FUTBOLA. Dena baino handiagoa

Bayern Munichek eta Inter Milanek sasoiko hirugarren titulu handia irabazteko aukera daukate, gaur, Madrilen

Igor Susaeta.
Donostia
2010eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Berez handia da Txapeldunen Ligako finala jokatzea. Oso handia. Ligan makal antzean ibili ondoren irits daiteke talde bat horretara, zalantza dezente eraginez, eta, halere, izugarria litzateke, bai jokalarientzat, bai zuzendaritzako kideentzat, eta bai zaleentzat, noski. Baina liga eta kopa irabazita gehien desiraturiko finalean aritzea, Txapeldunen Ligakoan aritzea, berez dena baino handiagoa da. Ba Bayern Munichek eta Inter Milanek liga eta kopa irabazi dituzte sasoi honetan. Gaur, hortaz, sasoiko hirugarren titulu handia berenganatzeko aukera dute Madrilen, Santiago Bernabeun. Hartara, nagusitzen dena denboraldi bakarrean hiru titulu handiak irabazi dituen seigarren taldea bilakatuko litzateke. Bartzelona da hori egin duen azkena.

Joan den sasoian lortu zuen, Erroman. Erraz hartu zuen mendean Manchester United. Dena dela, hiru tituluak pilatzearekin baino gehiago, lehiaketa preziatuena irabaztearekin amets egiten dute Interrekoek eta Bayernekoek. Izan ere, talde handiak dira biak ala biak, historikoak, eta urte dezente daramatzate finala jokatu gabe. Bayernek lau Europako Kopa irabazi ditu; azkena 2001ean. Geroztik ez du finalik jokatu. Gaurkoa zortzigarrena da Alemaniako taldearentzat.

Interrentzat, berriz, bosgarrena. Dena den, 45 urte daramatza jada kluben arteko lehiaketa garrantzitsuenean nagusitu gabe. Bada zerbait. Mazzola, Suarez eta enparauen garaitik, hain zuzen. Helenio Herrera zen entrenatzailea orduan. Orain, berriz, Jose Mourinho. Bigarren finala da portugaldarrarentzat. Irabazten baldin badu, bi talderekin -Portorekin 2004an- Txapeldunen Liga irabazi duen hirugarren entrenatzailea litzateke, Ernst Happel-Feyenoordekin 1970ean eta Hanburgorekin 1983an- eta Ottmar Hitzfeldekin -Borussia Dortmundekin 1997an eta Bayernekin 2001ean- batera. Egoera berean dago, hain zuzen, Louis Van Gaal. Bayernen prestatzaileak ere badaki zer den lehiaketa irabaztea: 1995ean Ajaxekin.

Elkarri buruz aritu ziren atzoko prentsa agerraldian. Izan ere, 1997 eta 2000 artean Van Gaalen laguntzailea izan zen Mourinho, herbeheretarrak Bartzelona entrenatzen zuenean. «Ez nuen uste hain entrenatzaile garrantzitsua izango zenik. Hori bai, bere garaian prestatzen zizkidan txostenak bikainak ziren», esan zuen Van Gaalek Mourinhori buruz.Eta portugaldarrak, berriz, Van Gaalekin batera lan egitea «plazera» izan zela bota zuen.

Ia-ia galako hamaikakoak zelairatuko dituzte biek. Ribery (Bayern) eta Motta (Inter), ordea, zigortuta daude. Ez dago faborito argirik. Biak dira talde sendoak, taktikoak. Orekari eusten diotenak, eta erabakigarriak aurrean.



Inter

Sortze data: 1900.

Estadioa: Allianz Arena (69.901 ikusle).

Entrenatzailea: Louis Van Gaal.

Presidentea: Uli Hoennes.

Tituluak: 22 Alemaniako Liga, hamabost kopa, sei ligako kopa, lau Europako Kopa, Errekopa bat, UEFA Kopa bat eta Kontinenteen Arteko bat.

LIGAXKA

1.Inter 0; Bartzelona 0.

2. Rubin Kazan 1; Inter 1 (Stankovic).

3. Inter 2 (Stankovic, Samuel); Dinamo Kiev 2.

4. Dinamo Kiev 1; Inter 2 (Milito, Sneijder).

5. Bartzelona 2; Inter 0.

6. Inter 2 (Eto'o, Balotelli); Rubin Kazan 0.

FINAL-ZORTZIRENAK

Joanekoa. Inter 2 (Milito, Cambiasso); Chelsea 1.

Itzulikoa. Chelsea 0; Inter 1(Eto'o).

FINAL-LAURDENAK

Joanekoa. Inter 1 (Milito); CSKA Mosku 0.

Itzulikoa .CSKA Mosku 0; Inter 1 (Sneijder).

FINALERDIAK

Joanekoa. Inter 3 (Milito, Maicon, Sneijder); Bartzelona 1.

Itzulikoa. Bartzelona 1;Inter 0.





Bayern Munich

Sortze data: 1908.

Estadioa: Giuseppe Meazza (85.700 ikusle).

Entrenatzailea: Jose Mourinho.

Presidentea: Massimo Moratti.

Tituluak: Hemezortzi Italiako Liga, sei kopa, lau superkopa, bi Europako Kopa, hiru UEFA Kopa eta Kontinenteen Arteko bat.

LIGAXKA

1. M. Haifa 0; B. Munich 3 (Van Buyten, Muller (2).

2. B. Munich 0; Juventus 0.

3. Girondins Bordele 2; Bayern Munich 1 (Ciani bere atean).

4.Bayern Munich 0; Girondins Bordele 2.

5. B.Munich 1 (Olic); M. Haifa 0.

6. Juventus 1 B.Munich 4 (Butt, Olic, Gomez, Timostxuk).

FINAL-ZORTZIRENAK

Joanekoa. Bayern 2 (Robben, Klose); Fiorentina 1.

Itzulikoa. Fiorentina 3; B. Munich 2 (Van Bommel, Robben).

FINAL-LAURDENAK

Joanekoa. B. Munich 2 (Ribery, Olic); Manchester United 1.

Itzulikoa. Manchester United 3; B. Munich 2 (Olic, Robben).

FINALERDIAK

Joanekoa. Bayern Munich 1 (Robben); Olympique Lyon 0.

Itzulikoa. Olympique Lyon 0; Bayern Munich 3 (Olic (3).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.