pilota

Fernando Goñi iazko atzelari txapelduna baztertu egin dute Binakako Txapelketatik

Aspe enpresak dio "berrikuntzaren aldeko apustua" egin duela. Olaizola II.a-Mendizabal II.a, Olaizola I.a-Ruiz, Bengoetxea VI.a-Beloki, Berasaluze VIII.a-Begino, Irujo-Beroiz, Gonzalez-Laskurain, Titin III.a-Pascual eta Xala-Zubieta ariko dira torneoan; urtarrilaren 5ean edo 6an hasiko dira. Sake bakarra egongo da partidatan; 2010eko txapelketa denetan ere bai.

2009ko abenduaren 30a
16:48
Entzun
Aurki ekingo diote Lehen Mailako Binakako Txapelketari -urtarrilaren 5ean edo 6an, gaurko aurkezpenean iragarri dutenez-, baina aurten ez du jokatuko iazko bikote txapelduneko atzelariak: Fernando Goñik. Izan ere, haren enpresa Aspek ez du hautatu, lehengo astean bertan kontratua urtebeterako berritu zion arren.

"Berrikuntzaren aldeko apustua" egin duela esan du Aspek gaur, eta Aitor Zubieta (25 urte) eta Mikel Beroiz (20 urte) aukeratu dituela oraingorako. Goñik 36 urte dauzka. Aspek hautatutako beste bi atzelariak: Aritz Laskurain (30 urte) eta Iñigo Pascual (33).

Juan Martinez de Irujorekin irabazi zuen iaz binakako txapela Goñik. Irujo 2010eko txapelketan ere izango da.

Denera zortzi bikotek jokatuko dute: Asergarce enpresako lauk: Olaizola II.a-Mendizabal II.a, Olaizola I.a-Ruiz, Bengoetxea VI.a-Beloki eta Berasaluze VIII.a-Beginok. Aspetik beste lauk: Irujo-Beroiz, Gonzalez-Laskurain, Titin III.a-Pascual eta Xala-Zubietak. Guztiak guztien aurka ariko dira lehen fasean. Oraindik ez dute zehaztua zein bikote izango diren estrainekoan. Finala, apirilaren 4an.

Aurtengo berrikuntza: partidatan sake bakarra egongo da, ez dute bigarrenik izango. Sistema hori erabili berri dute Mastersean, eta 2010eko txapelketa denetan ere hala izango dela jakinarazi dute gaur, Donostian, Kursaalean egindako aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.