SASKIBALOIA. Frantziako selekzioak ezustekoa eman zuen atzo AEBen aurka, eta Munduko Txapelketako finalerdietarako sailkatu da. Partida estua izan zen, eta azken minutuetan askoz hobeto jokatu zuelako irabazi zuen final-laurdenetako kanporaketa (89-79). Australia ere atzo igaro zen finalerdietara, Txekiar Errepublikari 82-70 irabazita. Australiak Espainia izango du aurkari bihar (10:00), eta Frantziak Argentina (14:00).Bi finalerdiak Pekinen jokatuko dira.
NBAko jokalariak deitzen dituztenetik AEBetako selekzioak Munduko Txapelketa batean lorturiko emaitzarik kaskarrena da hau. 1992az geroztik jokaturiko Munduko Txapelketa guztietan finalerdietarako sailkatu izan da gutxienez, eta hamahiru urte ziren Munduko Txapelketako edo Olinpiar Jokoetako partidarik galtzen ez zuela. Txinara eraman duen jokalari multzoak, baina, ez du aurreko beste batzuen mailarik, eta atzo nabaritu zen. Batez ere azken minutuetan, Frantziak 20-5eko partzial batekin itxi baitzuen partida.
Amaitzeko 7.39 falta zenean, AEBak 74-67 ziren aurretik. Hirugarren laurdenaren amaiera aldera AEBek une larria izan zuten (43-53, 27. min), baina hortzak estutuz eta Donovan Mitchellen puntuei esker —29 sartu zituen— aurretik jartzea lortu zuen. AEBak hazita zeuden, eta Frantzia kostata ari zen. Azken minutuetan, baina, joera hori aldatu egin zen, AEBei argia itzali baitzitzaien. Erasoan buruz buruko jokaldiak bilatzearekin tematu ziren, eta behin eta berriz egin zuten talka Rudy Gobert Frantziako pibotarekin. Erabaki txarrek kondenatu zituzten AEBak, eta entrenatzaileek ere ez zuten konponbiderik aurkitu. Gobert izan zen Frantziarren jokalari onena —21 puntu eta hamasei errebote—, Evan Fournierren laguntzarekin: 22 puntu.
Final-laurdenetako azken partidan Australiak ez zuen ustekabekorik ametitu, eta hirugarren laurdenean apaldu zuen Txekiar Errepublikaren adorea. Faborito garbia izan arren, Australiak ezin zuen tarte handirik lortu lehen bi laurdenetan (33-30), baina hirugarrenean erritmoa bizitu eta aldea handitu zuen (63-48). Azken laurdenean ondo kudeatu zuen errenta. Paty Mills izan zen australiarren jokalari onena —24 puntu eta sei asistentzia—; txekiarren aldetik, berriz, Tomas Satoransky nabarmendu zen —hamahiruna puntu eta asistentzia eta bederatzi errebote—. Australiak ez du partidarik galdu txapelketan.
Frantziak AEBak kanporatu ditu Munduko Txapelketatik
Hobeto jokatu du azken minutuetan, eta 89-79 irabazita igaro da finalerdietara. Australia ere sailkatu da (82-70)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu