FUTBOLA. Caparros: «Gure finala da, ez gara inor omentzera etorri»

Etxeberria kapitainak esan du «txapeldunak izateko, Kopa Bilbora eramateko» joan direla Valentziara

Erredakzioa
Bilbo
2009ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baikor eta zuzen mintzatu ziren Joaquin Caparros Athleticeko entrenatzailea eta Joseba Etxeberria zuri-gorrien kapitaina atzo Mestallan, finalaren aurreko azken entrenamendua egin eta gero. Bartzelona sekulako denboraldia egiten ari dela-eta -hiru titulu irabazteko moduan dago oraindik ere- zera bota zuen entrenatzaileak: «Gure finala da biharkoa [gaurkoa], ez gara inor omentzera etorri». Eta kapitaina ez zen atzera gelditu bere adierazpenetan: «Txapeldun izateko eta Kopa Bilbora eramateko etorri gara Valentziara».

Eta Kopa irabazteko ahaleginean, Athleticeko jokalariek Bartzelonako izarrei egurra emango dietela aipatzen ari dira hainbat komunikabide. Caparrosek errotik moztu nahi izan zituen esames horiek guztiak. «Gogor presionatzen duen taldea da gurea, intentsua. Kito». Hori bai, «lesio arriskua» daukan finala da gaurkoa, Utrerakoaren ustez. «Baina araudi bat dago. Bihar bi talde zelairatuko dira, eta araudia beteko duen epaile bat».

Bartzelonako jokalarien kalitatea handia dela onartu zuen, Messi, Xavi eta Alves, esaterako, jokalari handiak direla esan, baina Athleticek arduratzen du Caparros: «Gure lanak arduratzen nau». Bukatzeko, jokalariak anino aldetik «izugarri ondo» daudela nabarmendu nahi izan zuen.

Etxeberria, aldiz, «fedeaz» minzatu zen; irabazteko fedeaz: «Finalerako sailkatu ginenetik fedea eduki dugu uneoro». Euforia ere «gehiegizkoa» piztu da Bilbo aldean, baina hori, txarrerako baino gehiago, onerako baliatuko dutela uste du aurrelari elgoibartarrak.

25 urte dira Athleticek Kopa irabazten ez duela, eta Kopa irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako jokalariek «sinesteko» esan diete oraingoei. Merezimenduez ere hitz egin zuen kapitainak, finalera bidean gainditu behar izan dituzteen taldeez galdetu ziotenean. «Maila ona eman dugu, eta euren [Bartzelona] pare ibili garela uste dut»

Guardiola, zuhur

Bartzelonak ez du egonaldirik egin, eta gaur bertan helduko da, hegazkinez, Valentziara. Atzo goizean egin zuen finalaren aurreko azken entrenamendua, eta ateak itxita izan zen. «Igandean 18.000 lagun bildu ziren Athleticen lan saioa ikusteko, baina gurean pertsona bakarra egon da», esan zuen Pep Guardiola entrenatzaileak. «Hiru hilabetez bizi izan dute partida, baina guk ezin izan dugu hori egin». Horregatik, lehiaketa guztiak irabazteko moduan dagoelako, Bartzelonako jokalariek «zama fisiko eta psikologiko handia» pilatu dutela aitortu zuen Guardiolak. Hartara, gaur berotzera atera bitartean, «erlatxatzeko» eskatu die jokalariei: «Etxean atseden har dezatela. Egon daitezela, lasai».

Partidari berari buruz, «estua eta bizia» izango dela adierazi zuen, etaAthletic mendean hartzeko gakoak eman zituen: «Llorenterekin egiten duten joko zuzena kontrolatu behar dugu, eta estrategia jokaldietan zein aldaratzeetan ere erne egotea komeni zaigu». Zuri gorrien estiloaz galdetuta, zuhur mintzau zen kataluniarra: «Estiloa gauza bat da, baina jokalari onak dituen taldea da, eta ez dezagun ahaztu Sevillari, ligako hirugarrenari, 3-0 irabazi ziola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.