Sasoi honetako Miarritzen zerbait gertatzen ari da. Batek baino gehiagok galduta ikusiko lukeen partida irabazi zuten Jean Mixel Gonzalez eta Jack Isaacen jokalariek. Partida hastapenetik 23 minutu bakarrik pasatu zirelarik, oso maldan gora zuen partida Agilerako taldeak, 21-0 galtzen zihoalako. Baina, pixkanaka, partidan sartzea lortu zuen Miarritzek, eta azkenean irabazi zuen.
Atzoko partida Patrick Pechambert epaileak ateratako txartel horiek baldintzatu zuten. Partidako entsegu guztiak talde bat ala beste jokalari bat gutxiagorekin ari zelarik ikusi ziren. Lehen zatian, erraterako, Sylvain Marconneten txartela garesti ordaindu zuen Miarritzek. Perpinyak hurrenez hurren hiru entsegu sartu zituen, uztartzeari esker lehenik, eta Mermoz eta Michelen eskutik gero.
Lehen zatia gaizki abiatua zen, baina oren erdian Choulyri atera zion txartela. Miarritzek ederki baliatu zuen aukera, Guyotek entsegua sartu baitzuen, eta Yachvilik zigor kolpea. Atsedenaldia iristerako, bere berantaren erdia jana zuen etxeko taldeak, eta21-10 ezarri zen.
Miarritzeko aulkiaren indarra
Bigarren zatian, Perpinya oso arriskutsu agertu zen. Jokaldi ederrak egin zituen, fin ari ziren Edmonds, Mermoz eta Candelonekin. Entsegua oso hurbil izan zuen, baina partida hiltzeko aukera ez zuen baliatu.
Horrelakoetan gertatzen den bezala, Miarritzek ez zuen barkatu. Jean Mixel Gonzalezek aulkia mugitu zuen, eta Lund, Lauret eta Augusten sarrerek aitzinean patxada eman zioten Miarritzeri. Lakafiak entsegua sartu zuen, eta ondotik Yachvilik zigor kolpea erantsi zuen, Martyren txartel horia baliatuz: 21-20.
Azken minutuetan Yachvilik zigor kolpe preziatua sartu zuen: 23-21. Porical, Trafalgar kolpea egiten saiatu zen azken minutuetan, baina bere dropa kanpora joan zen, Agileraren pozerako.
Fedeak eman dio garaipena
Miarritze 21-0 hasi da galtzen, baina buelta eman dio Yachvilik azken unean sartutako zigor kolpeari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu