Eleberri luze bateko azken-aurreko atala irakurtzen hasiko dira gaur pilotari eta pilotazaleak. Binakakoa txapelketa hiru hilabeteko suspense istorio bat da, eta bihar arte ez da argituko zeintzuk izango diren azken atalean agertuko diren bi bikoteak. Aurretik, baina, Irujo-Merinok eta Gonzalez-Laskurainek indarrak neurtuko dituzte gaur, Iruñeko Labriten (17:15, Nitro). Aurrenekoek irabazten badute, lehenak izango dira finalean sartzen.
Iruñeko pilotalekua ez da goraino beteko, baina sarrera ona espero dute. Berrogeita zortzi orduko partida izan daiteke, gainera, emaitzaren arabera biharko partidaren bukaerara arte luzatuko baita emozioa. Kalkuluak egiteko astea izan da pilotariarentzat, eta bi bikoteak zereginak zeintzuk diren ondo jakinda kantxaratuko dira. Ekuazio errazena Irujok eta Merino II.ak dute, irabazita finalera pasatuko direlako. Dena den, galduta ere, sar daitezke; horretarako, hamabost tanto egin behar dituzte, eta bihar Xalak eta Barriolak Olaizola II.aren eta Beginoren aurka irabaz dezatela itxaron.
Gonzalez eta Laskurainen itxaropena, berriz, hamabost tantoen langan dago. Ligaxkan justu-justuan sartu ziren, baina orain behar duten emaitza konbinazioa ez da utopikoa. Gaur, hamabost tanto baino gutxiago jasota irabazi behar dute, eta, bihar, Xalak eta Barriolak irabaz dezaten itxaron. Zaila da oso, baina ez ezinezkoa, eta hori buruan dutela kantxaratuko dira. Txapelketan hamahiru partida jokatu dituzte, eta lau aldiz utzi dituzte aurkariak hamabost tanto baino gutxiagoan. Tartean, baina, ez daude Irujo eta Merino, lehen faseko partida 22-10 galdu baitzuten, Labriten. Gauzak hala, apustuak buruz buruko txapeldunaren alde irtengo dira.
Irujoren motibazioa
Irujo bereziki motibatuta ariko da. Horrela esan du. Txapelketan makina bat arazo fisiko izan ditu, eta binakako hau bere ibilbideko txapelketa gogorrenatzat jo du. Are gehiago, oraindik eskuak minduta ditu, eta partiden tarteko egunetan ezin du entrenamendurik egin. Alboan, Merino txapelketako ustekabeko gozoa izan da. Debutatu berria den arren, lan bikaina egin du, eta borobiltzeko aukera du. Laskurainekin, gainera, aldeko estatistika du, bost aldiz jokatu dute elkarren aurka eta hirutan irabazi dio.
Gonzalezi eta Laskuraini dagokienez, erregulartasun gutxi erakutsi dute txapelketan. Finalerdietako lehen bi partidetan piloteoan agindu zuten, baina ez zioten etekinik atera. Atzelaria ondo-ondo ari da jokatzen, eta Gonzalez ari da arazo batzuk izaten tantoa bukatzeko garaian. Azkainekoak, baina, estutasunetan jartzen du maiz Irujo, eta baliteke gaurkoa egun ona izatea. Beharko du, aurrera egiteko.
Finalera begira daude
Irujo-Merino II.a binakako finalera pasatuko dira gaur Gonzalez-Laskuraini irabazten badiete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu