Isilpean iritsi da buruz buruko txapelketara Jon Ander Albisu (Ataun, Gipuzkoa, 1990), ezustean. Ate-joka zebiltzan pilotarietako bat zen, baina berak ere ez zuen aukera hori hain azkar espero; oraindik ez du ezta urtebete egin profesional gisa. Bigarren Mailakoan zuen lekua aurten, baina azkeneko unean ireki zaio atea. Aritz Beginok uko egin dio jokatzeari, kailuko arazoak dituelako, eta haren lekua hartuko du Albisuk. Lehen Mailako atzelari txapeldunaren ordez, Bigarren Mailako txapelduna ariko da, beraz.
Final-hamaseirenetan ekingo dio probari, eskaileraren lehenengo mailan. Ezkarain egingo du debuta (Errioxa, Espainia), igandean, David Merinoren kontra. Atzo aukeratu zituzten norgehiagokarako pilotak. Merino II.ak 103,8 eta 104,5 gramoko pilotak aukeratu zituen. Albisuk pilota astunagoen alde egin zuen: 104,9 eta 105,3 gramokoak. Partida gogorra espero da. Bi jokalariek antzeko jokoa dute, eta pilotakada askoko lehia izango da. Fisikoki hobekien eusten dionak irabaziko du.
Merino II.ak asko hobetu du binakako txapelketan zehar, Juan Martinez de Irujoren gerizpean ikasita. Errioxarrak etxetik gertu jokatuko du, eta harmailetan haren aldeko zale gehiago izatea litzateke normalena. Horrek presioa kenduko dio Albisuri, eta galtzekorik ezer ez duela atera beharko luke kantxara. Aurreko emaitzak, gainera, Asegarcekoaren alde daude: iazko sanmateotan elkarren kontra zuten biek buruz buru, eta faboritoa Merino II.ak zirudien orduan, baina gipuzkoarrak oso partida serioa jokatu, eta irabazi zion, 22-20.
Etorkizunerako harribitxia
Ezustean eta errebotez iritsi bada ere, Albisu prest dago erronkari aurre egiteko. Pilotari indartsua da, hanka sendoak ditu, eta jotzailea da. Airez ere moldatzen da, eta defenditzeko garrantzitsua izaten da hori buruz burukoan. Bigarren Mailako binakako txapelketan jokatu dituen partidetan argi utzi du tantoan agintzea gogoko duela. Profesionaletako ibilbidea laburra duen arren, ez da harritzekoa Asegarcek haren aldeko apustu garbia egin izana. 20 urte besterik ez du, baina enpresak etorkizunerako harribitxitzat dauka. Etorkizuna ez ezik oraina ere baduela erakutsi du aurreko hilabeteetan. Buruz buru ere kontuan hartzekoa dela erakutsi beharko du igandetik aurrera.
Merino II.aren partidatik harago begiratzerik ez dagoen arren, zaila da arretarik ez jartzea haren adarrean. Aimar Olaizola dago zain final-zortzirenetan, eta ondoren, Irujo. Oparia, eta gozatzeko aukera biak. Baita sustoren bat emateko parada ere. Olaizola II.a ez da fio, eta bi atzelarien jokoa eta sasoi ona goraipatu ditu.
Aurtengo binakako bi txapelketak luze bezain gogorrak izan dira, eta txikizioak egin dituzte pilotarien osasunean. Albisu ere eskuetatik justu samar ibili zen Bigarren Mailako ligaxkan, eta Ibai Zabalak ordezkatu zuen partida batean. Bukaerara, baina, sasoiko iritsi zen, eta finalean itxura ona eman zuen, Mikel Olaetxea bikotekide zuela. 22-16 irabazi zuten, eta profesionaletako lehenengo txapela jantzi zuen ataundarrak.
Garaipen horrek, gainera, bihotzean zeraman arantza bat kentzeko aukera eman zion. Lehen Mailako binakakoan aritzeko ilusioa amesgaizto bihurtu zitzaion berehala. Oinatz Bengoetxearekin ligaxkako partida erabakigarria jokatu zuen, Patxi Ruiz ordezkatuz. Hurrengo faserako bidea eginda zeukatela zirudien, hamar tanto egitea nahikoa zutelako. Xala-Barriolak, baina, zortzi tantotan utzi zuten bikotea. Gipuzkoarrak ez zuen aparteko errurik izan, baina kolpe latza izan zen gaztearentzat.
Haurretatik pilotarekin lotura izateari garrantzia ematen dio Albisuk. Herriko haurrekin eta gazteekin ari da Ataungo pilota eskolan. Ez da halako lanetan aritzen den pilotari bakarra. Gaztetxoenentzat pizgarria izaten da profesional baten aginduen pean ikastea, eta horiek esku pilotara ekartzeko modua ere bada. Pilotariak ispilu paregabea dira gazteentzat, eta irakasteko asko izaten dute haien hezkuntzan. Esku pilotaren etorkizuna lantzeko pertsona ezin aproposagoak dira, eurek inork baino hobeto ezagutzen baitute nolakoa den mundu hori.
Ezustean, baina prest
Buruz buruko txapelketan lehen aldiz ariko diren sei pilotarietako bat da Jon Ander Albisu. Aritz Beginoren lekua hartuko du, eta lehiatzeko prest dagoela erakutsi nahi du. Igandean du debuta, David Merinoren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu