Astebete gehiago. Lau t'erdiko txapelketako finala abenduaren 9an jokatuko da, jakina denez, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Enpresek 2an jokatzea nahiago zuten, baina Aimar Olaizolak, bizkarreko minez, astebeteko atzerapena eskatu du, eta EPELeko epaileak onartu egin du. Sarrerei dagokienez, Internet bidez bakarrik erosi ahal izango dira, eta kantxakoek 100 euro balioko dute.
Aimar Olaizolak zuhur hitz egin zuen iragan asteko azken entrenamenduan. Finala atzeratuko zuen ala ez finalerdia jokatu ondoren jakinaraziko zuela esan zuen. Gerora jakin zen, herenegun, hamar egun zeramatzala bizkarreko minez, eta badaezpada ere astebete gehiago eskatu du sendatzeko. Hala, ohiko bi asteak izango ditu finalaren aurretik, bere finalerdia astebete geroago jokatu baitzen Irujoren sukarraren ondorioz.
Enpresek nola edo hala saihestu nahi zuten eguna zen. Batetik, abenduaren 6 eta 8a jaiegunak direlako Hego Euskal Herrian, eta finala zubiaren bukaeran jartzea ez da zaleak erakartzeko modurik onena. Eta bestetik, abenduko egutegia oso kargatuta dagoelako. EPELek bost t'erdiko torneo luzea antolatu nahi du binakakoaren aurretik. Nahiak nahi, finalistaren eskubideek pisu handiagoa izan dute. Oinatz Bengoetxeak ez du gogo txarrez hartu atzerapena, eta gaur bertan egingo du lehen entrenamendu saio berezitua Ogetan.
Finalerako kantxako sarrerek 100 euro balioko dute, iazko finalean baino hogei gutxiago. 2011ko finala Bilbon jokatu zuen, Irujo eta Olaizola II.aren artean. Lehen pisuko harmailakoek, berriz,50 euro balioko dute, eta errebotekoek, 40. Berritasuna salmenta bidean egongo da, Internet bidez bakarrik erosi ahal izango baitira, gaurko 11:00etatik aurrera, www.ticketmaster.es eta www.ticketea.com atarietan. Enpresek gero jasotzen ez ziren erreserbak bukatu nahi izan dituzte. Herenegungo finalerdian, esaterako, erreserbaturiko 170 sarrera inguru gelditu ziren Bilboko pilotalekuko txarteldegian. Internet bidez aurretik ordaintzen da, eta zaleak ez dauka zertan telefonotik zintzilik egon.
Bigarren Mailakoa, 8an
Lehen Mailakoaz gain, Bigarren Mailako finala ere astebete atzeratuko da. Alvaro Untoria sorbaldako minez dago, eta abenduaren 8an jokatuko du Jon Jaunarenaren aurka, Iruñean. Atzeratuko ez dena Lehen Mailakoaren 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida izango da. Berasaluze VIII.ak eta Irujok larunbatean neurtuko dituzte indarrak, Iruñean.
Bestalde, ostiralean San Andres eguna ospatuko da Eibarren, eta Aspek jaialdi erakargarria antolatu du. Estelarrean, Titin III.ak eta Barriolak, Ezkurdia eta Zabaletaren aurka jokatuko dute. Merino II.ak, berriz, jaialdiko aurreneko partida jokatuko du.
Finala 9an jokatuko da
Olaizola II.ak astebete atzeratu du lau t'erdiko finala, eta sarrerak Internet bidez bakarrik erosi ahal izango dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu