Frantziak ez du hutsik egin, eta Munduko Kopako final-laurdenak jokatuko ditu. Didier Deschampsen taldeak izerdia gogotik bota behar izan du Paraguai kanporatzeko; Hego Amerikako selekzioak partida gogorra jokatu du, eta Frantziari asko kosta zaio gol aukera argiak sortzea. Azkenean, Mbappek 69. minutuan penaltiz sartutako golak erabaki du lehia.
Asko izan dira Frantziari lanak zaildu dizkioten aldagaiak: Filadelfian (AEB) egin dituen 40 graduak, atzean sartu den Paraguai eta haien joko gogorra baimendu duen epailea, besteak beste. Paraguaik aurrelaririk gabeko hamaikakoa zelairatu du, helburu argi batekin: Frantziak golik ez sartzea.
Eta ia lortu du, izan ere, lehen zatian urrunetik egindako jaurtiketa batzuk izan dira Frantziak sortu duen arrisku bakarra. Bigarren zati hasieran ere modu horretan ahalegindu da Kone, baina geldiketa ikusgarria egin dio Gill atezainak.
Penalti argia
Azkenean, Douek hegaletik egin duen jokaldi ikusgarri batek libratu du bidea: bizpahiru defentsari izkin egin die area ertzean, eta Diego Gomezek, behar handirik gabe, hanka sartu eta lurrera bota du. Hasieran ez du penaltia adierazi epaileak, baina VAR-ean begiratu ostean aldatu du iritziz. Penalti argia izan da, eta maisutasunez jaurti du Mbappek, Gill engainatuta.
Amaierara bitartean, Paraguai ahalegindu da gola sartzen, nagusiki geldikako jokaldietan, baina argiagoak izan dira Frantziak bigarrena egiteko izan dituen abaguneak. Horrela egin du aurrera Deschampsen taldeak.