Oriok pronostikoak bete ditu emakumezkoetan, eta nagusitasunez irabazi du Kontxako Banderako sailkatze estropada. Oriotarrek 11.12,92ko denbora egin dute; Arraun Lagunak 18,14ra sailkatu da; Hibaika, 22,10era; Zumaia, 25,72ra; Hondarribia, 29,80ra; San Juan, 29,96ra; eta Riveira, 32,18ra.
Orio, Arraun Lagunak, Hibaika, Zumaia, Hondarribia, San Juan eta Riveira sailkatu dira. Arrauneko neskak kaira sartu diren unea duzue ikusgai #arrauna#Kontxa19pic.twitter.com/89BBYRQnmw
— Irutxuloko Hitza (@irutxulo) August 29, 2019
Hain zuzen, azken talde hori ez beste, Euskal Herrikoak dira beste guztiak, Gipuzkoakoak. Gaur sailkatu diren zazpiekin batera, Donostiarra ere lehiatuko da hurrengo bi igandeetan, irailaren 1ean eta 8an, Kontxako Bandera irabazteko estropadan.
Iazko ekitaldiaren aldean, Hondarribia eta Zumaia dira berritasunak, Kaikuren eta Tolosaldearen kaltetan. Aukerak izan baina kanpoan geratu direnen artean daude azken bi horiek, hain zuzen, Deusturekin batera. Aipagarria da Galiziako hiru traineru lehiatu direla, eta Mecos eta Cabo geratu direla kanpoan.
Igandeko estropadarako zozketak ere egin dituzte. Lehen txandan arituko dira Orio, Hondarribia, Donostiarra eta Hibaika. Bigarren txandan, berriz, Riveira, Pasai Donibane, Zumaia eta Arraun Lagunak aterako dira.