Samantha Stosurrek borrero jantzia erantzi gabe jarraitzen du Roland Garrosen. Justine Henin eta Serena Williams, Parisko lur harrotuan irabazteko bi faborito nagusiak, utzi ditu bidean australiarrak. Astelehenean, belgikarra, Roland Garros lau aldiz irabazitakoa, makurrarazi zuen, final-zortzirenetan. Atzo, berriz, estatubatuarra, WTAko eta Roland Garroseko lehen zerrendaburua kanporatu zuen final-laurdenetan: 6-2, 6-7 eta 8-6. Garaipena, eta finalerdietara pasatzea. Iaz ere finalaren atarikora iritsi zen Stosur, baina Svetlana Kuznetsovak kanporatu zuen -errusiarrak titulua irabazi zuen gero-. Aurten, ordea, goia jo nahi du, eta lehen aldiz Grand Slam torneo bateko finala jokatu. Jokatu, eta irabazi, noski.
Horretarako, baina, Jelena Jankovic serbiarrari irabazi beharko dio gaur -Jankovicek Jaroslava Xvedova kazakhstandarra gainditu zuen atzo (7-5 eta 6-4), eta hirugarren aldiz ariko da Roland Garroseko finalerdietan-. Faborito argirik ez dago -bi aldiz jokatu dute elkarren aurka aurten, eta bakoitzak bat irabazi du-, baina Stosur konfiantzaz lepo dago, are gehiago atzo Serenari nola irabazi zion kontuan hartuta, partida galtzeko puntu bat saihestuta, hain zuzen ere. Australiarraren eta serbiarraren arteko finalerdietako irabazleak Elena Dementieva edo Francesca Schiavone izango du aurkari. Errusiarrak eta italiarrak jokatuko dute lehen finalerdia gaur. Partida horretan ere ez dago faborito argirik.
Nadal aurrera, Djokovic kalera
Gizonezkoen finalerdiak, berriz, bihar jokatuko dira. Robin Soderling suediarra eta Tomas Berdych txekiarra ariko dira lehenbizi, eta Rafa Nadal balearra eta Jurgen Melzer austriarra jarraian. Azken bi jokalariok atzo sailkatu ziren finalerdietarako, Nicolas Almagro espainiarra eta Novak Djokovic serbiarra kanporatuta. Azken horren kanporatzea izan zen eguneko beste ustekabekoa, serbiarra torneoko hirugarren zerrendaburua baitzen. Are gehiago, partida nola hasi zuen ikusita. Izan ere, lehen bi setak aise irabazi zituen (3-6 eta 3-6). Baina hortik aurrera ezinean aritu zen. Ondorioa: Melzer nagusitu zen hurrengo hiru setetan (6-2, 7-6 eta 6-4), eta finalerdietan sartu.
Nadalek, berriz, izerdia bota behar izan zuen, Almagrok estu hartu baitzuen. Horren erakuste, lehen bi setak tie-break-ean erabaki izana. Balearrak, baina, ez zuen huts egin.
Faboritoen borrero
Roland Garroseko finalerdietan ariko da Stosur, Serena Williams lehen zerrendaburuari irabazi ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu