Munduko Kopa

Argentinak eta Frantziak aise irabazi dute, eta final-hamaseirenetan dira

Hegoamerikarrek 2-0 irabazi diote Austriari, eta Europakoek 3-0 Iraki. Norvegia ere kanporaketetarako sailkatu da, 3-2 hartu baitu mendean Senegal. Aljeria, bestalde, 1-2 gailendu zaio Jordaniari.

Argentinako jokalariak Messiren atzetik goletako bat ospatzen. JEFFREY MCWHORTER / EFE
Argentinako jokalariak Messiren atzetik goletako bat ospatzen. JEFFREY MCWHORTER / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 23a
09:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argentinak, Frantziak eta Norvegiak beren golegileei esker ziurtatu dute Munduko Kopako final-hamaseirenetarako sailkatzea. Leo Messik bi sartu ditu, eta Argentinak 2-0 irabazi dio Austriari. Mbappek ere bitan urratu du Iraken atea, eta Frantziak 3-0 irabazi du. Norvegiak ere hiru gol sartu ditu, eta Halaandenak izan dira haietako bi. Eguneko beste partidan, Aljeriak 1-2 irabazi dio Jordaniari. I eta J multzokoak izan dira atzo eta goizaldean jokatutako partidak.

ARGENTINA 2-0 AUSTRIA

 J multzoan, Argentina final-hamaseirenetan da. Itxura ikusgarria baino gehiago, itxura sendoa eman zuen, eta 2-0 irabazi zion Austriari. Messik sartu zituen bi golak, eta dagoeneko Munduko Kopan gol gehien sartu dituen jokalaria da, hemezortzi sartu baititu. Hemeretzi izan zitezkeen, zortzigarren minutuan penalti bat huts egin izan ez balu. 

Austria ondo egon zen kokatuta zelaian hasieratik. Baina besterik ez. Zelai erditik aurrera apenas sortu zuen arriskurik baloia izan zuenean. Lehen zati horretan, 38. minutuan sartu zuen gola Messik, Medinak emandako pase bat baliatuz. Merezita jarri zen aurretik Leo Scalonik zuzentzen duen selekzioa, beste behin talde moduan ondo aritu baitzen. Atzean sendotasuna izan zuen, zelai erdian oreka eta aurrean Messi, Hala izanda, Argentinak berretsi zuen hautagaia dela bigarrenez segidan garaikurra irabazteko. Buruz buruko lehia asko izan ziren lehen zatian, baina neurketak abiadura ere izan zuen.

Bigarrenean, beroaren eraginez ziurrenik, erritmo motelagoa izan zuen. Argentinak izan zuen partidaren aginte makila, eta aparteko estutasunik gabe eutsi zion emaitzari. Aldea ere handitu egin zuen, 95. minutuan. Hala, Munduko Kopan hemezortzigarrenez bidali zuen baloia sareetara. 

JORDANIA  1- ALJERIA 2

Multzoko beste partidan lehen jardunaldiko galtzaileak izan dira aurrez aurre goizaldean. Biek behar zuten, horrenbestez, garaipena. Azkenerako, Aljeria izan da pozik amaitu duena, 1-2 gailendu baita. Kornerrez sartu ditu bi golak: Benboualik sartu du bat, 69. minutuan, eta Gouiruk bestea, 82. minutuan. Partidan hobea izan da, baina kosta egin zaio hori aurkariaren atean islatzea.

Hain zuzen ere, Jordania jarri da aurretik. Al Rashdanek 36. minutuan bidali du sareetara baloia. Gaurkoan ere ondo egon da jarrita zelaian, eta merezi izan du gutxienez puntu bat. Baina berriz ere esku hutsik amaitu du norgehiagoka, eta behin multzoen fasea amaituta etxerako bidea hartu beharko du.

Multzoan Argentina izango da aurrena, eta azken jardunaldian Austriak eta Aljeriak jokoan izango dituzte bigarren eta hirugarren postua, elkarren aurka jokatuko duten neurketan. 

(ID_16209982) FIFA WORLD CUP 2026
Jordaniako jokalariak, pozarren, hiru puntuak lortu dituztelako. BENJAMIN FANJOY/EFE

FRANTZIA  3- IRAK 0

I multzoan, eguraldiak baldintzatu du Frantziaren eta Iraken arteko neurketa, bi orduz egon baita etenda ekaitzarengatik. Lehen zatia 1-0 amaitu da Frantziaren alde. Mbappek sartu du gola, ezkerkada on batekin. Hori ez da albiste txar bakarra izan lehen zatian Irakentzat, Husseinek min hartu baitu, eta ezin izan  baitu segitu. Taldeko izarra da aurrelaria. 

Frantziak ez du itsu-itsuan erasora jo nahi izan: partida kontrolpean izan nahi zuen. Gero egin dute etena ekaitzagatik. 15 minutukoa izatea espero zen, baina bi orduz luzatu da. Bueltan, 54. minutuan, Dembelek bigarrena sartu du frantziarrentzat. Irakeko atzelariek huts egin dute ateko sake batean, baloia atzetik ateratzean, eta hori baliatu du Dembelek, Mbapperi baloia emateko. Hark ez du huts egin: 2-0 (54 min). Gol hori Munduko Kopa batean sartutako 16.a da, eta parez pare jarri da Kloserekin, golegile nagusien bigarren tokian. 

Dembelek sartu du hirugarrena, handik 8 minutura, 64.ean, Oliseren jokaldi on baten ostean. Partida erabakita zegoen. Emaitza ez zen aldatu, baina gutxienez bi taldeek erasora jotzen jarraitu zuten. 

(ID_16209554) FIFA WORLD CUP 2026
Frantziako jokalariak, elkarri bostekoa ematen, goletako bat ospatu ostean. ANGEL COLMENARES / EFE

NORVEGIA 3-2 SENEGAL

Estuagoa izan da multzoko beste partida, Norvegiak 3-2 irabazi baitu. Hala kanporaketetarako sailkatu da. Haalandek bi gol sartu ditu. Messik eta Mbapeek bi sartu eta gero, norvegiarrak ere hala egin nahi izan du. Senegal nagusi izan da lehen minutuetan, eta bizpahiru korner jaurti ditu. Bi taldeek bizi jokatu nahi izan dute. Ondoren, erritmoa motelduz joan da. Ez batak ez besteak ez dute asmatu erasoko jokaldiak ondo lotzen.

Atsedenaldiaren aurretik, dena den, Norvegia nagusituz joan da, eta aurretik jarri da. Senegalek huts egin du atzean, eta ederki aprobetxatu du Pedersenek 43. minutuan. Bigarren zatia hasi eta gutxira, Haalandek sartu du Europako selekzio horren bigarrena, 48. minutuan. Odegaardek bideratutako kontraeraso bat bikain biribildu baitu. Eroak izan dira atsedenalditik bueltako lehen hamabost minutuak. Beste bi gol izan baitira. Sarrek 2-1ekoa sartu du Senegalentzat 53. minutuan. Baina pozak gutxi iraun dio Afrikako selekzio horri, 58. minutuan berriro ere gola sartu baitu Haalandek: 3-2.

Joan-etorriko minutu horien ostean, partida lasaitu egin da. Baina, ondoren, berriro ere bizitu egin da. Senegal saiatu da aldea murrizten, eta lortu du. Izan ere, Saarrek gola sartu du. 93. minutuan izan da. Baina ez du denborarik izan berdintzeko.

Hala, azken jardunaldian Frantziak eta Norvegiak jokoan izango dute lehen postua. Senegalek eta Irakek, berriz, garaipen bat behar dute, aukeraren bat izateko hirugarren gisa sailkatzeko.

(ID_16209900) FIFA WORLD CUP 2026
Haalandek lau gol daramatza jada Munduko Kopan. OLGA FEDROVA / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA