FUTBOLA. Akzioak ez, golak

Emaitza bolada txarra apurtzera behartuta dago Reala gaur, Racingen aurkako partidan

Xabier Lopetegi.
DONOSTIA
2005eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Zuzendaritzak proposatutako kapital handitzeak bereganatu du arreta guztia aste honetan. Zubietako prentsa aretoan ere hizpide nagusietakoa izan da. Jose Mari Amorrortuk adierazi zuen herenegun, operazioa «Realarekiko atxikimendua sendotzeko» aproposa dela, eta berak akzioak erosiko dituela. Gauza bera esan du Aitor Lopez Rekartek, taldeko kapitainak. Eredua eman nahi izan dute biek ala biek gai horretan.

Azken urteetan, ekonomia arloan izan diren gorabehera ugariak tarteko, maizegi ahaztu da Reala futbol taldea dela, eta kirol arloan emaitzak onak ez badira hobariek, gainsariek, eta akzioek ez dutela ezertarako balio. Jarraitzaileek kapital handitzearen aurrean behar bezala erantzungo dutela ziur dago Miguel Fuentes. Baita Amorrortu bera ere. Egoerak zalegoari koloreekiko maitasuna eta erantzukizuna eskatzera behartu du presidentea. Baina, demagogikoa badirudi ere, lehenik eta behin ondo erantzun behar dutenak jokalariak dira. Azken finean, kontuan hartu behar da aurrekontuaren zati handi bat euren soldatak ordaintzeko erabiltzen dela. Akzioak erosiz baino gehiago, jokalariek eta entrenatzaileak askoz ere mesede handiagoa egingo diote Realari bere lana arrakastaz egiten badute. Horregatik, garrantzitsuena taldeak gaur Racingen aurka jokatuko duen partida irabaztea da. Azken lau jardunaldietan puntu bakarra lortu du, Real Madrilen aurka, hain zuzen. Egin duen jokoa ere ez da izan inor asetzeko modukoa. Gaizki aritu da defentsan, eta erasoan ere galdu ditu Liga hasieran gora iristeko erakusten zuen freskotasuna eta arintasuna. Ez du lortu Realak behar adinako erregulartasun eta sendotasunik. Gaur, gainera, alor horietan ekarpen handia egin dezakeen jokalaria ezingo du zelairatu Amorrortuk, Gaizka Garitano. Ondorioz, Mikel Alonsok jokatuko du euskarrian, eta Novok bere aurretik. Erasoan erantzukizuna hartzeko gai dela ez ezik, defentsan ere lagun dezakeela erakustea da espainiarraren erronka. Aurrealdean, De Paulari beste aukera bat emango dio entrenatzaileak. Azken bi partidetan bi gol sartu ditu durangarrak.Racing, baina, ez dabil batere fin. Etxean partida bakarra irabazi eta lau galdu ditu. Hartara, Realak Sardineron Ligan txapelketan jokatu dituen azken hiru partidak irabazi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.