FIFAk gutxienez 90 egunerako zigortu du Rubiales, behin-behinean

Futbolarekin zerikusia duen edozein ekintzatan parte hartzea debekatu dio, Munduko Kopan izandako jokabideagatik

Luis Rubiales, herenegun Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan egindako agerraldian. EFE.
Julen Etxeberria - Beñat Mujika Telleria
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak jaso du jada lehen zigorra Munduko Txapelketan izan zuen jokabideagatik. Nazioarteko Futbol Federazioko (FIFA) Diziplina Batzordeak gutxienez 90 egunerako zigortu zuen atzo Espainiako Futbol Federazioko presidentea, behin-behinean. Futbolarekin zerikusia duen edozein ekintzatan parte hartzea debekatu zion. Pedro Rochak ordeztuko du behin-behinean.

Jorge Ivan Palacio FIFAko Diziplina Batzordeko presidenteak jakinarazi zuen erakunde horrek zer neurri hartu duen Rubialesen aurka. Ostegunean, FIFAk espedientea ireki zion, eta atzo, berriz, auzia aztertu arte zigortu.

Gutxienez 90 egunerako zigortzeaz gain, FIFAk debekatu egin die Rubialesi eta haren ingurukoei Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko jokalariarekin harremanetan jartzea. Espainiako Federazioko langile guztiei zabaldu die debekua FIFAk.

Rubialesek musu bat eman zion ezpainetan Hermosori haren borondatearen aurka, Espainiak Munduko Kopa irabazi osteko domina banaketan. Aurretik, keinu itsusiak egin zituen palkoan. Rubialesen arabera, galdetu egin zion Hermosori ea musua eman ziezaiokeen, eta jokalariak baietz erantzun zion. Hermosok, baina, hasieratik adierazi zuen ez ziola baimenik eman.

Rubialesek dimisioa aurkeztea espero zen ostiralean, baina ez zuenez egin, hura kargutik kentzeko prozedurak hasi zituen FIFAk, baita Espainiako Gobernuak ere.

Dimisioa ez eman izanak beste ondorio batzuk ere ekarri ditu, ordea. Emakumezkoen futbol taldeko talde teknikoko kide gehienek kargua utzi zuten atzo. Jorge Vilda hautatzaileak ez du dimisioa eman, ordea. Rubialesen ondoan egon da egun hauetan guztietan, eta, hark esan zuenean ez zuela dimisioa aurkeztuko, txalo egin zion. Atzo, aitzitik, komunikatu bat atera zuen haren «jarrera desegokia» salatzeko.

«Eraso baten biktima»

Asteazkenean, Hermosok «neurri zentzagarriak» hartzeko eskatu zuen, Futpro haren sindikatuaren bidez. Baina Rubialesek bere bertsioari eusten ziola ikusita, gogorrago mintzatu zen Futprok zabaldutako agiri batean. Hartan, «zaurgarri eta eraso baten biktima» sentitu zela salatu zuen: «Ekintza oldarkor eta matxista baten biktima izan nintzen, lekuz kanpo zegoen, eta ez zegoen inolako baimenik tartean». Ez hori bakarrik. Adierazi zuenez, «etengabeko presiopean» egon da, Rubialesen «ekintza tamalgarria» justifikatzeko adierazpenak egin zitzan. Horregatik debekatu die FIFAk Rubialesi, haren ingurukoei eta Espainiako Federazioko langileei Hermosorekin harremanetan jartzea.

Espainiako selekzioko jokalariak hainbat futbolari eta futbolari ohiren babesa izan du. Horien artean daude Espainiako selekzioarekin Munduko Kopa jokatu duten Euskal Herriko bi futbolariak: Irene Paredes eta Oihane Hernandez.

Espainiako Kirol Auzitegi Administratiboa (TAD) bihar elkartzea espero da, Gobernuko Kirol Kontseilu Gorenak jarritako salaketa aztertzeko. Behin-behinean kargutik kentzeko eskatu zion hark.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.