Aldaketa handia iragartzen du Eibarrek gaur egin jakinarazi duen albisteak: Fran Garagarza kirol zuzendariak ez du klubean jarraituko datorren denboraldian. Administrazio kontseiluak eta teknikariak adostuta hartu dute erabakia. Horrenbestez, aro luze baten amaiera gauzatuko da ekainaren 30ean, kontratua bukatzen den egunean.
Duela hamar urte hartu zuen Garagarzak oraingo ardura. Aurretik, beheko mailetako entrenatzaile eta koordinatzaile izan zen, baita lehen taldeko bigarren entrenatzaile ere. Eibarren hasi aurretik, hainbat klubetan izan zen entrenatzaile Mutrikukoa (Gipuzkoa). Haren aginduetara, Eibar Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igo zen lehendabizi 2013an, eta hurrengo sasoian, inork espero ez zuena lortu zen: Lehen Mailara igotzea. Bi lorpen horiek Gaizka Garitano entrenatzaile zela erdietsi zituen klubak.
Ordutik dabil Lehen Mailan Eibar, aurreneko sasoian zelaian mailan galdu bazuen ere. Baina bulegoetan berreskuratu zuen, Elx jaitsi zuelako Ligak auzi ekonomiko bategatik. Lehen Mailako bigarren denboralditik orain arte, Jose Luis Mendilibar da entrenatzailea, eta denboraldi honetan dabil estuen taldea mailari eusteko: azkena da lau jardunaldi falta direla, eta lau puntura du sasoiko helburua betetzeko aukera. Garagarzaren ibilbidea luzea izaten ari denez, hura da Espainiako bi ligetan (Lehen eta Bigarren Maila) denbora gehien daramana kirol zuzendari lanetan klub berean.
Garagarzaren ardurapean, klubak jokalariak ekartzeko zeukan filosofia aldatu egin da urteen joanean; batez ere, Lehen Mailara igo zenetik. Ordura arte, ohikoa izaten zen beste taldeek utzitako hainbat jokalari aritzea Eibarren, eta ia denboraldi guztietan, jokalari berri asko ekarri behar izaten zen. Lehen Mailara igota eta diru sarrerak ugaritu egiten direla baliatuz, Eibarrek jokalariak fitxatzeari ekin zion ia kasu gehienetan, Garagarzak berak esaten zuen bezala "patrimonioa izateko klubak". Dirua gastatu ere egin du urte hauetan jokalariak ekartzeko, lehen ia pentsaezina zena Eibarren.
Erostearekin batera, salmentak ere izan dira urte hauetan. Ia beti Bigarren Mailatik ekarri izan ditu Garagarzak jokalariak lehen taldera, eta maila ona emandakoak saldu egin ditu klubak gero. Salmenta garestiena, orain arte, Joan Jordanena izan da. Kataluniarra Espanyoletik ekarri zuen, maila oso eman zuen bere azkeneko denboraldian, eta Sevillak eraman zuen, 14 milioi euro ordainduta.
Taldea denboraldi honetan oker dabilenez, Garagarzari begira daude kritika txar asko, ez duelako taldea behar beste mailakoa osatzen asmatu. Emaitzek ez diote kontrakorik, baina bada aldagai bat kontuan izan behar dena: zenbateko diru kopurua izan duen eskura taldea osatzeko.
Ez da Garagarza izango Eibarren segituko ez duen bakarra, MIkel Martiija idazkari teknikoak ere ez baitu luzatuko ekainaren 30ean bukatuko zaion kontratua.