Ezohiko egutegia izango du denboraldi honetan Beti Onak eskubaloi taldeak, ezohikoa eta bete-betea. Atarrabiako (Nafarroa) taldeak Espainiako Liga, Kopa, Iberiar Superkopa eta Europako Kopa jokatuko ditu. Aurreko denboraldia historikoa izan zen nafarrentzat, Espainiako Kopako finalera iristeaz gain, klubaren historian lehen aldiz Europara sailkatzea lortu baitzuten. Denboraldi polita bezain exijentea dute aurretik, eta, horretarako, taldearen bizkarrezurrari eusteaz gain, fitxaketa batzuk egin dituzte.
Horietako bat da Mica Casasola (Buenos Aires, 1997). Lehen lerroko argentinarrak Galiziako Porriño taldean jokatu zuen lau urtez, eta aurten iritsi da Nafarroako taldera. Gainera, Galiziako taldean sari ezin hobea lortu zuen: aurreko denboraldian Europako Kopako txapeldunorde izatea. Hori guztia emozioz bizi izan zuen jokalari argentinarrak: «Poz-pozik bizi izan genuen Europako ibilbide guztia. Finalera iristea amets bat zen, baina, behin iritsita, txapeldun izan gintezkeela sinetsi genuen».
Orain, ordea, Beti Onak-en dinamikan murgildu da Casasola, eta, zenbait urte Porriñon aritu ostean, taldearen jokora egokitu behar izan du: «Ongi egokitu naiz taldera. Hasieran beldur nintzen, urte asko baineramatzan jende berarekin jokatzen, eta entrenatzaileak nahi zuen horretara ohituta. Nahiz eta liga berean aritu, banekien egokitzapena zaila izango zela, taldeari dagokionez ez baita mugimendu handirik izan, eta beti gehiago kosta ohi da bakarrenetakoa izatean. Halere, pertsona talde on eta profesional bat aurkitu dut».
«Ongi egokitu naiz taldera. Hasieran beldur nintzen, urte asko baineramatzan jende berarekin jokatzen, eta entrenatzaileak nahi zuen horretara ohituta»
MICA CASASOLABeti Onak-eko jokalaria
Ligari hasiera Malagaren aurka emango diote, etzi, 20:00etan, Atarrabian. Espainiarrek ere Europan jokatuko dute denboraldi honetan, eta horrek lehia are interesgarriagoa egiten du. Casasolak irabazteko gakoak aipatu ditu: «Gustatuko litzaiguke norgehiagokaren amaierara garaipenaren alde borrokatzeko moduan iristea. Malaga talde indartsua da, eta, nahiz eta jokalari asko dauzkaten, uda honetan ongi indartu dute taldea. Hala ere, etxean jokatuko dugu lehen norgehiagoka, eta aurretik partida asko jokatu ez izanak mesede egin digu, eurek gu aztertzeko aukera gutxiago izan baitute. Partida zaila izango da, baina puntuak lortzen saiatuko gara.
Denboraldiaurrea «exijentea» izan dela nabarmendu du: «Denboraldiaurre gogorra eta ona egin dugu. Egia da nahi baino jokalari garrantzitsu gehiago izan ditugula min hartuta, eta hobeto ere has gintezkeela. Baina jokatzeko moduan gaudenak borrokatuko gara, eta lehian erakutsiko dugu denboraldiaurrean egin dugun hori».
Aurtengo denboraldia ezohikoa izango da taldearentzat, lau txapelketa jokatuko baititu. Casasolak duen esperientzian oinarrituta hitz egin du: «Ilusioa sortzen duen urtea dugu aurretik, baina, era berean, norgehiagoka asko izango ditugu, eta horrekin batera bidaia ugari». Taldea ere motibatuta aurkitu du: «Taldea gogoz ez balego, zaila izango zen datorkigun guztiari aurre egitea. Aurreko denboraldia ikaragarria izan zen, eta oraindik ere aurrera jauzi gehiago egin daitezke».
Buruz indartsu izan beharra
Casasolak badu esperientzia Europako Kopan: «Aurreko denboraldian, Porriñorekin, Turkia, Grezia eta halako herrialdeetara bidaiatzea egokitu zitzaigun, eta ez genekien zer aurkituko genuen han. Egokitzea gakoa izan zen horretarako; izan ere, ligan eta Europan jokatzen duzu, eta, ondorioz, bidaietan ere larri ibili ohi zara». Psikologikoki horrek duen pisua ere aipatu du: «Buruz indartsuak izan behar dugu derrigorrez. Hori izango da lehiaketa guztietan ongi aritzeko gakoa; gainontzean, urteak luze jo dezake».
Beti Onak-en eskaintza jaso, eta argi zuen: «Ez nuen zalantzarik eduki. Egia da Porriñotik joatea ez zela erraza izan: urrunetik nator, eta hura nire bigarren etxetzat daukat, eta bertan oso eroso nengoen. Baina Macarena Sans eta Ayelen Garcia ere lagun handiak ditut, eta haiek urte asko daramatzate hemen. Erreferentzia oso onak eman zizkidaten taldearen inguruan, eta, hala, erraza egin zitzaidan erabakia hartzea. Nik ere erronka berri baterako gogoa nuen».
«AUrreko denboraldia ikaragarria izan zen, eta oraindik ere jauzi gehiago egin daitezke»
MICA CASASOLA Beti Onak-eko jokalaria
Taldea aldatzearekin batera, entrenatzaile berria ere badu. Miguel Etxeberriak urteak daramatza Beti Onak zuzentzen, eta Casasolak aurreikusten du taldean zer rol izango duen: «Talde oso gaztea dugu, eta, nahiz eta oraindik 28 urte izan, beteranoetako bat naiz. Beraz, Argentinako selekzioan eta Europan jokatuta bildutako esperientzia hori baliatzen eta erakusten saiatu behar dut. Oso profesionala naiz, eta hala izatea gustatzen zait, bai kantxan, bai kantxaz kanpo. Aldaketa asko egon dira niretzat, baina badakit kantxan erreferentea izan behar dudala, eta lider izaten saiatuko naiz».