi besterik ez zegoen! Hasierako gehienak guk ireki genituen.

Zuk esana da garai haietan «eskaladaren fanatiko batzuk» zinetela. Hainbesterako al zen?
Bai, hala zen! Gu izan ginen aitzindariak Donostia inguruan. Pako Lusarreta, Rodolfo Kirch, Patxi Berrio eta Julio Villar zeuden tartean.
Gero Alemaniara joan zinen bizitzera. Urte batzuk egin zenituen han. Eskalatzen al zenuen?
Emaztea Donostian ezagutu nuen, baina Alemaniakoa zen, eta Stuttgartera joan ginen bizitzera. 29 urte nituen, eta ezkondu ere han egin nintzen. Alemana ikasten nuen bitartean, eskalatzen jarraitu nuen. Eskalatzaile oso trebeekin ibiltzen nintzen Saxonia inguruan. Alemanian Saxoniakoa da eskalada eremurik ezagunena eta gogorrena gaur egun ere. Han debekatuta dago iltzeak erabiltzea! Sokarekin egiten dituzten lokarriak erabiltzen dituzte segurtatzeko. Zortzi urte egin genituen han bizitzen, eta gero Donostiara itzuli ginen.
Zer-nolakoa izan zen itzulera?
Iritsi bezain laster, lagun zaharrekin hasi nintzen berriro ere eskalatzen. Pirinioetara joaten ginen, hura baitzen gure tokirik gustukoena. Bertan igo genituen, besteak beste, Gaubeko korridorea, Vignemaleko Pique Longue gailur nagusia eta Piton Carre. Ia ez genuen inor topatu bide haietan. Eskalada guztiak Julio Villarrekin eta Rodolfo Kirchekin egin nituen. Kirchek oso izaera gogorra zuen, baina eskalatzaile bikaina zen. Perdidoko iparra ere askotan egiten genuen. Oso glaziar gogorra zen orduan. Cilindro mendiaren horma ere aipatu nahiko nuke, baita Tozal del Mallo ere. Garai hartako igoera nabarmenenak ziren haiek.
Gerora, mendi garaiagoak igotzen hasi zinen. Aconcagua (6.982 metro), Denali (6.193 metro) eta Ojos del Salado (6.882 metro) igo zenituen. Nolatan?
Lehenbizi, Kilimanjaro mendia [5.895 metro] igo nuen emaztearekin. Hura igo eta gero, aipatutako horietara joan nintzen. Esaterako, Aconcagua hiru aldiz igo dut. 56 urterekin igo nuen lehen aldiz, eta 73 urterekin hirugarrenez. 2010ean izan zen. Ojos del Salado mendian ere hiru aldiz egon naiz. Altuerara bikain egokitzen nintzen, eta ez nuen arazorik izan.
Julio Villarrekin eta Rodolfo Kirchekin ibili zinen urte asko. Haiek Everestera joateko aukera izan zuten 1974an, Tximist espedizioarekin. Zuk ez?
Ez. Garai haietan deitu egiten zintuzten espedizioetara joateko, eta ni ez ninduten inoiz deitu. Ez zuten nire beharrik izango. Tartean zerbait izango zen... Bestalde, Himalaiara joateko diru asko ordaindu behar da, eta ni ez nengoen hainbeste diru ordaintzeko moduan. Urrutira joan beharrik gabe, Pirinioetan eta Alpeetan mendi ederrak ditugu.
«Himalaiara joateko, diru asko ordaindu behar da. Urrutira joan beharrik gabe, Pirinioetan eta Alpeetan mendi ederrak ditugu»
Arantzarik geratu al zaizu horregatik?
Ez! Inoiz ez dut denborarik galdu horretan pentsatzen. Nire gauzak egin ditut, eta ez dut hara joateko beharrik izan.
Gaur egun Himalaiara egiten diren espedizio komertzialen irudiak ikusten dituzunean, zer pentsatzen duzu?
Triste jartzen naiz. Zera pentsatu izan dut beti: mendizaletasunaren garairik onenak guk bizi izan genituela. Orduan ez zegoen gaur egun dagoen eromenik. Izugarria da, esaterako, Everestera igotzeko sortzen diren ilarak: bata bestearen gainean, elkar zapalduz… Ez dut sekula gustuko izan. Ni, esaterako, oso jende gutxirekin ibili izan naiz mendian. Gutxi izan dira, baina maila bikainekoak denak ere.
Nola imajinatzen duzu Himalaia hogei urte barru?
Ezkor naiz. Gaur egun, mendizaletasuna beste era batera bizitzen da. Hori bai, bakoitzak aukeratzen du bere bidea, eta ahal duena eta ahal duen moduan egiten du.
Eskalada zer moduz dago orain?
Gure garaian, soilik soka eta mailua edo mazoa genituen; gaur egun, berriz, zulagailua daukate. Ez dut batere gustuko. Nik, behintzat, ez dut erabiltzen. Guk, ez erortzeko, iltzeak leku seguru batean sartu behar izaten genituen. Lekurik egokienak bilatu behar izaten genituen. Nonbaitera joan, eta iltzeren bat topatzen bagenuen, altxor bat bezala gordetzen genuen; are gehiago frantsesa bazen. Beste garai batzuk ziren! Pauso zail baten aurrean daudenean, egungo eskalatzaileek zera egiten dute: zulagailua atera, eta seguru bat ipini. Ez dute batere arriskatzen!
«Pauso zail baten aurrean daudenean, egungo eskalatzaileek zera egiten dute: zulagailua atera, eta seguru bat ipini. Ez dute batere arriskatzen!»
Gaur egun, Olinpiar Jokoetan lehiatzen dira eskalatzaileak. Duela 50 urte pentsaezina izango zen hori, ezta?
Hala da, gure garaian ez zegoen txapelketarik. Txapelketak gerora etorri ziren, eta eztabaida egon zen horren inguruan. Gaur egun, normala da lehiaketak egotea, baina gure garaiko eskalatzaileentzat oraindik ere arraro samarra da.
Jokoetan abiadura modalitatean lehiatzen dira. Askok zera uste dute: hori ez dela eskalada. Ados al zaude?
Argi eta garbi esan nahi dut: ez dut batere gustuko. Lehiatzen diren eskalatzaileek meritu handia dute, eta asko entrenatzen dira horretarako. Baina hori beste gauza bat da. Lehen inor ez zen eskalatzeko prestatzen, entrenatzen. Santa Barbarara joaten ginen, eta ahal genuena egiten saiatzen ginen, besterik gabe. Gauzak asko aldatu dira, eta nire ustez okerrerako. Garai batean eskaladak zuen filosofia erromantikoa eta altruista galdu egin da neurri handi batean.
Hiru liburu idatzi dituzu. Nondik datorkizu zaletasuna?
Kanpora joaten nintzen aldiro, idatzi egiten nuen. Idatzi ezean, gauzak ahaztu egiten dira. Beraz, zer egiten nuen idazten nuen: bizipenak, sentipenak… Zera pentsatu izan dut beti: oso gauza polita dela, eta idatzitakoa hor geratzen dela betiko. Idatzitako gauzekin hiru liburu egin ditut: La cuerda y la maza, Reflexiones sobre la marcha eta Viejas historias. Bertan kontatzen ditudan gauza askok ez dute eskaladarekin zerikusirik.
90 urte beteko dituzu datorren urtean. Oraindik ere eskalatzen jarraitzen al duzu?
Bai, gauza txikiak egiten jarraitzen dut: Txindokiko ertza, esaterako. Oraindik ere oso gustuko dut eskalada, pasioz bizi dut. Santa Barbarara ere joaten naiz. Aurten, adibidez, 1961ean Juan Laredorekin ateratako argazki bateko eskalada bat errepikatu dut, Elutxetako harkaitzaren aldean.
Motzean
Mendi bat?
Euskal Herrian, Txindoki: kanpoan, berriz, Monte Perdido.
Igotzeko duzun mendi bat?
Cervino. 82 urterekin, gailurretik gertu geratu nintzen. Baina ezin izan nintzen iritsi, eguraldiarengatik.
Eskalatzeko bide bat? Hainbeste daude! Bat esateko, Tozal del Mallo.
Eskalatzaile bat? Julio Villar eta Rodolfo Kirch.
Julio Villar? Aparta! Mendian egindakoez gain, munduari bira emateko gai izan zen belaontzi kaskar batean. Une ederrak igaro ditut harekin.
Juan Laredo? Pertsona izugarria eta mendiko eskiatzaile bikaina.
Espedizio baterako lau lagun? Julio Villar, Juan Laredo, Rodolfo Kirch eta Pako Lusarreta.