LABURRAK
- FIFAk Sneijderri eman dio Brasilen aurkako banako gola. FIFAk erabaki du Herbehereek Brasilen aurka sartutako banako gola Wesley Sneijderrek egin zuela eta ez Felipe Melo brasildarrak bete atean. 2-1ekoa ere Sneijderrek sartu zuen. Ondorioz, lau daramatza mundialean.
- Van Persieri eta Mathijseni mediku azterketa. Robin Van Persie Herbehereetako aurrelaria eta Joris Mathijsen zentrala erietxera joan dira gaur, mediku azterketa egitera. Van Persiek besoak du min, Mathijsenek belaunean. Herbehereek asteartean izango dute finalerdia, Uruguairen aurka (20:30). Titularrak dira biak.
- Seropositiboen aldarria futbolean. Lehiaketa guztiak ez dira Munduko Kopako zelai distira eta lustrez beteetan jokatzen. Handik kanpora ere jokatzen dira tamainako txapelketak, eta GIBaren kontrako borroka da horietako bat Hegoafrikan. Mugarik Gabeko Medikuek antolatuta, seropositiboen Halftime futbol txapelketa jokatu da egun hauetan Johannesburgo hiriko erdialdean. Egunero gaixotasun horrekin lehiatzen diren pertsonek osatu dituzte taldeak -izan seropositiboak, izan mediku eta laguntzaileak-, eta aldarrikapen baten inguruan bildu dira guztiak: gogor salatu dute GIB gaixotasunari aurre egiteko nazioarteak emandako diru laguntzen murrizketa.
- Ghanakoak etxera afaltzera gonbidatu ditu Mandelak. Ghanakoak ia iritsi dira finalerdietara, eta haiei omenaldia egin nahi die Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiak: bere etxera gonbidatu ditu gaur afaltzera. Afrikaren alde egindakoa eskertu nahi die.
- Thuramek dio Evrak ez lukeela gehiago jokatu beharko Frantzian. Frantziako selekzioko giro txarraren erantzuleetako gisa jota, Patrice Evrak ez luke gehiago jokatu beharko han, Lilian Thuram selekzioko kide ohiaren ustez. Hala esan du jendaurrean.
ESANAK
- Bert Van Marwijk (Herbehereetako hautatzailea). "Gure xedea Brasil kanporatzea zela esan nuenean, nitaz trufatu egin ziren batzuk. Zeinek egingo du barre orain?...".
- Jose Mujica (Uruguaiko presidentea). "Gure selekzioa finalerdietara sartzearen emozio hau ezin da hitzekin azaldu".
- Josep Guardiola (Bartzelonako entrenatzailea). "Bartzelonako jokalariak baino gehiago da Espainia. Beste taldeetakoek ekarpen handia egiten diote".
- Carlos Bilardo (Argentinako managerra). "Messiri esan nion, ongi jokatzen badu, oinez jokatuta izango garela txapeldunak. Eta, erdipurdi jokatzen badu ere, Munduko Kopa irabazi egingo dugula".
DATUAK
- Alemaniaren mundialetako 200. gola. Thomas Mueller-rek Argentinari sartu diona izan da Alemaniak orain arteko mundial denetan egindako bere 200. gola. Alemania hiru aldiz izan da Munduko Kopako txapeldun eta lau bider txapeldunorde.
- FIFAk 48 ordu eman dizkio Nigeriako presidenteari atzera egiteko. Johnatan Goodluck Nigeriako presidenteak bere herrialdeko selekzioa bi urtez nazioarteko txapelketetatik kanpo uzteko asmoa plazaratu duela-eta -"taldea berregituratzeko"-, FIFAk Goodlucki ohartarazi dio 48 ordu dituela atzera egiteko. Betsela, FIFAk nazioarteko federaziotik bidali egingo du Nigeria. Hemengo gobernuak gaur esan du kasurik ez diola egingo abisuari.
laburrak, esanak, datuak
FIFAk Sneijderri eman dio Brasilen aurkako banako gola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu