'Rubiales auzia'

Fiskalak bidea ireki du De la Fuente inputatzeko, lekukotza faltsua egotzita

Espainiako gizonezkoen futbol hautatzaileak epaiketan deklaratu du «futbolaz» hitz egitera joan zela Luis Rubialesekin egin zuen bilerara. Epaileak Pablo Garcia Cuervo Espainiako Futbol Federazioaren komunikazio zuzendari ohiaren jarreraren aurka egin du.

Luis de la Fuente. FERNANDO VILLAR / EFE
Luis de la Fuente Espainiako gizonezkoen futbol hautatatzailea, epaitegira sartzen, gaur. FERNANDO VILLAR / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko otsailaren 4a
14:55
Entzun

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiaren aurkako epaiketak bigarren eguna du. Gaur, besteak beste, Luis de la Fuente Espainiako gizonezkoen futbol hautatzaileak deklaratu du Jose Manuel Fernandez-Prieto epailearen aurrean. De la Fuentek ukatu egin du Rubialesen bulegoan egon izana. Bilera horretan, Rubialesek eta Pablo Garcia Cuervo orduko komunikazio arduradunak testu bat prestatu zuten Rubialesek baimenik gabe Jennifer Hermosori eman zion musuari garrantzia kentzeko.

«Ni ondoko bulegoan nintzen, eta ez nintzen ezertaz konturatu. Ni axola zitzaizkidan gaiei buruz hitz egitera joan nintzen; hau da, futbolari buruz», esan du De la Fuentek. Fiskalak hitza hartu du berehala, eta adierazi du De la Fuentek esandakoak bide eman dezaketela hura inputatzeko, lekukotza faltsua egotzita. Izan ere, haren ustez, ez datoz bat Espainiako futbol hautatzaileak esandakoak eta beste lekuko batzuek deklaratutakoak.

De la Fuentek ez ezik, Garcia Cuervok ere deklaratu du, eta hark zalantzan jarri du Hermosoren sinesgarritasuna. Azaldu duenez, Hermoso «oso eraginbera eta manipulagarria» da. Jarraian, Hermoso kritikatu du, hura eta beste batzuk kaleratzeko eskatzeagatik. Epaileak hitza hartu du orduan, eta Garcia Cuervoren aurka egin du. «Nahikoa da halako erantzunak emateaz. Gauzak argi azaltzeko zaude hemen, ez harrokeriaz azaltzeko», leporatu dio. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.