Fulham al da aurrerapausoa?

Ez da ofiziala, baina, dirudienez, Fernando Amorebietak Athletic utziko du, eta Ingalaterrako taldera joango da. Hautu harrigarria da, ez baitu hobekuntza handirik izango, ez kirol arloan, ez ekonomian.

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Athleticek mailari eusteko behar dituen puntuak pilatzen jarraitzen duen bitartean, gauzak argituz doaz talde zuri-gorriko zenbait jokalariren etorkizunaren inguruan. Jakinekoa da Llorentek ez duela taldean jarraituko eta Juventus izango dela aurrelari errioxarraren hurrengo geltokia; Xabi Castilloren eta Igor Martinezen etorkizuna ere beltza dela aurreratzea ez da asko arriskatzea; jakinekoa da aspalditik —klubak azken eskaintza erretiratu zionetik, hain zuzen— Fernando Amorebietak ere ez duela jarraituko umetatik dena eman dion taldean. Hortaz, datorren sasoian non jokatuko duen jakiteak sortu du interesa azken asteotan. Bada, badirudi Premier Leagueko Fulham taldean jarraituko duela bere kirol ibilbidea atzelari dohatsuak. Gutxi dira futbolariaren apustua ulertzen dutenak. Inguruak nahastu egin du Amorebieta, eta ez dirudi bide egokiena hartu duenik.

1. Larregi tenkaturiko soka

Athleticen denboraldia gogorra eta aldapatsua ari da izaten. Arantzaz jositakoa. Berdegunean agertzen ari den tentsioak eta ezinak bulegoetan izan du oinarria. Iazko arrakastak proiektu sendo baten zutabe guztiak mugiarazi dituelako. Talde askok jarri dituzte begiak Athleticeko jokalariengan, eta ordezkarien mugimenduek nahastu egin dituzte, erabat, zenbait futbolari. Amorebieta da euretako bat. Iurretako erdiko atzelaria sekula ez da konformaerraza izan. Potentzial handiko futbolaria da, eta gazte-gaztetatik piztu du talde askoren arreta.

Ikusmin horrek indarra eman dio Ibaiganeko agintariekin negoziatu duen aldi bakoitzean. Izenpetu zuen azken kontratua da horren adibide garbiena —aurten 1,5 milioi euro irabaziko ditu—. Hain zuzen ere, zenbait futbolarik dituzten kontratu estralurtarrak dira Josu Urrutiaren lantaldearen beharra zailtzen ari den kontu nagusietako bat. Athleticeko jokalari askok oso kontratu onak dituzte, eta nekeza da haiei baldintza hobeak eskaintzea. Ez, behintzat, klubaren baliabideen gainetik eskaini ezean. Amorebietari horrelako zerbait egin behar izan zioten. Urrutiak bost urteko kontratu aberatsa jarri zion mahai gainean futbolariari: 1,8 milioi denboraldi bakoitzeko. Diru asko eta taldeko zutabeetako bat izateko aukera eskaini zion Ibaiganek futbolariari. Etxeko taldeak harrobiko harribitxi bati, alegia. Eta zentralak gehiago eskatu zuen. Soka tenkatu zuen hogeitahamaika eskutik zuelakoan.

Larregi tiratuz gero apurtzeko arriskua dago, ordea. Urrutiari pazientzia amaitu zitzaion, eta eskaintza erretiratzea erabaki zuen. Akabo! Atzera bueltarik ez zeukan bidea hartu zuen negoziazioak. Amorebieta burugogorra da, eta ez du mahai baten inguruan eseritzeko pausoa eman. Beharbada, hala egin bazuen, sekula onartuko ez zituen baldintza berriak izango zituen jakitun hartutako erabakia izan da. Ondorioz, ekainean banatu egingo dira jokalariaren eta Athleticen bideak. Talde bizkaitarrarekin txarto amaitu duen azkena. Muniain izango ote da hurrengoa?

2. Errusia, Ingalaterra, Espainia...

Amorebietak Athleticekin negoziatzen zuen bitartean, haren ordezkariek Europa erdian eskaini dute futbolaria. Adinez bere kirol ibilbidearen gorenean dagoen nazioarteko jokalari batek interesgarria izan beharko luke talde askorentzat. Inolako ordainsari edo klausularik gabe fitxatzeko aukerarekin askoz ere preziatuagoa. Antza, estrategiak ez du arrakastarik izan. Amorebietaren asmoa izan da txapelketa indartsu bateko talde on batek berak gura zuen diru eskaintza egitea, baina ez dira premisa guztiak bete.

Eskaintza ekonomiko erakargarria Errusiako Liga aberatsetik ailegatu omen zaio. Ez da nahikoa izan futbolari konbetzitzeko. Espainako Ligako talderen batek ere agertu zuen interesa. Ez nolanahiko taldeak, gainera. Atletico Madrilek, hain zuzen ere. Baina futbolariaren eskakizun ekonomikoak onartezinak izan dira Madrilgo zuri-gorrientzat. Bere gustuko ligatik, berriz, maila ertaineko eskaintzak jaso ditu: ez Arsenal, ez Everton. Azkenean, Fulham. Lau urterako sinatuko du, eta bi milioi euro inguru eskuratuko ditu. Laburbilduz, Athleticena baino eskaintza eskasagoa onartu behar izan du.

3. Fulhamen, beterano askoren alboan

Fulhamen beterano asko: Uztailetik aurrera dena berria izango da Amorebietarentzat: txapelketa, kluba, aldagela, aurkariak, epaileak, jokatzeko era… baina Premier Leaguen eskatzen ibili den guztia merezi duela erakusteko aukera ona izango du. Londresen, gainera, bake-bakean utziko diote bizkaitarrak batere gustuko ez dituen hedabideek. Berez, ez luke aparteko arazorik izan behar jokatzeko Martin Jolek zuzentzen duen taldean. Europarako sailkatzeko aukera ematen duten postuetatik baino gertuago dago jaisteko postuetatik Fulham maila ertaineko taldea. Egun 11. postuan dago Ingalaterrako ligan.

Onena eman duten futbolariz osatutako kuadrilla da: Berbatov, Karagunis, Risse, Duff, Mahamadou Diarra… hogeitahamar urtetik gorakoak guztiak, eta izan baino izen handiagokoak. Ez dirudi Fulhamek Athleticek baino kirol lorpen handiagoak eskuratzeko aukera eskainiko dionik. Urtebetez lan ona egitea eta maila hobeagoko talde batera joatea al da Amorebietaren asmoa? Auskalo. Hala ere, ez dirudi Athletic Fulhmekin aldatzea negozio ona izango denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.