Euskal herriko Itzulia

Freire kanporatu egin dute epaileek, eta etapa garaipena Gavazzirena da

Freire iritsi da lehenengoa helmugara, baina epaileek Martens taldekidearen laguntza izan duela ebatzi dute. Rabobankek helegitea jarri du. Rabobankek gogor egin du lan etapa esprintean amaitzeko. Joaquim Rodriguezek dirau lider gisa. Mendiko saria Albasinirentzat izango da.

2011ko apirilaren 8a
19:00
Entzun

Esprintean Paul Martensek bere taldekide Oscar Freireri emandako bultzada baten erruz, bi txirrindulariak kanporatzea erabaki dute epaileek. Horrenbestez, Francesco Gavazzik (Lampre) irabazi du gaurko etapa, Jurgen van de Walleren (Omega) aurretik. Arautegiaren arabera, txirrindulariek ezin dute eskuak manillarretik altxa esprinta lehiatzen ari diren bitartean, eta Martensek bi aldiz altxa ditu, bigarrengoan Freireri bultzada bat emateko. Freire lekurik gabe uzten ari zen Martens, eta horregatik ikutu du bere taldekidea. Rabobankek helegitea jarri du, Freirek laguntzarik izan ez duela argudiatuta.

Ihesaldientzako aproposa zirudien etapa esprintean amaitzeko asmoa zuen gaur Rabobankek, eta lortu du etapa esprintean amaitzea. Oscar Freire zen hautagai nagusia etapa esprintean amaituz gero, eta pronostikoak bete ditu lehenengo iritsita. Espainiarra aise gailendu da esprintean, Francesco Gavazziren (Lampre) eta Jurgen Van de Walleren (Omega) aurretik, baina epaileek kanporatu egin dute espainiarra. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik, eta Joaquim Rodriguezek (Katuxa) jarraitzen du lider bezala.

Hainbat ihesaldi egon dira egunean zehar, baina Rabobankek aukera guztiak moztu ditu bata bestearen aurretik.  Azken saiakera helmugatik bost kilometrora eten dute. Euskal Herriko Itzulia goitik behera iraultzeko gogoz jo du erasoa David Lopezek (Quick Step) Bezin gora, Jelle Venenderten (Omega) eta Wouter Poelsen (Vacansoleil) laguntzarekin. Lopez euskalduna lidertzatik sei segundura dago, eta lehen postuan jartzekotan egon da. Gerora Pinottik eta Gorka Verdugok (Euskaltel-Euskadi) eraso egin dute, baina ez dute inongo aukerarik izan.

Haiek baino lehenago Kevin Seeldrayersek (Quick Step), Dario Cataldok (Quick Step) eta Michael Albasinik (HTC) egin dute eguneko saiakera nagusiak. Radio Shackek, Lamprek eta Rabobankek, baina, beraien asmoak zapuztu dituzte tropelan erritmo bizia jarrita. Seeldrayersek Umaran gora eutsi dio, baina hogei kilometro falta zirela harrapatu du tropelak. Gaur eta atzoko ihesaldiei esker Mendiko sariaren elastikoa soinean duela amaituko du Itzulia Albasinik.

Etapa hasi bezain pronto Urkiolara bidean Beñat Intxaustik (Movistar) eraso egin du ezustean, eta atzetik zortzi txirrindulari gehiagok bat egin dute euskaldunarekin, eguneko balentriaren bila. Intxausti lidertzatik bederatzi segundora dago, eta horregatik tropelak ez die iheslariei errenta luzatzen utzi. Zailtasun horiek ikusita jo dute erasoa Albasinik (HTC), Cataldok (Quick Step) eta Seeldraeyersek (Quick Step), eta bost minutuko errenta izan dute hasiera batean.

Zazpi mendate zituen gaurko etapak, lehen mailako Urkiola, bigarren mailako mendate bat (Bikotx Gane) eta hirugarren mailako bost (Areitio, Garate, Berbikiz, Umaran eta Bezi) zeharkatu ditu tropelak. Guztira 177 kilometroko etapa izan da.

Damiano Cunegok itzulia uztea erabaki du gaur. Sailkapen nagusian 30. zihoan, 1:34ra, baina burua aurki korrituko diren klasiketan du italiarrak.

Biharko erlojupekoarekin amaituko da aurtengo Euskal Herriko Itzulia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.