Aspeko pilotaria

Javier Zabala: «Finalerdietan egon nahi dut kosta ahala kosta»

Bolada ederra harrapatu du aurrelari errioxarrak, eta horri esker ari da lehen aldiz buruz buruko nagusian. Final-laurdenetako ligaxkan dago jada. Txapeldunaren aurka jokatuko du bihar, Gasteizen (21:00, ETB1): Aitor Elordiren aurka.

Javier Zabala. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Javier Zabala. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko apirilaren 11
05:05
Entzun

«Bizitzari beti egin behar zaio irri». Javier Zabalak (Naiara, Errioxa, Espainia, 1996) hasi orduko utzi du argi haren bizitzaren filosofia. Berehala zehaztu du. «Eta, orain, daramadan bolada ederrarekin, are eta gehiago. Ea luzaroan eusten diodan».  

Txapeldunaren aurka jokatuta ekingo diozu final-laurdenetako ligaxkari. Ba al dago partida erakargarriagorik?

Ez. Gogo berezia pizten dit. Gainera, Elordi sasoi ederrean dago. Prest nago haren aurka jokatzeko. Eguna iristeko irrikaz nago.

Lasaitua hartu zenuen Mikel Urrutikoetxeari irabazita?

Bai, handia. Urtebete neraman buruz buru jokatu gabe, eta ez da erraza halako egoeran hil ala bizi jokatzea. Kolpea izango zen denbora luzez oso ondo aritu, kontratua berritu, eta lehen aldiz buruz buruko nagusia jokatzeko aukera izan eta gero, aurreneko partida galtzea, eta beste urtebetez zain egon behar izatea. Irabazi beharra nuen, baina parean Urruti zegoen, pilotari gogorra eta oso teknikoa. Hark oso ondo jokatu zuen, eta lan handiak eman zizkidan. Hasieran gogortu egin nuen lehia, eta horri esker nagusitu nintzen. Pozik nago, irabazi bainuen, eta gutxienez hiru pilotari handiren aurka jokatuko baitut.

Ezkerrarekin egin zenuen berriro minik handien. Seguru zaude eskuina zarela?

Bai [barrez], baina betidanik moldatu naiz hobeto ezkerrarekin eskuinarekin baino. Ezkerrarekin, konfiantza handiarekin jotzen dut sotamanoa, baita pilota atzeratu ere. Baina eraginkorrago aritu behar naiz. Eskuinarekin, berriz, ondo jotzen dut bolea, eta gai naiz presio egiteko. Lehen, lanak nituen pilota txokora jaisteko, baina asko hobetu dut. Orain gustura ari naiz ere eskuinarekin.  

Argi geratu zaizu: maila honetan inor ez dago barkatzeko.

Denek asko jokatzen dute, eta denek nahi dute irabazi; denok nahi dugu. Bete-betean eta ausart jokatu behar da lehen tantotik azkenekora. Bestela, ez duzu ezer egiteko.

Zer sentitzen da zortzi pilotari onenen artean egonda?

Gogo eta poz handia. Bizitza guztia daramat pilotan jokatzen, eta bost urte profesionaletan. Nire helburu nagusia onenekin jokatzea zen. Orain iritsi zait aukera, eta oso eskertuta nago, eta gogotsu, lanean jarraitzeko, haien aurka ondo aritzeko, eta haien artean luzaroan eusteko.

«Indartu egin naiz, eta horrek mesede egiten dit defenditzeko orduan; konfiantza handiagoa ere badut neure buruarengan»

Duela urte erdi esan izan bazizuten egoera honetan egongo zinela, sinetsiko zenuen?

Nik beti sinetsi dut asko nigan, baina, batzuetan, zalantza egin dut, ez aurrera ez atzera bainenbilen. Baina beti izan dut argi aurrera egin behar nuela eta gora irits nintekeela. Azken urtean sinetsi dut gehien, eta lortu dut.

Aspalditik zabiltza ikusgarri.

Azken urteetan jada gustura nenbilen Promozio Mailako binakakoan; sentitzen nuen hobetu egin nuela. Azken urtean, berriz, indartu egin naiz kilo batzuk hartuta, eta horrek mesede handia egin dit defenditzeko orduan; horrez gain, konfiantza handiagoa dut neure buruarengan. Horri guztiari esker egin dut jauzi.

Ausartago ari zara?

Bai. Ez dago beste aukerarik. Ezin zara kikildu onenen aurka.

Lehen kikildu egiten zinen?

Bai. Defenditzea kostatzen zitzaidan, eta tantoan atzetik nindoanean ezin nuen gainditu aurkariek egiten zidaten presioa. Baina izugarri hobetu dut. Orain, batzuetan, gustura aritzen naiz defenditzen, eta aurkariek eraso egiten didatenean beldur gabe jotzen diot pilotari. Horri esker, azkarrago igarotzen naiz defentsatik erasora, eta ez dizkidate irabazten lehen bezainbeste tanto. Lehen, ez nuen lortzen entrenamenduetan egiten nuen lan ona partidetan islatzea. Nire entrenatzaileek diote jendeak entrenatzen ikusiko banindute benetan ikusiko luketela zenbat jokatzen dudan. Zorionez, orain, entrenamenduetako lan ona partidetan islatzen ari naiz.

Nola aldatzen da hori?

Zabaletarekin jokatu nuen sanmateoetan, Altunaren eta Martijaren aurka, eta egun horretan sentitu nuen dena ateratzen zitzaidala. Aldiz, finalean, Ezkurdiaren eta Rezustaren aurka, presioa sumatu nuen, eta ez nuen horren ausart jokatu. Zenbait pilota utzi nituen pasatzen, eta zurrumurrua entzun nuen harmailan. Entrenatzaileek esaten didate hobeto dela ausarta izatea eta partidako hiruzpalau pilota galtzea, gero hamar-hamabi tanto egiten baditut. Horretan aritu naiz buru-belarri, eta lortu dut: azkenaldian ez dut huts askorik egin, eta ondo aritu naiz errematean. Horrek konfiantza eta ausardia eman dit. Hori gutxi ez, eta  jokatzen ari naizen partida garrantzitsuei esker asko ari naiz ikasten eta hobetzen.

«Elordi oso-oso arriskutsua da, baina ezustekoa eman nahi dut; nire kirol ibilbideko garairik onenean nago»

Konfiantza handiagoarekin ari zarela diozu. Horretan zerikusia izan du enpresak lau hilabete eskasean kontratua bitan luzatu izanak? 2028ko martxoaren 31era arte duzu hitzarmena. Inork ez du halakorik.

Enpresa zure egoeraz arduratzeak, kontratu luzeagoa eta hobeagoa egiteak... denak laguntzen du nik gora egiten jarraitu ahal izateko, motibazio berarekin entrenatzeko eta partidetara oso gogotsu joateko. Oso eskertuta nago enpresarekin.

26 urte dituzu. Zu ere eredu zara mailarik gorenera iristeko denbora gehiago behar izan duten pilotarien artean?

Zalantzarik gabe. Nire adinekoei baino gehiago kostatu zait heltzea. Kontuz eta lasai joan naiz ni, presarik gabe. Nire adinakoek baino geroago debutatu nuen nik. Nire gorputza mantso zihoan, eta ezin zen azkartu. Baina ezin nintzen geldirik geratu. Bete-betean jarraitu behar nuen teknika lantzen, baita gorputza ere, gimnasioan. Banekien nire unea iritsiko zela. Orain iritsi da, orain lehertu naiz. Baina hona iritsita, gogor entrenatzen eta hobetzen jarraitu nahi dut.

Zer itxura hartzen diozu Elordiren aurkako partidari?

Oso gogorra izango da. Elordi oso-oso arriskutsua da: oso sake ona du, oso bolea ona, txapelduna izatearen indarra, esperientzia handia... Baina ezustekoa eman nahi dut. Oso gustura ari naiz entrenatzen, eta eskuak ondo ditut, pilota beldurrik gabe jotzeko prest. Nire kirol ibilbideko garairik onenean nago. Konfiantza handia hartu dut binakakoan arituta, eta, orain, sentipen on horiek buruz burukora eraman nahi ditut. Dena emango dut. Ez daukat besterik.

Zein da helburua ligaxkan?

Finalerdietan egon nahi dut kosta ahala kosta. Pausoz pauso joan nahi dut, baina pauso sendoz.

Lehen aldiz bi errioxar ariko zarete final-laurdenetan: zu eta Dario Gomez. Itzuli egin zarete?

Pilota ez da egon bere onenean Errioxan urte batzuetan, baina, orain, Dario eta biok gaude. Konfiantza handia dut harekin. Ni, berriz, saiatuko naiz ahalik eta ondoena jokatzen. Pizkundea nabari dut Errioxan; jendeak dio guri esker berriro katigatu dela pilotara. Sekulakoa da hori. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.