SASKIBALOIA. ACB LIGA

Finala behar zuenak, finalerdia

Baskoniak eta Unicajak, ACBko txapela bururatzeko hautagai sendoenek, gaur hasiko dute finalerdia, zalantza askoko kanporaketan

Jon Rejado.
GASTEIZ
2005eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Tau eta Unicaja, txapela lortzeko faborito nagusiak, finalerdietan neurtuko dira gaurtik aurrera. Kanporaketak hasi baino lehen talde indartsuenak ziren, eta askoren ustez finala izan beharko litzatekeena aurreratu egin da. Final-laurdenak igaro ondoren, ordea, bi taldeen egoera ezberdina da oso. Tauk Calderonen lesioari nola egingo dion aurre erakutsi behar du, eta Unicaja, azken hiru partidetako gorakada mantentzeko gai dela frogatzen saiatuko da. Zalantza guzti horiek 20:30etik aurrera argituko dituzte Buesa Arenan (Vocento).

Kanporaketak hasi baino lehen geldiezina zirudien Baskoniak, baina Calderonen lesioak zalantza asko piztu ditu. Prigioniren belaunak hobera egin du, eta partida osoa jokatzeko gai dela agerian gelditu zen Gran Canariaren aurka. Dena den, erritmo berarekin partida osoari aurre egiteko ahaleginak kalte handia egin diezaioke Tauri. Jokalari denek eman beharko dute onena kantxan Calderonen hutsunea estaltzeko. Ivanovicek Vidal eta Nicholas erabili beharko ditu joko banatzaile jardunean, eta entrenamenduetan egoera hori landu badute ere, partidan emaitza ona lortuko den ikusteko dago.

Taldea, jokalarien gainetik

Taldearen gidaritzan egon daitezkeen arazoek kanporaketa gainditzeko giltza bera ere baldintza dezakete. Baskoniak talde lana izan behar du ardatz finalera heltzeko bidean. Gran Canariaren aurka ez bezala, lerro guztietan parekotasuna da nagusi bi taldeen artean, eta horri aurre egiteko modurik onena talde bezala jokatzea da, bai defentsan, bai erasoan. Azken alor hori garrantzitsua da oso, Gran Canariaren aurka buruz buruko jokaldiak sarriegi erabili baitzituzten arabarrek.

Unicaja Baskoniaren zalantzetaz baliatzen saiatuko da kanporaketa bideratzen hasteko. 0-2 aurka zuen kanporaketa gainditu zuten Etosaren aurka, eta konfiantzaz gainezka dago Scarioloren taldea. Garbajosaren maisutasunaz gain, Fran Vazquezek edo Carlos Cabezasek berak maila bikaina lortu dute, eta aurka duten partida bere aldera eramateko gai direla frogatu. Risacherr eta Herrmann hegalekoek ere laguntza handia eman dezakete, Taukoak baino garaiagoak direlako.Finalerdietako lehen partidan ezustekoa emateko bidea badaki Unicajak: Tauri bere jokoa egitea galaraztea. Taktika joko aberatsa erabiliko du horretarako Scariolok. Prigioniri presio itogarria egingo diote, gasteiztarren jokoa eraso joko erosoa izan ez dadin. Hori lortuz gero, partida bideratuta izango dute andaluziarrek. Baskoniak unerik ilunena argitzeko moduko jokalariak ditu, baina Unicaja ez da Gran Canaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.