Erremontea

Frontoian bezain fina da lantokian

Erremontean gorenean aritzeaz gain, lan egiten du Imanol Ansak, Poliprecis enpresan. «Gustura» dabilela dio, baina zehaztu du «ahalegina» eskatzen duela.

Imanol Ansa. JON URBE / FOKU
Imanol Ansa, ordenagailuen aurrean, Poliprecis enpresaren bulegoan. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
Asteasu
2025eko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Goiz jotzen du alarmak aste barruan Imanol Ansarenean (Urnieta, Gipuzkoa, 1995): 06:30ean. Jantzi, ezer gutxi gosaldu, autoan sartu, eta badoa Asteasura (Gipuzkoa). Han egiten du lan, Poliprecis enpresan. 

Kirolari askoren errealitatea da harena: hamar urte daramatza onenekin jokatzen erremontean, eta gorenean dabil azkenaldian: buruz buruko txapela irabazi du azkeneko bi urteetan. Baina ez da bete-betean profesionala, eta lan ere egiten du. Are gehiago, azkenaldian lortu dituen emaitzei esker diru gehiago irabazten badu ere, frontoitik kanpoko lana du sostengu nagusia.

Zortzi orduko lanaldia du. «Benetan, gutxixeago egiten dut lan. Goizean kafea hartzen dugu herriko kafetegi batean», aitortu du barrez. Bulegoa du lantoki, eta ordenagailua lan tresna. Industria kimikoan erabiltzen diren zenbait prototipo diseinatzen ditu, baita bulegoko lanak egin ere. 

Eskuz esku aritzen da osaba batekin bulegoan: Bartolome Iturberekin. Enpresako bi bazkideetako bat da Iturbe. «Erremontean den bezalakoa da Imanol lanean: oso fina eta oso saiatua; beti ematen du dena», azaldu du Iturbek. Agerikoa da oso harro dagoela ilobaz. Ansak irri egin du osabak esandakoa entzun duenean. «Tira, batzuetan oso nekatuta nago, eta ez nabil horren fin», bota du. Nabari da konplizitate handia dutela elkarrekin. «Hala behar du. Osaba-ilobak baino gehiago gara; lagunak gara», azpimarratu dute biek.

Ia sei urte daramatza Ansak Poliprecisen lanean. Hasi zenean, hiru gauza egiten zituen aldi berean: erremontean jokatu, lan egin, eta Setienen —familiak Urnietan zuen sagardotegian— lagundu. «Goi mailako gradua dut delineazioan [Lehen Hezkuntzako gradua ere badu], eta osabak galdetu zidan ea hemen hasi nahi nuen. Probatu egin nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Gainera, ondo egokitzen zen nire beharretara».    

«Oso gustura» dabilela dio. «Asko gustatzen zait egiten dudan lana. Programatzea eta diseinatzea gustatzen zait gehien, eta, hain justu, hori egiten dut gehien. Oso lan dinamikoa, atsegina eta entretenigarria da». 

«Programatzea eta diseinatzea gustatzen zait gehien, eta, hain justu, hori egiten dut gehien. Oso lan atsegina da»

IMANOL ANSA Oriamendiko erremontista

Kosta egin zaio zerbait txarra esatea bere lanaz. «Zerbait esatekotan, esango nuke gutxi garela enpresan. Orokorrean, dena ondo doa, eta giro ona dugu, baina gutxi garenez, hanka sartzeak nabarmen geratzen dira. Oso zehatza izan behar dut ordenagailuarekin diseinuak egiten. Mekanizatuena oso mundu exijentea da, eta akats txikiak oso handi bilakatzen dira tailerrean. Saiatzen naiz ahalik eta lanik txukunena egiten. Uste dut txukun aritzen naizela». Osabak baietz esan du buruarekin.

(ID_15125920) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-07-08, Asteasu. Pilota, erremontea
Imanol Ansa, tailerrean, makina baten aurrean. JON URBE / FOKU

Oso eskertuta lankideekin

Azaldu duenez, «ondo» uztartzen ditu lana eta erremontea. Hala ere, zehaztu du «ahalegina» eskatzen duela, eta «aldea» dagoela garai batetik bestera. «Lau txapelketa garrantzitsuenetan bete-betean aritzen naiz: buruz burukoan, binakakoan, Mastersean eta Erremontari-n; horietan ia egunero entrenatzen naiz». Baina gustuko tokian, aldaparik ez. «Oso gustura aritzen naiz, motibazioz gainezka bainago. Buruz burukoan, askoz gehiago aritzen naiz frontoian, eta harreman estuagoa dut pilotarekin: badakit nora botatuko dudan. Hala ere, nekea sumatzen dut, eta entrenamendua bukatzean ezer gutxi egiten dut: etxera joan, afaria eta bazkaria prestatu, eta lotara noa. Egurra ematen diot gorputzari». Beste garai batzuetan, berriz, «lasaixeago» ibiltzen da. «Beste bizitza hori zaintzen ahalegintzen naiz: familia, lagunak... Bideraezina da urte osoan erremontean bete-betean aritzea».

Behin baino gehiagotan nabarmendu du egun «bideraezina» dela urte osoan bete-betean aritzea, baita erremontetik bakarrik bizitzea ere. «Egun, oso partida gutxi jokatzen ditugu urtean: gehien jokatzen dugunok 40 bat, eta gutxien jokatzen dutenek hogei bat. Alde handia dago debuta egin nuen garaiarekin alderatuta: orduan, ostegunetan eta larunbatetan jokatzen genuen, eta urtean 90 bat partida jokatzen genituen. Gure aurrekoek, berriz, ehundik gora jokatzen zituzten, eta ia ezinezkoa zen beste lan bat izatea».

«Gaur egun, bideraezina da erremontean bete-betean aritzea; oso partida gutxi jokatzen ditugu urtean»

IMANOL ANSA Oriamendiko erremontista

Horregatik, iritzi dio, lehen, «harreman askoz estuagoa» zutela erremontearekin. «Orain, lau txapelketa nagusietan bete-betean aritzen gara, baina, bestelakoetan lasaitu egiten gara, eta behera egiten dugu. Horregatik, nire ustez, ezin zaio eskatu egungo erremontista bati aurreko garai haietakoen pare ibiltzea. Haiek hiru partida jokatzen zituzten astero, eta, gaur egun, batzuek hilean bakarra jokatzen dute. Ez du zentzu handirik bete-betean aritzea urte osoan, oso gutxi jokatzen baitugu». 

Gainera, Ansaren ustez, hari «mesede» egin dio lana eta erremontea uztartzeak. «Orain, hobeto aritzen naiz tentsio handiko partidak ditudanean: lanean, lana baino ez dut buruan, eta buruak atseden hartzen du. Lehen, oso urduri egoten nintzen; egun osoan ez nuen besterik buruan». «Esperientziak» lagundu dio. «Neurria hartua diot udako prestaketari, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Urtean zehar zailagoa da ondo prestatzea: arratsaldetan bakarrik entrena naiteke Galarretan, eta, astean hirutan afizionatuak aritzen dira, eta, bitan profesionalak. Batzuetan ezin diot neure buruari izugarri eskatu, prestaketa ez baita izan onena. Koherentea naiz. Alde horretatik, esku huskakoek baino presio askoz gutxiago dugu. Guk beste hamaika kontu ditugu, eta garrantzi gutxiago ematen diogu gure kirol jardunari».

Aitortu du «zorte handia» duela, lanean «erraztasun asko» ematen baitizkiote. «Ondo ari garenok horren ondo ez ari direnek baino erraztasun gehiago ditugu. Goian egoteko, eman egin behar zaio. Harritzen naiz tailer batean hamar orduz ari dena goian egotea. Ni oso eskertuta nago lankideekin. Zerbait irabazten dudan aldiro elkarrekin ospatzen dugu hemen, txapel eta guzti».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.