Espainiako Kopan atseden hartu ondoren, hasierako hamaikakora itzuliko da Valentziaren aurka. Buruan kontu bakarra du: hamazazpi denboraldi eta gero Mestallan irabaztea.
Mestallan jokatuko du Athleticek gaur. Hamazazpi denboraldi daramatza taldeak Valentziari etxetik kanpo irabazi barik. Bada ordua estatistikak apurtzeko.
Mestalla ez da zelairik egokiena Athleticentzat, ez dago zalantzarik. Urtero zelairatzen gara bolada txarrari amaiera emateko asmoz eta aurten ere ez da gutxiagorako izango. Sasoi hasieran ez genuen maila ona eman etxetik kanpo, baina bide egokia aurkitu dugu eta gaur ere irabazten saiatuko gara.
Valentzia talde indartsua da, baina ez dirudi azken urteotan bezain sendo ari denik. Beldur gutxiago ematen du?
Talde bikaina da Valentzia. Azken norgehiagoketan hobeto aritu den arren, defentsako lanean hutsune gehiago dituela dirudi. Gol gehiago sartzen dizkiote orain. Bestalde, azken denboraldiotan baino gol gehiago ari da sartzen eta horregatik dago hirugarren postuan.
Valentziatik zein jokalari nabarmenduko zenuke?
Valentziaren lorpenak ez daude jokalari batetan oinarrituak, taldeko lanean baizik. Talde sendoa da oso.
Bilbon zale guztiak Valladoliden aurkako Kopako partidan ari dira pentsatzen. Jokalariengan eraginik badu?
Ez. Hiru lehiaketatan ari garen arren, taldeak gertuen daukan partidari erreparatzen dio. Valentziaren aurkako neurketan pentsatzen ari gara orain eta Valladoliden kontrakoa datorren asterako utziko dugu.
Taldea nekatuta dagoela uste duzu?
Egutegia gogorra da eta San Mameseko zelaiaren egoerak ere ez digu lagundu. Jokalariek neka-neka eginda amaitu dituzte azken norgehiagokak. Gogorra da, oraindik urtarrilean gaude eta ikusiko dugu denboraldi amaierara zein egoeratan ailegatzen garen.
San Mames aipatu duzu. Zelaia ez dago ondo baina zaleen laguntza ikaragarria izan da. Mestallan faltan botako dituzue jarraitzaileak?
Nabarituko dugu, ziur. Osasunaren aurkako partidan erakutsi zuten indarra ikaragarria izan zen. Hala ere, Valladolidera makina bat zale joango da eta ez daukat dudarik Mestallan etaCoruñan ere ikusiko ditugula elastiko zuri-gorriak. Athleticen handitasunaren erakusgarri dira gisa horretako gauzak.
FUTBOLA. ATHLETIC. DANI ARANZUBIA. ATHLETICEKO ATEZAINA. «Valentziaren lorpenak taldelanean daude oinarrituta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu