Ezustekoa ematera

Bi aldiz soilik irabazi du Osasunak Santiago Bernabeun, baina Mourinhoren taldea ezustean harrapatu nahi du, gaur

Iruñea
2010eko irailaren 11
00:00
Entzun
Ez dago zalantzarik: gaur iluntzean Santiago Bernabeun jokatuko den norgehiagokan Osasuna ez da faboritoa. Ligan gorritxoek Real Madrilen zelaian jokatutako 32 aldietan bi garaipen besterik ez dituzte lortu nafarrek. Bost aldiz berdindu dute, eta beste 25 partidetan, ordea, galdu. Azken zortzi urteetan Jose Mourinhok zuzendutako taldeek (Oporto, Chelsea eta Inter) etxean jokatutako liga partida bakar bat ere ez dutela galdu aintzat hartuz gero, are eta zailagoa dirudi erronkak nafarrentzat, eta apustuak Real Madrilen alde daude nabarmen: gorritxoen garaipen baten alde jokatutako euro bakoitzeko hamalau itzultzeko prest daude Internet bidezko apustu etxeak. Hargatik, Osasunak ez du aldez aurretik etsita zelairatu nahi, eta jardunaldiko ustekabea eman nahi dute gorritxoek.

«Real Madrili Santiago Bernabeun irabaztea zaila dela badakigu, baina garaipenaren bila zelairatuko gara gu. Zelai guztietara asmo horrekin irteten gara, eta lehia hau ez da ezberdina izango», esan zuen atzo Jose Antonio Camacho Osasunako entrenatzaileak. Haren esanetan, «Espainiako futbolean Nou Campen aritzearekin bat Santiago Bernabeun aritzea da gauzarik handiena jokalariarentzat», eta Camachok jakin badaki berak entrenatutakoak motibazio ikaragarriarekin zelairatuko direla. «Azken bi denboraldietan bezain dotore jokatu eta aurrealdean gehiago asmatzea gustatuko litzaidake. Futbolean gola sartzea da garrantzitsuena, eta eraginkorragoak izan behar dugu erasoko aukeretan», esan zuen jarraian gorritxoen entrenatzaileak. Orain bi denboraldi Perez Burrull epaileak Juanfrani egindako bi penalti argi adierazi izan balitu, Osasunak garaipena gertu izango zuela badaki Camachok, eta iragan sasoian ere Santiago Bernabeun ezustekoa ematetik gertu izan ziren gorritxoak, markagailuan bi aldiz aurretik jarri ostean Masud irandarrak huts egindako aukera ezin argiago batek eman baitzion Real Madrili irabazteko eta ligaren lehian jarraitzeko aukera.

Osasuna ez zen Real Madril baino gutxiago izan Santiago Bernabeura egindako azken bi bisitetan, baina bi aldietan hiru puntuak espainiarrentzat izan ziren: 3-1 irabazi zuten orain bi urte, eta 3-2 gailendu ziren iragan maiatzean jokatutako norgehiagokan. «Partida negargarria jokatu eta irabaztea nahiago dut nik», esan zuen herenegun Natxo Monrealek azken bi denboraldietan Real Madrilen aurka partida dotoreak jokatu dituztela gogorarazitakoan. Osasunako ezker hegaleko atzelariak badaki futbolean puntuek bakarrik balio dutela. Eta Camacho ere Monrealen antzera mintzatu zen atzo: «Nik ere bat egiten dut filosofia horrekin. Normalean joko onaren ondorioz iristen dira garaipenak, baina zortea izatea ere garrantzitsua izaten da batzuetan, eta aurkaria baino okerrago aritu arren irabaztea posible da. Dena dela, Osasuna entrenatzen dudanetik gutxitan gertatu zaigu hori, alderantzizkoa gehiagotan suertatu da», esan zuen atzo Taxoaren gorritxoen entrenatzaileak.

Cristiano Ronaldo hasieratik

Osasunako jokalariek albiste ontzat jo dute aste osoan Cristiano Ronaldo min hartuta egotea, baina azkenean inork uste baino lehenago osatu zaio orkatila portugaldarrari, eta deialdian egoteaz gain, hasieratik ariko da gaur Osasunaren aurka Cristiano Ronaldo, atzo Mourinhok baieztatu zuenez. Real Madrileko entrenatzaileak, gainera, aurrelari portugaldarra babesteko eskatu zion Teixeira Vitienes epaileari, batere lotsarik ez duela erakutsiz. Gorritxoentzat ez da albiste oso ona -iragan maiatzean jokatutako lehian Cristiano Ronaldok sortu zizkion Osasunari arazo gehien-, baina Camachok argi utzi zuen atzo portugaldarraren parte-hartzeak ez duela ezer aldatzen. «Real Madrilen jokoa aztertzeko ikusi ditugun bideo guztietan Cristiano Ronaldo zelaian zegoen, eta, beraz, ez gaitu ezustean harrapatuko», adierazi zuen Osasunako entrenatzaileak. Teixeira Vitienes epaileak Mourinhoren eskaera zorrotzegi betetzeak gauzak alda ditzake, dena dela.

Osasunari dagokionez, Camachok hiru aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan, ligako aurreneko jardunaldian Almeriaren aurka hasieratik jarritako taldearekin alderatuz gero. Josetxo eta Sergio erdiko atzelariak min hartuta daude, eta Miguel Flaño eta Lolo jardungo dira haien ordez. Horrez gain, ordea, Walter Pandiani aurrelariaren ordez, Patxi Puñal kapitaina sar dezake Camachok hamaikakoan, Sorianori erasora joateko askatasun handiagoa eman eta zelai erdia indartzeko asmoz. Gauzak hala, Lolok, Sevillatik etorritakoak, estreinako aldiz jokatuko du Osasunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.