Ordu asko pasatzen ditu frontoian Frida Watkins puntistak (Zumaia, Gipuzkoa, 2008), eta hantxe elkartu da kazetariarekin, bigarren etxetzat daukan tokian, Aitzuri pilotalekuan. Ezagun ditu inguruan dabiltzan guztiak. Irribarretsu dago, eta ez da gutxiagorako. Astelehenean Winter Series txapelketako finala jokatuko du atzelari zumaiarrak, Erika Mugartegirekin batera, Durangon (Bizkaia). Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi izango dituzte aurkari.Â
Jai Alai ligako txapelketa nagusia da Winter Series, eta lehendabizikoz jokatuko du finala Watkinsek. Hala ere, lasai dago; eta batez ere, gogotsu. «Nahiago dut buruari buelta askorik ez eman. Torneo garrantzitsuena da; jokatze hutsa pozgarria da, eta finalera iristea... oraindik hobea. Oso pozik nago».
Haren kide den Mugartegiren lana goraipatu du: «Harreman ona dugu, eta hainbat txapelketa jokatu ditugu elkarrekin. Oso ondo jokatzen dugu batera, eta poz handia hartu nuen harekin arituko nintzela jakin nuenean».
Esan, eta egin. Final-laurdenetan Lur Lejardi eta Maialen Aldazabal kanporatu zituzten (15-14 eta 15-10), eta finalerdietan Elaia Gogenola eta Eneritz Lizardi (15-6, 8-15 eta 3-5). «Bi kanporaketak antzekoak izan ziren. Apalegi kantxaratu ginen bietan, eta hasieran kostatu egin zitzaigun». Hain zuzen, finalerdietan galdu egin zuten lehen seta, baina lortu zuten gero partida iraultzea.
Finalari erreparatuta, irabazi nahi badute hasieratik indartsu hasi beharko dutela uste du. «Huts inozoak ez egitea izango da gakoa. Saiatu beharko dugu lehen seta lortzen eta bigarrena defendatzen». Winter Series txapelketako egungo txapeldunak dira Barrenetxea eta Lejardi, eta aurkarietan bikote gogorrena osatzen dutela iritzi dio Watkinsek: «Oso lasaiak dira biak, oso ondo aritzen dira batera, eta, finalerdietan erakutsi bezala, oso zaila da haiei tantoak egitea». Hala ere, finalera iritsita, ondo jokatzea eta irabaztea dute helburu. Eta gozatzea.
«Zesta bolada onean dago»
2023an jokatu zuten estreinakoz Winter Series txapelketa, eta Watkinsek azaldu du urrats garrantzitsua izan zela hori: «Denok zain geunden ea ematen ziguten aukera nola jokatzen dugun erakusteko. Telebistan bota zuten lehen torneo ofiziala izan zen». 14 urte baino ez zituen orduan zumaiarrak, eta, aitortu duenez, oso urduri zegoen: «Partida oso txarra egin nuen, eta galdu egin nuen. Pena eman zidan, baina egia da ikasteko balio izan zidala».
Ordutik hona, gora egin du emakumezkoen zesta-puntak, eta iaz lehenengoz Jai Alai liga jokatu zuten. «Beti multzo berdina izan gara, eta orain behetik neska gehiago datoz, indartsu, eta haiek ere lehiaketetan parte hartu nahi dute. Pozgarria da; zesta ia-ia hilda zegoen, eta berriro ere bizirik dago; jendeak lehiatu nahi du».
Aurten, lau bikotek parte hartu beharrean, seik hartu dute parte Winter Series txapelketan, eta, hortaz, kanporaketa bat gehiago jokatu dute. Orain arteko hiru aldietan finalerdiak eta finala soilik jokatu zituzten, baina aurtengoan final-laurdenak ere izan dira. Hala nahiago dutela azaldu du Watkinsek, eta adierazi du gustatuko litzaiekeela txapelketak luzatzea.
«Gehiago gustatzen zait aurreko jokoa. Biziagoa da, tantoak zeuk egin behar dituzu... Atzekoa, berriz, gogorragoa da»
FRIDA WATKINS Puntista
Atzelaria da zumaiarra, baina halaxe bota du: «Gehiago gustatzen zait aurreko jokoa. Biziagoa da, tantoak zeuk egin behar dituzu... Atzekoa, berriz, gogorragoa da: tantoari eutsi behar diozu, ezin duzu huts egin, atzeko zuloan zaude sartuta... zailagoa da». Dena den, gaineratu du atzean jokatzeak baduela bere xarma: «Errematatu nahi badut, banakakoa jokatzen dut». Gainera, atzelaria izanagatik ere, gogoko du jokaldiak amaitzea: «Askotan atzelariek ez dituzte tantoak egiten, eutsi egiten diote, baina niri gustatzen zait tantoak egitea eta partida aurrera ateratzea».
Watkinsek lehengusua du Iñaki Osa Goikoetxea inoizko puntistarik onenetakoa, baina, kontatu duenez, kasualitatez hasi zen zesta-puntan, inoiz partidarik ikusi gabea zela: «Esku pilotan apuntatu nahi nuen, baina ez zegoen lekurik, eta galdetu zidaten ea nahi nuen zestan eman izena. Baietz esan nuen. Itsu-itsuan joan nintzen. Ez nuen uste gustatuko zitzaidanik, baina gustatu zitzaidan, eta gaur arte».
Luzaroan segitu nahiko luke, gustura ari baita. Gainera, pizgarria da harentzat frontoiak jendez lepo ikustea: «Oraintxe zesta boladarik onenean dago, telebistan-eta ari garelako ateratzen. Jende berria ari da interesatzen nesken inguruan ere, ez bakarrik mutilen inguruan. Frontoia beteta dagoela jokatzen duzunean, presioa izaten duzu: ‘Ezin dut huts egin eta gaizki jokatu’. Baina animatu egiten zaitu hobeto jokatzera».
Horretarako, entrenatzen segituko du. Denboraldi honetan liga on bat egitea du helburu, eta sailkapenean goian geratu nahi luke. Gustatuko litzaioke egunen batean AEBetan jokatzea ere. Baina gero gerokoak: etzi Winter Series finala jokatuko du Watkinsek, eta kaskoa kendutakoan txapela jantzi nahi luke.