REALA 4. RAYO 0

Formula hau ote?

Realak sasoiko partidarik onena egin du, pazientzia lagun jokoa kontrolpean izan du, eta ondo baliatu ditu sorturiko gol aukerakMalagan irabazi zuen taldea errepikatu du Montanierrek, atezaina bakarrik aldatuz

Realeko jokalariak Carlos Velak atzoko partidan sarturiko lehen gola elkarrekin ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Velak (30. min.); 2-0: Velak (32. min); 3-0: M. Gonzalezek (60. min.); 4-0: Castrok (77. min.). Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: Realeko Ifrani; eta Rayoko Tito, Galvez eta Casadori. Bestelakoak: 24.000 ikusle inguru Anoeta estadioan.

Beharra bertute bilakatu ote du Montanierrek? Pasa den astean hutsuneen ondorioz zelairaturiko hamaikako ausarta ote da formula egokia? Realak Rosaledako talde berdina atera zuen atzo Rayoren aurka, Bravo izan zen aldaketa bakarra, eta sasoiko partidarik onena jokatu zuen. Agindu egin zuen, jokalarien talentua zukutuz. Baloiaren jabe izan zen, eta kontrolari etekina atera zion ordu laurden magiko batean. Lehen zatiko azkenekoa izan zen, eta Velaren bi golek ondo bideratu zuten partida. Jarraian lorturiko bigarren garaipenak arnasa eman dio taldeari, eta bide batez, galduta zirudien Anoetako sendotasuna berreskuratu du.

Gazteei eman zien lema entrenatzaileak, eta Pardok eta Illarramendik ardura hartu zuten. Mutrikuarrak zentzua jarri zuen, ordena, eta errioxarrak irudimena. Defentsan gabeziak dituzte, baita fisikoak ere, baina baloia kontrolpean izateko bikote egokiena da. Aurrean Castrok sasoiko partida onena egin zuen eta Vela,haizea lagun eta motibatuta, pasa den denboraldikoa izan zen. Azkenik, nabarmentzekoa Ifranen lana. Aulkian Griezmann, Agirretxe eta Zurutuza zain gelditu zirela kontuan hartuta, ulerterraza da zaleen artean ilusioa sortzea. Agian, orain, sailkapenean lasaiago, askok Realarengandik espero den hori iritsi daiteke.

Realak lehen zati oso ona egin zuen. Talde landu itxura eman zuen, motzean jokatuz eta eta aukerak sortuz. Baloiak ez zien erretzen erdilariei, eta taldeak gustura onartu zuen jokoa sortu behar izanaren enbidoa. Uste baino lehenago jaso zuen fruitua, lehen minutuan Ifranek gola sartu baitzuen, baina epaileak ez zuen ontzat eman. Aurrelariak sorbaldaz kontrolatu zuen, eta parean zuen marrazainak ez zuen ezer adierazi. Bai, ordea epaileak, eta atzetik etorrita txartel horia erakutsi zion. Gaizki hasi zen Mateu Lahoz, eta gaizki jarraitu zuen, handik ordu erdira ez zuelako adierazi Galvezek eginiko penaltia. Besoarekin gutxigatik ukitu zuen baloia Castroren jaurtiketa, eta komikoa izan zen atzelaria eskuak aurpegira eramaten ikustea.

Realak zuen baloia, eta Rayoren arrisku bakarra Baptistaoren bi bakarkako jokaldi izan ziren. Etxekoak askoz gehiago ziren, eta azken ordu laurdenean eromena iritsi zen. Aspaldian Anoetan bizitako hamabost minutu ziragarrienak izan ziren. Velak bi gola sartu zituen hiru minututan (30. min eta 32. min.). Bi jokaldiak ezkerreko hegalean jaio ziren eta bietan Velak maila tekniko ona erakutsiz bidali zuen baloia sarera. Nabarmentzekoa bigarrenean Pardok jaurtiketaren keinua egin ondoren emaniko pasea.

Reala hazita zegoen, eta Rayo jota. Txuri-urdinek baloia zentzuz mugituz ondo aurkitu zituzten atzeko lerroko zuloak. Hiru gol aukera izan zituen jarraian: Pardoren bolea, Ilarramendiren burukada, eta Ifranek ezkerretik eginiko barneraketa. Hiruetan Cobeñok meritu handiko geldiketak egin zituen. Berarengatik ez balitz partida erabakita legoke atsedenaldirako. Ikusleek txaloekin saritu zituzten jokalariak aldagelarako bidea hartu zutenean.

Gonzalezen gol bikaina

Bigarren zatian Rayok gora egin zuen. Ez zuen beste erremediorik eta une batzuetan estu hartu zuen Reala. Txuri-urdinek itxaron egin zuten, kontraerasoa bilatuz eta Mikel Gonzalezek jokaldi ikusgarria egin zuen. Erdiko atzelariak Rayoren jokaldi bat moztu zuen bere atean, eta pasea eman zuen ezkerrera. Realak kontraeraso bikaina egokia josi zuen bospasei emanda, eta azkenean Gonzalezek bidali zuen baloia sarera, ate aurrean, ehun metroko korrikaldia egin ondoren. Hirugarren golak partida erabaki zuen, eta Castrok sartu zuen laugarrena Rayoren atzeko lerroaren huts bat baliatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.