Hil edo biziko partida jokatuko du Athleticek San Mamesen Lanzaroteren aurka. Valverderen taldeak ez du hil gura, eta guztion ahotik porrot hitza entzun aurretik bere eskuan dagoen guztia egiteko prest agertu da. Konfiantza gehien sortzen dioten jokalariak zelairatuko ditu, alegia.
Ez da lehen aldia Athleticek 2. B Mailako talde baten aurka hutsegiten duena partida biko kanporaketa batean. 90eko hamarkadaren hasieran Xerezek kanporatu zuen orduan Jupp Heynckesek zuzentzen zuen taldea. Aurten, ordea, sekulako itxaropena ipini dute Kopan talde zuri-gorria osatzen duten alde guztiek Fernando Lamikiz presidenteak handiena eta barkaezina litzateke kanpoan geratzea. Barkaezina, Athletic Lanzarote baino askoz gehiago delako, eta etxean ezin duelako kale egin. Athleticek irabazi egin behar du, eta lehen minututik erasora zelairatzeko beharra du. Neurketa hasieratik erakutsi behar dio aurkariari askoz ere gehiago dela.Zelaiaren egoera eta San Mameseko giro hotza ezin dira aitzakia gisa erabili bi taldeen artean dagoen aldea ez erakusteko. Zale zuri-gorriek lau denboraldi itxaron behar izan dute San Mamesen Espainiako Kopako partida bat ikusteko aukera izateko. Real Madril izan zen Kopan katedralean jokatu zuen azken taldea. Ordutik, kanpoan, beheko mailako taldeen aurka egin du huts Athleticek. Beraz, kanporaketa hankaz gora dagoela aprobetxatuz, aspaldiko partez Kopako partida bat ikusteko gogoarekin dagoen zaleak aukera ezinhobea du futbolzelaira joateko. Hala ere, aurkariaren maila baxuak, eguraldi txarrak eta batez ere, ordutegiak 21:30ean jokatuko da ez dute asko lagunduko San Mamesen jendea pilatzeko orduan.
Zelaiaren egoera ere kezkagarria da. Athletic ia hilabete egon da etxean jokatu barik, eta ondorioz, inor gutxik espero zuen Espanyolen aurkako norgehiagokan zelaia horren txarto egotea. San Mamesen eguzki gutxi sartzen omen da, eta horrek zelaia irristakor eta astun egotea ekarri du. Dena dela, bi taldeentzat egongo da egoera txarrean eta talderen batek besteak baino gehiago nabaritu beharko balu berdegunearen egoera txarra, talde hori Lanzarotekoa izan beharko litzateke, Kanariar uharteetako taldeko kideak ez baitaude gisa horretako berdeguneetan jokatzera ohituak.
Beste aukera bat Llorenterentzat
Valverdek egun gustukoen dituen jokalariak aukeratu ditu partida erabakigarriari aurre egiteko. Euretatik falta den bakarra Ismael Urzaiz da. Tuterakoak minberatutra dauka oraindik ezker hankako orkatila, eta larria ez den arren, egun ez dago jokatzeko moduan. Bere lekua Llorente gazteak hartuko du bigarrenez. Igandean, nagusiekin lan saio bakarra egin ondoren, maila bikaina eman zuen Espanyolen aurka eta Kopan berriz jokatuko du.
Llorenterekin batera, baliteke aspaldian jokatu ez duten Lacruz eta Javi Gonzalezek ere aukera izatea. Lacruzek argi eta garbi erakutsi zuen osatu dela Espanyolen aurka, eta partidak jokatzea falta zaiola erritmoa hartzeko. Javi Gonzalezek ez du jokatzeko aukerarik izan osatu zenetik, baina baliteke Lanzaroteren aurka Iraolaren lekua hartzea. Usurbildarra da gehien jokatu duena Liga, UEFA eta Kopan, eta nekea sumatzen hasi da.Lanzarotek, ostera, ez du ametsetik esnatu gura. Ferrol eta Mallorca kanporatu ostean, Lehen Mailako beste talde bat kanporatzeko aukera du Sosa Espinelek zuzentzen duen taldeak. Azken jardunaldietan, gainera, gora egin du Ligan eta konfiantzaz gainezka eta ilusioz beteta zelairatuko dira jokalariak San Mamesen. Gripeak jota, Maciot aurrelariak ezin izango du jokatu, baina joanekoan Athleticeko atzelariak txiki utzi zituen Alejandro hasierako hamaikakoan egongo da.
FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPA. Esnatu edo agur
Valverdek ez du joaneko partidako porrota errepikatu gura, eta hamaikako onena zelairatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu