«Faborito argia dago aspaldiko partez: Frantzia; koska bat gorago dago»

Lau euskal jokalari ariko dira Austrian, laurak Espainiarekin: Iker Romero, Eduardo Gurbindo, Mikel Agirrezabalaga eta Julen Aginagalde. BERRIAk pibot irundarrarekin hitz egin du.

Julen Etxeberria.
Donostia
2010eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Bazuen gogoa Julen Aginagaldek (Irun, Gipuzkoa, 1982) selekzioen arteko txapelketa handi bat jokatzeko. 2008an Norvegiako Europako Txapelketan aritu zen, baina ordutik ezer ez. Atarian, azkeneko galbahea gainditu ezinik, geratu zen 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan eta 2009ko Kroaziako Munduko Txapelketan. Ez da harritzekoa «lehiatzeko irrikan» egotea.

Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan aurre-selekzioan geratu zinen. Oraingoan, ordea, lortu duzu toki bat egitea. Espero zenuen?

Itxaropena banuen, noski. Aurreko bi txapelketa garrantzitsuetan hortxe, azken zerrendan sartzekotan ibili ondoren, banuen esperantza hirugarrenean helburua lortzeko.

Ciudad Realen egoteak izan du zerikusirik horretan?

Ez dakit. Agian, hala da, eta Ciudad Realen gisako talde handi batean aritzeak izan du zerikusirik. Erakusleiho bikaina da, hori argi dago. Gainera, ondo ari gara, bai taldea bai ni neu.

Espainiako selekzioak hautatzaile berria du: Valero Rivero. Aldaketa nabari da?

Bai, Valero oso zorrotza da, diziplina nahi du guztiaren gainetik. Aurreko hautatzaileek ere gustuko zuten ordena, baina Valerorentzat funtsezkoa da.

Aulkian ez ezik, jokalarien artean ere badaude berritasun dezente. Beste talde bat zarete?

Ez nuke hainbeste esango. 2009ko Munduko Txapelketarekin alderatuta, zortzi jokalari berri gaude, baina gure oinarria bera da. Ez da izan iraultzarik.

Zein da Espainiako selekzioaren helburua Europako Txapelketan?

Partidaz partida joan. Orain, lehen partidan Txekiari irabaztea beste helbururik ez dugu. Gero gerokoak.

Aurkari samur gutxi dago.

Batere ez. Eskubaloian, Europako Txapelketa da lehiaketarik zailena, gogorrena. Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan beti egon ohi dira selekzio apalak, baina Europako Txapelketan bat ere ez. Denak dira onak. Apaingarri gutxi dago hemen.

Frantzia omen da faboritoa. Ados?

Bai. Faborito argia dago aspaldiko partez: Frantzia: Besteok baino koska bat gorago dago. Olinpiar eta munduko txapelduna da, eta, gainera, sasoiko dago.

Eta Frantziaren atzetik nor?

Selekzio asko. Danimarka, Kroazia, Alemania, Espainia...

Zuk zer helburu duzu?

Ahal den lan onena egitea. Baina nire helburuen gainetik, taldearenak daude.

Zure kirol ibilbideko unerik onenean zaude?

Bai. Nire taldea ondo ari da, nik ere Europako Txapelketan tokia lortu dut... Pena oraindik ez dudala titulurik irabazi. Superkopan eta Asobal kopan galdu egin genuen Bartzelonaren aurka. Egia esanda, uste nuen denbora gutxiago beharko nuela Ciudad Realekin titulu bat irabazteko. Zorionez, oraindik hiru irabaz ditzakegu: Asobal liga, Espainiako Kopa eta Txapeldunen Liga. Ziur guztiak irabazteko borrokatzen ariko garela.

Azken urteetan koskak igo besterik ez duzu egin. Bidasoatik Ademarrera joan zinen, eta Ademarretik Ciudad Realera.

Gogor egin dut lan, eta lan horrek fruitua eman du. Hala ere, oraindik asko dut ikasteko eta hobetzeko.

Kanpotik klub handia dirudi Ciudad Real. Barrutik ere hala da?

Bai, oso ondo antolatuta dago dena, erabat profesionala da.

Eta taldea? Oilar asko dago bertan?

Jendeak badu irudipen hori, oilar asko dagoela eta bakoitza bere kasa doala. Baina ez, oso giro ona dugu, eta errespetua da nagusi.

Talant Duixebaeven eskuak izango du zerikusirik ezta?

Hala da. Entrenatzaile bikaina da, eta guztiaren gainetik, justua. Harentzat denak gara berdinak, denak tratatzen gaitu berdin. Oso exijentea da, noski, baina konfiantza handia helarazten dizu. Horregatik diogu denek hainbesteko errespetua.

Ondo egokitu zara, beraz.

Bai, uste baino hobeto. Taldekide batzuk ezagutzen nituen jada, eta horrek ere asko laguntzen du. Oso gustura nago, eta, gainera, bai taldea bai ni neu ondo ari gara. Ez dut kexarik.

Rolando Uriosek utzitako hutsunea betetzeko fitxatu zaitu Ciudad Realek. Ez da lan samurra, munduko pibot onenetakoa izan baita kubatarra. Luzea da haren itzala?

Ez naiz etorri Urios ahantzarazteko, hori ezinezkoa da. Nire lana ahal dudan ondoen egitera etorri naiz, eta, oraingoz, uste dut ondo ari naizela. Entrenatzailea ere pozik dago nire lanarekin. Hala ere, ezin naiz lasaitu, badakit ekarpen handiagoa egin dezakedala.

Ekarpen handiagoa zertan?

Orain arteerasoan bakarrik jokatu dut; defentsan, ezer gutxi. Zergatik? Taldean defentsako espezialistak daudelako, elkarrekin denbora asko jokatzen daramatenak. Baina nik ere defentsan jokatu nahi dut, pibot osoagoa izan nahi dut, eta hori lortzeko egingo dut borroka.

Gurutz anaia eta zu Asobal ligan, bata Logroñon eta bestea Ciudad Realen, eta biak lan bikaina egiten. Bidasoa, ordea, Ohorezko B Mailan.

Beno, klubek aroak izan ohi dituzte, eta Bidasoari orain Ohorezko B Mailan aritzea egokitu zaio. Ea gora egiten duen, eta merezi duen tokira itzultzen den. Anaiak eta biok beti izango dugu bihotzean Bidasoa, hari esker gaude hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.