OSASUNA 0 - 0 SEVILLA

Frustrazioaren gatibu

Osasunak hobera egin du defentsan, baina ez du asmatu ate aurrean, eta puntu gazi-gozoa lortu du Sevillaren aurka. Nafarrek etxean irabazi gabe segitzen dute

Osasunako jokalari Chimy Avila eta Ivan Rakitic Sevillakoa, baloiaren lehian, atzo, Sadarren, Espainiako Ligako seigarren jardunaldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Eñaut Agirrebengoa.
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Osasunak bi helburu zituen atzo Sevillaren kontra: defentsako jarduna irmotzea, eta, bide horretatik, etxean denboraldiko lehen garaipena lortzea. Bada, erdizka gelditu zen, atea hutsean utzi arren, ez zelako gai izan eduki zituen gol aukera garbiak profitatu eta hiru puntu patrikaratzeko. Chimy Avilaren oinetan izan zituen bi abagunerik garbienak, baina argentinarraren erremateek ez zuten sareetarako bidea hartu. Haren taldekideek ere begirada okerra izan zuten ate aurrean. Golik gabe ez da garaipenik, ondo jakina da, eta, azkenaldian emankor bazebilen ere, Osasuna lehor gelditu zen atzo.

Gorritxoek neurketa berdindua jokatu zuten Sevillaren aurka, erritmoz bizia, baina joko aldetik distira handirik gabea. Baloi luze asko izan zen, aurkariaren presioa gainditzeko, eta jabetzarik gehienak laburrak eta zehaztasun gutxikoak izan ziren. Halere, bi taldeek modua aurkitu zuten arearen barrunbeetara iritsi eta gol egoerak eragiteko. Txandaka oldartu ziren, eta tarteka zorrotz aritu arren, biek ere letagin kamutsak izan zituzten. Osasunak, bere txarrean, bukaera eman zion etxeko bolada txarrari, galduak baitzituen orain arte Sadarren jokaturiko partida guztiak. Haatik, atzo bildutako puntuak ez du ase. Europatik at gelditu zenetik, frustrazioa gainditu ezinik dabil.

Iruindarrek gogotsu ekin zioten partidari, eta lehen minutuetan baloia Sevillaren zelaian izan zen batik bat. Ezker hegaletik aurrera egiten saiatu ziren, baina, hasieran, Mojicaren akatsek ez zioten jokaldiak behar bezala bukatzen utzi. Kontrol eta erdiraketa eskasak egin zituen kolonbiarrak. Dena den, minutuek aurrera egin ahala, Osasunaren jokalaririk arriskutsuena bilakatu zen. Oso zorrotz aritu zen, eta zehatz baloia areara bidaltzerakoan. Chimyri, adibidez, erdiraketa bikaina egin zion lehen zatiaren hondarrean, baina argentinarrak, dena alde zuela, gora errematatu zuen.

Beste aukera batzuk ere izan zituzten bi taldeek markagailuan aurrea hartzeko. Bi izan zituen Sevillak: Oliver Torresen saiakera urruna, Sergio Herrera pase bat mozteko atepetik atera eta gero, eta Lucas Ocamposen eskuinkada bat. Bi jaurtiketak oso gutxigatik joan ziren kanpora. Osasunaren aldetik, Torrok egin zuen lehen jaurtiketa, area ertzetik, baina gora joan zitzaion. Gero, Aimarrek area barruan jaurti zuen, jokaldi azkar eta fin baten ondoren, baina Nemanja Gudeljekin egin zuen topo. Paseak nekez kateatu zituzten bi taldeek, baina lasai asko joan zitezkeen aldageletara gol bat sartuta. Batez ere Osasuna, Chimyk azken txanpan izan zuen aukerarekin.

Kolpeak eman eta jaso

Gorritxoek abagune on gehiago pilatu zituzten bigarren zatian. Torrok bi aukera on izan zituen hasi eta berehala, baina lehenik, kanpora jaurti zuen eskuinez, eta, gero, ez zen ate aurrean errematatzeko gai izan, bakarrik zegoen arren. Aldi berean, Mojica urrutitik saiatu zen, ezkerkada indartsu batekin, baina ez zuen asmatu baloia zutoin artera bideratzen. Gorritxoei fintasuna falta izan zitzaien azken metroetan, eta zorte apur bat ere bai. Izan ere, 62. minutuan zutoinera joan zitzaion Chimyri atezainaren gainetik loratutako jaurtiketa. Jokaldi ederra egin zuten nafarrek eskuin hegaletik, paseak azkar lotuz, baina ezin izan zioten ginga jarri.

Sevillako jokalariek ere behin baino gehiagotan eraman zituzten eskuak burura, huts egindako aukeren ondorioz. Kolpeak trukatuz aritu ziren bi taldeak, eta kanpokoek min handia egin zioten Osasunari eskuin hegaletik. Ocamposen gero eta askeago zebilen, eta gertu izan zuen gola, eskuinez egindako jaurtiketa neurtu batekin. Arrasateren aldaketek, berriz, ez zuten balio izan garaipenera hurbiltzeko. Gorritxoek ez zuten beren saretik baloirik jaso behar izan, baina, era berean, ezin izan zuten aurkariaren atea zulatu. Hori horrela, etxeko lehen garaipenak itxaron egin beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.