Jon Andoni Goikoetxeak ere baloiaren jabetza azpimarratu zuen partida irabazteko gakotzat, aste honetan berriari eskainitako elkarrizketan. Eta baloia bikain erabiltzen duten jokalariak izateaz gain, baloia galdu orduko Frank Rijkaarden jokalariak berreskuratzeko presioa egiten hasten direla gaineratu zuen Osasunan eta Bartzelonan aritu zen jokalari ohiak.Helburuaren zailtasuna azpimarratu nahi zuen Goikoetxeak. Aguirrek ere ezagutzen du egitasmoaren zailtasuna, baina jokalariak konfiantzaz ikusten ditu, eta hori omen da garrantzitsuena. «Aldartea neurtzeko tramankulurik ez dute asmatu oraindik, baina konfiantza handiarekin sumatzen ditut nire jokalariak, eta talde handien aurka irabazi ahal izateko, talde txiki batek ezinbestekoa du konfiantza. Gure gabeziak estal ditzakegu konfiantzarekin», esan zuen atzo entrenatzaile mexikarrak.
Dibertitu nahi duen jokalaria, tabernara gero
Konfiantza faltarik ez badute ere, Osasunako jokalariek erronka zaila dutela badaki Aguirrek nolanahi ere: «Osasunak Nou Campen jokatu dituen 27 partidetatik 3 besterik ez ditu irabazi. Beraz, Bartzelonaren zelaian irabazi duen bakoitza irabazteko bederatzi jokatu behar izan ditu. Erraza ez dela badakigu, baina ea honakoan irabaztea egokitzen zaigun», adierazi zuen atzoko entrenamenduaren amaieran. Hori bai, zelaian ondo pasatzeari baino garrantzi gehiago eman zion Aguirrek jokoan izango diren puntuak eskuratzeari. «Jokatzea, dibertitzea eta sailkapenaren goian jarraitzea da helburua», esan zuen herenegun Ricardo atezainak. «Nou Campera, dibertitzera? Kabroi hauek erotuta daude! Dibertitu, tabernan gero», erantzun zion atzo entrenatzaileak.
Galdu edo irabazi, jardunaldi honen amaieran lehen postua gehienez ere hiru puntura izango dutela jakiteak eta Bartzelonaren aurretik jarraituko dutela jakiteak ematen duen konfiantza eta lasaitasuna izan ditzakete lagungarri Osasunako jokalariek.
Soslaia
LEO MESSI
Bartzelonako jokalaria
Helegiteek ez dute izar berria itzali
Deportivok eta Alavesek helegitea jarri zuten Espainiako Futbol Federazioan Bartzelonak ez zezan Leo Messi zelairatu. 13 urterekin fitxatu zuen Bartzelonak aurrelari argentinar txikia, eta Bartzelonan eman dituen urteek Espainiako herritartasuna lortzea ahalbidetu diote Messiri. Ronaldinho, Eto'o eta Marquezekin atzerritar kopurua beteta zuen Bartzelonak, eta 20 urtez azpiko munduko txapelketan izar nagusia izateaz gain, Argentinako selekzio nagusian sartzen hasi zen jokalaria jokatzeko aukerarik gabe geratu zen sasoiko lehen jardunaldietan. Diego Armando Maradonak berak bere oinordekotzat jo izan du Messi, eta talde ugariren eskaintzak jaso zituen Bartzelonak uda honetan argentinarrarengatik. Joan Laportak bazekien Robinhori itzala egiteko moduko jokalaria zuela, eta ez zion beste talde bati utzi nahi. Halere, atzerritar kopuruak buruhauste ugari eragin zizkion Bartzelonako presidenteari. Azkenean, irailaren 26an Espainiako herritartasuna eman zioten Messiri, eta arazoa gainditu zutela zirudien. Deportivok eta Alavesek helegitea jarri arte iraun zuen horrek. Messik espainiar bezala jokatzeko, gutxienez abenduan fitxaketen epea zabaldu arte zain egon behar zuela eskatzen zuten Deportivok eta Alavesek. Aste honetan, Espainiako Futbol Federazioak atzera bota du bi talde horiek aurkeztu duten helegitea. Messik inolako arazorik gabe joka dezake gaur. Eta hori ez da albiste ona izango Osaunarentzat gaur, baina futbolak eta futbolzaleek eskertuko dute. Ziur baietz.