Euskal Herriko Itzulia

Freireren aurkako helegitea onartu, eta Valverderi eman diote epaileek lehen etapa

Horrenbestez, lidertza eskuratu du Euskalteleko Samuel Sanchezekin batera Itzulia irabazteko faborito zenak. Sanchezek, aldiz, minutu bat eta 38 segundo galdu ditu, eta, ondorioz, Itzulia irabazteko aukera gehienak.

2010eko apirilaren 5a
18:27
Entzun
Oscar Freire (Rabobank) izan da Zierbenako helmugako marra esprinean zeharkatzen lehena, baina bigarren sartu den Alejandro Valverderi (Caisse d'Epargne) arrazoia eman diote epaileek, eta irabazle aldarrikatu dute. Caisse d'Epargnek helegitea aurkeztu du Freireren aurka, esprinean Valverderi bidea itxi diola iritzita, eta irudiak aztertuta, epaileek arrazoia zuela ebatzi dute. Freire 24. lekuan jarri dute, esprinean sartu den taldekoen artean azken lekuan.

Valverdek eskuratu du, beraz, etapa garaipena, eta gainera, lider jarri da lehen egunetik. Adituen arabera, bera zen Euskalteleko Samuel Sanchezekin batera Itzulia irabazteko faboritoa, eta ez du hutsegin. Hutsegin duena Sanchez izan da, minutu eta 38 segundo galdu baititu aurreneko etapan, eta, ondorioz, baita Itzulia irabazteko aukera gehienak ere. Aldiz, Euskalteleko Beñat Intxausti oso ondo ibili da, eta bederatzigarren egin du etapan esprinean sartuta. Ondorioz, baliteke Euskaltelek estrategia aldatzea eta Intxaustiren aldeko apustua egitea.

Esprinean erabaki bada ere, gogorra eta lehiatua izan da Euskal Herriko Itzuliko lehendabiziko etapa (Zierbena-Zierbena, 152 kilometro). Hasiera-hasieratik abiatu da bizi, eta jada 2. kilometroan gertatu da kontuan hartzeko lehendabiziko ihesa, honako bost txirrindulariena: Klimov (66), Meier (135), Pedersen (146), Rabunal (184) eta Carrasco (198).

Kilometro asko egin dituzte ziklista horiek lasterketa buruan, baina amaiera aldera, Putxetako aldapa gogorrean eta Las Calizas mendate arriskutsuan erabaki da. Zortzi lagunek alde egin dute, haien artean Alejandro Valverdek (Caisse d'Epargne), eta gero tropelak harrapatu egin baditu ere, lasterketa apurtu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.