Altuna eta Martija ziren faborito. Irabaziz gero, gainera, Olaizola eta Imaz sailkatuta ziren finalerako. Baina pronostikoa ez da bete, askoz hobeto jokatu dute Ezkurdiak eta Zabaletak, eta nahikoa erraz irabazi dute azkenean.
Finalerdietako ligaxkako lehen partida galtzetik zetozen bi bikoteak, eta biek ala biek ezinbestekoa zuten garaipena finalerako sailkatzeko aukeraren bat izateko. Presiopean aritu dira laurak, baina presio horrek gutxiago erasan die Ezkurdia eta Zabaletari. Aurrelaria ondo egon da, eta atzelaria bikain. Partida bikaina egin du Zabaletak.
Altunak eta Martijak huts asko egin dute, eta azkar hartu dute aldea markagailuan Ezkurdiak eta Zabaletak. Tanto gutxi galdu dute, gogor egin dute lan, eta azkenean espero baino errazago irabazi dute.
Hirugarren jardunaldian erabakiko dira beraz finala jokatuko duten bi bikoteak.