Fitxaketarik desiratuena

Arsenal eta Reala ados jarri dira, eta Carlos Velak lau sasoirako sinatu du talde txuri-urdinarekin

Carlos Vela, atzo arratsaldean, Hondarribiko aireportura iritsi berritan. REALA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Realak egin ditu etxeko lanak, bai, behintzat, fitxaketen arloari dagokionez. Jokin Aperribai buru duen zuzendaritzak bi jokalari nahi zituen kosta ahala kosta Philippe Montanierren aginduetara: Carlos Vela eta Gonzalo Castro Chori. Esan eta egin. Biak Realean ariko dira datorren denboraldian. Erdilari uruguaitarrak hiru denboraldirako sinatu zuen aspaldi, eta egunak daramatza jada talde txuri-urdinarekin entrenatzen. Aurrelari mexikarra, ordea, gaur ariko da Zubietan lanean lehen aldiz, atzo Arsenal eta Reala ados jarri ondoren.

Velak lau denboraldirako kontratua sinatu du talde txuri-urdinarekin. Kito. Hori da Realak 23 urteko aurrelari mexikarraren fitxaketaz eman duen informazio bakarra. Ez du argitu zenbat ordaindu duen edo Londresko taldeak Vela berreskuratzeko aukera izango duen edo ez. Bihar emango ditu ziurrenik azalpen gehiago, mexikarraren aurkezpenean. Jokalariak, hala ere, «oso pozik» dagoela aitortu zuen atzo.

Hamabi gol

Argi dagoena da Velarena oso fitxaketa ona dela, zaleen artean ilusioa sortzen duten horietakoa. Zergatik? Aurrelari mexikarra funtsezko jokalaria izan zelako aurreko denboraldian. 35 partida jokatu zituen, eta hamabi gol sartu. Bera izan zen, hain zuzen ere, Realean gol gehien sartu zuen jokalaria.

Vela eta Castroren fitxaketak gauzatuta, talde txuri-urdinak ez du itxura batean beste fitxaketarik egingo. Aperribaik berak horixe esan du behin eta berriro. Hori bai, mexikarraren fitxaketak eragin zuzena izango du Joseba Llorente eta Diego Ifranen etorkizunean. Iragan sasoian ikusitakoaren arabera, Montanierrek Velari eta Imanol Agirretxeri emango die berriro ardura erasoan, eta hondarribiarrak eta uruguaitarrak oso aukera gutxi izango dituzte. Bietako batek taldea utziko du ziurrenik, eta ez harritu biek uzten badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.