Pilota

Ezkurdia atzelari ariko da binakakoan, Altuna III.arekin batera

Aspeko bi pilotari horiek ondo moldatu izan dira elkarrekin jokatu dutenean: azkeneko sanmateoetan, txapeldunorde izan ziren. Ostiralean hasiko da txapelketa, Beasainen, eta martxoaren 29an jokatuko dute finala, Iruñeko Nafarroa Arenan.

Joseba Ezkurdia-Jokin Altuna. JULEN ETXEBERRIA
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, gaur, binakako txapelketaren aurkezpenean. JULEN ETXEBERRIA
Julen Etxeberria.
Bilbo
2025eko azaroaren 18a
12:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspe enpresak Lehen Mailako binakako txapelketa jokatuko duten aurrelarien artean Joseba Ezkurdia aukeratu ez zuela jakinarazi bezain laster zabaldu zen susmoa hark eta Jokin Altunak bikotea osatuko zutela. Gaur aurkeztu dute txapelketa hori, Bilbon, eta hor baieztatu dute susmo hori: elkarrekin ariko dira Altuna III.a eta Ezkurdia. 

Arbizukoak (Nafarroa) txapela irabazi zuen binakakoaren azken ekitaldian, Beñat Rezustarekin batera. «Ni naiz egungo aurrelari txapelduna, eta gustatuko litzaidake aurrelari gisa defenditzea txapela», esan zuen duela hilabete BERRIAk egindako elkarrizketa batean. Baina ez du beteko bere asmoa, enpresarena baizik. Asperen iritziz, Rezusta, Jose Javier Zabaleta eta Julen Martijarekin batera, Ezkurdia da atzean berme gehien ematen duen pilotaria. Xabi Tolosa min hartuta dago, eta enpresak ez ditu aintzat hartu beste atzelariak. Azken ekitaldian, Baikok Aitor Aranguren utzi zion Asperi Altuna III.arekin batera joka zezan. Gero, ligaxkaren azken txanpan, Aspek Iñigo Bikuñarekin aldatu zuen Aranguren. 

Altuna III.ak eta Ezkurdiak behin baino gehiagotan jokatu dute elkarrekin, eta ondo moldatu dira: Logroñoko (Espainia) azken sanmateoetan jokatu zuten elkarrekin azkenekoz, eta txapeldunorde izan ziren. Baina torneo laburra zen hori, ez txapelketa luze bat: gutxienez hamalau astez ariko dira jokatzen. Ikusteko dago nola moldatuko diren horren txapelketa gogorrean.

«Beldur eta errespetu handia ematen dit, baina, aldi berean, motibazio, ilusio eta gogo handia dut Jokinekin jokatzeko [Altunarekin]»

JOSEBA EZKURDIA Aspeko pilotaria

Ezkurdia ez du ustekabean harrapatu atzean jokatu behar izateak. «Enpresak esan zidan sanmateoetako proba ondo ateratzen bazen hitz egingo genuela. Beraz, deiaren zain nengoen. Beldur eta errespetu handia ematen dit binakakoa bezalako txapelketa luze eta gogor bat atzean jokatzeak, baina, aldi berean, motibazio, ilusio eta gogo handia dut Jokinekin jokatzeko eta hari laguntzeko. Polita litzateke onenekin lehiatzea, baina, horretarako, asko entrenatu eta hobetu beharko dut; erabat ezberdina da aurrean edo atzean jokatzea. Bikote ezberdina izango gara, eta biontzat zerbait berria izango denez, elkarrengana egokitu beharko dugu. Ez dut tentsiorik sentitzen, baina ez dut ebidentzian geratu nahi», esan du Ezkurdiak.

Haren bikotekideak, Altuna III.ak, berriz, azaldu du harentzat «pizgarri» dela Ezkurdiarekin jokatzea. «Niretzat oso erronka polita da Josebarekin jokatzea. Niretzat txapelketa berezia izango da hau. Josebarentzat, berriz, polita eta gogorra izango da: pilota kirol gogorra da, eta are gehiago atzelarientzat. Atzean jokatzeko erronka onartu izanak erakusten du zein ausarta den Joseba eta zein konfiantza handia duen bere buruarengan. Saiatuko naiz hari ahalik eta gehien laguntzen. Ea lan ona egin dezakegun. Partidaz partida joango gara».

«Atzean jokatzeko erronka onartu izanak erakusten du du zein ausarta den Joseba [Ezkurdia] eta zein konfiantza handia duen bere buruarengan»

JOKIN ALTUNA Aspeko pilotaria

Ez da aurrelari batek binakakoa atzean jokatuko duen lehen aldia. Bitan gertatu da hori, eta bietan pilotari bera aritu da postua aldatuta: Mikel Urrutikoetxea. Urrutikoetxeak Aimar Olaizolarekin batera jokatu zituen 2016ko eta 2020ko ekitaldiak, eta, bietan, apustua ondo atera zitzaion Baikori: 2016an, txapela irabazi zuten Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak, eta, 2020an, txapeldunorde izan ziren. Aspeko ordezkariak pozik egongo lirateke Altuna III.a eta Ezkurdia gutxienez haien pare arituko balira. 

IMG 20251118 124928
Lehen Mailako binakakoa jokatuko duten bikoteak. JULEN ETXEBERRIA

Bikote indartsuak 

Aspek beste hiru bikote hauek osatu ditu: Peio Etxeberria eta Rezusta; Aitor Elordi eta Zabaleta; eta Javier Zabala eta Julen Martija. Elordi eta Zabaleta hirugarrenez ariko dira elkarrekin: duela bi urte txapeldun izan ziren, baina azken ekitaldian galdu egin zuten kanporaketaren bigarren aukeran. Etxeberria eta Rezusta, berriz, bigarrenez ariko dira: aurrenekoan kanporaketaren bigarren aukeran galdu zuten. Zabala eta Martija, ordea, aurrenekoz ariko dira elkarrekin, aurrelari errioxarrak lehen aldiz jokatuko baitu binakako nagusia.

Baikok, berriz, lau bikote hauek aukeratu ditu: Unai Laso eta Jon Ander Albisu; Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrena; Erik Jaka eta Martxel Iztueta; eta Iñaki Artola eta Ander Imaz. Artola eta Imaz hirugarrenez ariko dira: aurreneko aldian kanporaketan galdu zuten, baina, azkenekoan, finalerdietako ligaxka jokatu zuten. Laso eta Albisu, berriz, bigarrenez ariko dira: aurrenekoan, finalerdietako ligaxkan aritu ziren, baina Baikoko pilotarien gatazka lehertu zen, eta Laso enpresatik kanpo geratu zen ligaxkako azken partida jokatu aurretik. Txapelketa honetako Baikoko beste bi bikoteak berriak dira. Larrazabalek lehen aldiz jokatuko du binakako nagusia.

Laso duela hamar egun hasi da berriro jokatzen, ezker belauneko lesio batengatik ia urte erdi lehiatu gabe egon eta gero. Bi partida jokatu ditu berriro ari denetik, eta «gustura» aritu da, batez ere Bilbon jokatu zuen neurketan: hark eta Iztuetak 22-9 irabazi zieten Elordiri eta Rezustari. «Ondo nago, baina, oraindik sentipenak berreskuratzen ari naiz. Oso gogotsu nago Albisurekin jokatzeko: oso ondo moldatzen gara elkarrekin, eta jokatu genuen lehen aldian finalerdietara iritsi ginen. Hala ere, partidaz partida joan behar dugu».

«Ondo nago, baina, oraindik sentipenak berreskuratzen ari naiz. Oso gogotsu nago Albisurekin jokatzeko»

UNAI LASO Baikoko pilotaria

Baikok helburu jakina du: txapela irabazi nahi du, hori azkenekoz egin eta hamar urte geroago. Aspek irabazi ditu azken bederatzi ekitaldiak. Hark bolada gozo hori luzatu nahi du.

Lehiaketa sistemari eutsi diote

Azken hiru ekitaldien lehiaketa sistemari eutsi diote. Ostiralean hasiko da txapelketa, Beasainen (Gipuzkoa). Lehenbizi, hamalau jardunaldi jokatuko dituzte, bi itzulitan banatuta. Lehen bi bikote sailkatuak zuzenean pasatuko dira finalerdietako ligaxkara. Hurrengo lau sailkatuek, berriz, kanporaketa jokatuko dute: hirugarren sailkatua laugarrenaren aurka ariko da, eta bosgarrena, seigarrenaren kontra. Hirugarrenaren eta laugarrenaren arteko neurketan garaile ateratzen dena zuzenean sailkatuko da finalerdietako ligaxkarako. Dena dela, partida hori galtzen duenak beste aukera bat izango du: bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoan irabazi duenaren kontra jokatuko du. Hortaz, orduan erabakiko da zer beste bikote sailkatuko den. 

Aurrera egiten duten lau pilotariek zain izango dituzte aurretik sailkatutako beste bi bikoteak. Lau bikoteek hiru jardunaldiko ligaxka bat jokatuko dute, eta bi onenak finalerako sailkatuko dira. Bi asteko tartea izango da finalerdietako ligaxkako azken partidatik finalera. Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko dute finala, martxoaren 29an. 

Hauek izango dira lehen jardunaldiko neurketak: ostiralean, Beasainen, Elordik eta Zabaletak Zabalaren eta Martijaren aurka jokatuko dute (20:45, ETB1); larunbatean, Logroñon (Espainia), Altuna III.ak eta Ezkurdiak Etxeberriaren eta Rezustaren kontra (17:15, ETB1); igandean, Agoitzen (Nafarroa), Jakak eta Iztuetak Larrazabalen eta Mariezkurrena II.aren aurka (17:15, ETB1); eta astelehenean, Tolosan (Gipuzkoa), Artolak eta Imazek Lasoren eta Albisuren kontra (17:00).

BIKOTEAK
Aspe: Altuna III.a eta Ezkurdia; Peio Etxeberria eta Rezusta; Elordi eta Zabaleta; eta Zabala eta Martija.
Baiko: Laso eta Albisu; Larrazabal eta Mariezkurrena II.a; Jaka eta Iztueta; eta Artola eta Imaz.
EGUTEGIA
Lehen ligaxka (azaroak 21-otsailak 15). Ostiralean hasiko da, Beasainen (Gipuzkoa). Hamalau jardunaldi jokatuko dituzte, eta lehen bi sailkatuak finalerdietara pasatuko dira.
Kanporaketa (otsailak 19 eta 20). Ligaxkako hirugarren sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du, eta bosgarrenak, seigarrenaren kontra. Lehen partidako irabazleak finalerdietako ligaxkan ariko dira.
Bigarren aukera (otsailak 22). Hirugarren eta laugarren sailkatuaren arteko partidaren galtzaileak eta bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoaren irabazleak jokatuko dute. Irabazlea finalerdietan ariko da.
Finalerdietako ligaxka (otsailak 28-martxoak 15). Hiru jardunaldi jokatuko dituzte, eta lehen bi sailkatuak finalean ariko dira.
Finala (martxoak 29). Iruñean, Nafarroa Arenan.

HIRU PILOTARI ARIKO DIRA LEHEN ALDIZ B SERIEKO BINAKAKOAN

Lehen Mailako binakakoaz gain, B Seriekoa ere aurkeztu dute gaur. Txapelketa hori ere ostiralean hasiko da, Beasainen, eta martxoaren 21ean jokatuko dute finala —ez dute zehaztu non jokatuko duten—. Zortzi bikote hauek ariko dira: Aspetik, Iker Salaberria eta Andoni Gaskue —egungo txapeldunak dira—; Dario Gomez eta Carmelo Loza; Xabier Rekalde eta Bikuña; eta Ander Murua eta Arkaitz Gabirondo; eta, Baikotik, Jon Ander Peña eta Ruben Salaverri; Iraitz Zubizarreta eta Aranguren; Unai Amiano eta Iosu Eskiroz; eta Beñat Senar eta Gorka Ugartemendia. Hiru pilotarik jokatuko dute lehen aldiz binakakoa: Amianok, Lozak eta Rekaldek. Aldiz, azken bost urteetan binakako nagusia jokatu eta gero, Peña II.a koska bat beherago ariko da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.