Athleticek olatu ona hartu du. Surflari onenen legez, ondo baino hobeto ari da aukera aprobetxatzen. Emaitzek ematen duten konfiantzarekin ari da jokatzen aspaldion Valverderen taldea. Liejan garaipen historikoa lortu zuenetik edozein zelaitan irabazteko gai direla uste dute jokalariek.
Hamazpi denboraldi irabazi barik zeramatzan zelaian egindako lana da horren erakusle. Mestallan sekulako jipoiak hartzera ohitu gaitu Athleticek azkenaldion. Igandean, berriz, partida bikaina egin zuen. Espainiako Ligako txapeldunari aurre egin zion Athleticek. Are gehiago, ia partida guztian zehar aurkaria baino gehiago izan zen. Baloiarekin bikain jokatu zuen eta makina bat aldiz sortu zuen arriskua golak sartzeko gaitasuna sarri askotan erakutsi du azken denboraldiotan.Mestallako partidak Athleticen alde txarra ere erakutsi zigun, Anoetan erakutsi zuen aurpegi berbera, alegia. Ez zuen partida irabazten jakin. Markagailuan zein jokoan hobea izan arren, Valentziak aldea murriztu zuenean urduritu egin zen taldea. Zergatik? Oraindik ez delako talde heldua. Gero eta sendoago ikusten da, baina oraindik zerbait behar du. Betiko akatsek sortu zuten urduritasuna. Defentsako akatsek. Athleticek ez daki goitik datozen erdiraketak defendatzen. Guztira, hamar gol sartu dizkiote erdiraketen bitartez. «Hala ere, hamasei sartu ditugu. Gauzek horrela jarraitzen duten bitartean ez dago txarto», adierazi zuen Valverdek. Ez dago txarto, baina ez da nahikoa. Hobetu beharra dago.Zorrilla izan daiteke okerrak zuzentzeko lekurik aproposena. Athleticek nahikoa du berdinketarekin, eta horretarako biderik errazena golik ez hartzea da.Mestallan gertatu zen legez, aspalditik zorigaiztoko zelaia den Zorrillan hasi gura du egoerari buelta ematen Valverdek. Zorrilla baino, San Mames txikia izango da gaurkoan Valladoliden futbolzelaia. Athleticek hartu duen olatu bera hartu dute zaleek eta elastiko zuri-gorria nonahi ikusiko da Valladoliden. Guztira 2.500 zale inguru joan dira partida ikustera. Taldeak aspaldian sortu duen ikusminaren eta ilusioaren beste erakusle bat besterik ez da.
Yeste deialdian; Urzaiz ez
Athleticen hazkundearen arrazoi nagusietako bat etxetik kanpo egin duen itxuraldaketan dago. Sasoi hasieratik maila bikaina eman du San Mamesen, baina etxetik kanpo lortutako emaitzek eta, batez ere, egindako joko txarrak ezkortasuna sortu zuten bere garaian. Liejako partida erabakigarriak eman zion buelta egoerari. Hil edo biziko neurketa izan arren, eta arriskatu egin zuen Ernesto Valverde entrenatzaileak. Joko sistema aldatu zuen eta jokalarien kokapena ere bai. Yeste ezkerrean kokatu zuen, gustura ez dagoen lekuan ipini zuen. Aurrean, ostera, ordu arte taldeko jokalari erabakigarriena izan zena kendu zuen (Urzaiz) eta Etxeberria eta Ezquerro zelairatu zituen. Helburu bi zituen sistema aldaketak: defentsako lana indartzea eta erasoan abiaduraren aldeko apustua egitea kontraerasoan min egiteko. Ordutik ez du partidarik galdu etxetik kanpo.
Aldatzeko arrazoirik ez dagoenez, gaur ere berdin jokatuko du. Murillo eta Yeste osatu dira eta seguruenik hasieratik arituko dira. Murillok eskuin hegalean jokatuko du. Mestallan Javi Gonzalezek jokatu zuen, baina ez zen fin aritu. Kontzentrazio akats larriak egin zituen eta lekua galdu zuen taldean. Tikok orkatilan dituen arazoak gainditzen baditu, Liejan eta Zaragozan zelairatutako jokalari berberak aukeratuko ditu teknikariak. Atean egongo da aldaketa bakarra. UEFAn eta Espainiako Kopan Lafuentek zaintzen baitu zuri-gorrien atea.Urzaiz etxean gelditu da berriz. Hasieratik jokatzeko aukera gutxi izan arren, harrigarria da tuteratarra deialdian ere ez egotea. Lanzaroten izan zuen lesioak eta ondorengo errekuperazioak zeresan ugari eman dute. Valladoliden aurka jokatzeari uko egin ziola ere aipatu dute. Kontuak kontu, Llorentek aurrea hartu dio.
FUTBOLA. Erauntsi zuri-gorria
Athleticeko 2.500 zale egongo dira gaur Zorrilla futbol zelaian; Murillo eta Yeste dira berritasunak Valladoliden aurkako partida erabakigarrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu