Chris Froome eta Geraint Thomas Frantziako Tourrean lehiatuko den Ineoseko zortzikotetik kanpo geratu dira. Biek ala biek ederki dakite zer den Tourra irabaztea, baina denboraldi honetan ez daude sasoirik onenean, eta taldeak beste txirrindulari batzuk eramatea erabaki du. Aurreko garailea, Egan Bernal, eta Giroko irabazle Richard Carapaz izango dira Ineoseko liderrak Frantzian. Bi horiekin batera, Andrey Amador, Pavel Sivakov, Michal Kwiatkowski, Luke Rowe, Dylan Van Baarle eta Jonathan Castroviejo arituko dira. Bernal pozik agertu da Frantzian izango duen taldearekin: "Taldeak gaztetasuna izango du Richardekin, Pavelekin eta nirekin, baina Castroviejoren, Kwiatkoren eta Roweren esperientzia ere izango du. Taldea oso ondo orekatuta dagoela uste dut, eta oso pozik nago Tourrera doan taldean egoteagatik".
Thomas Italiako Girora joango da. Erlojupekoetan fin ibiltzen da ziklista galesa, eta aurtengo Giroak erlojuaren kontrako hiru proba izango ditu. Giroan lehiatzeko gogotsu dago Thomas: "Italiako Giroa maite dudan lasterketa bat da. Asko gustatzen zaizkit hango errepideak, zaleak eta, nola ez, Italiako jakiak. Beti disfrutatu izan dut Italian lehiatzen".
Froome Espainiako Vuelta hirugarren aldiz irabazten saiatuko da. Joan den denboraldian izandako eroriko larritik sendatu berri da, eta orain ez dago sasoirik onenean. Gustura dago taldeak emandako eginkizunarekin: "Uste dut oraintxe bertan ez naizela gai taldeak Tourrean behar duena emateko. Espainiako Vuelta helburu errealistagoa da. Lesio larri bat izan berri dut, eta, orain minik ez izan arren, pausoz pauso joan beharra daukat".