FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPA. FINAL ZORTZIRENAK. aldeari eustera soilik ez

Aguirrek gol bat lortu nahi du, Getafek lau egin beharko bailituzke orduan kanporaketa gainditzeko

2005eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Joaneko lehian Sadarren 2-0 irabazi ondoren, Osasunak eskura du Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkapena. Halere, final-zortzienak ez dira amaitu oraindik, itzuliko partida gaur iluntzean jokatuko du Getafen, eta ura inguratu aurretik salda egiten hastea ez da komeni. Sadarren lortutako emaitzak lasaitasuna emango dio, baina lasaitasuna lasaikeria bilakatuz gero, atsekabetuta amai dezakete norgehiagoka nafarrek.

Javier Aguirrek, badaezpada, argi utzi zuen atzo ezin direla aldeari eustera soilik zelairatu. «Getafe oso talde erasokorra da etxean jokatzen duenean, eta adibidez, hamar gizonekin Atletico Madrilen aurka berdintzea lortu zuten azken Liga jardunaldian. Ondo ari dira jokatzen, eta ezin dugu markagailuan dugun aldeari eustera zelairatu. Defendatzera soilik ez goaz, golaren bila zelairatuko gara, gure gol batek lau gol egitera behartuko bailuke Getafe», esan zuen atzo.Halere, Aguirrek badaki joaneko 2-0koa abantaila polita dela: «Denbora gure alde izango dugu, lehenbailehen gol bat egiteko larritasunarekin zelairatuko baitira Getafeko jokalariak». Baina hori horrela izanagatik, lehen minututik 90.era defendatzera zelairatzea akats handia litzatekeela uste du Aguirrek.

Zortzi aldaketa

Atzo goizean Taxoaren burututako entrenamenduan Aguirrek ez zuen hasierako hamaikakoaren inguruko arrastorik eman, baina Ligako azken jardunaldian Valentziaren aurka 0-0 berdindu zuen taldearekin alderatuta sei aldaketa izango dira gutxienez, Krutxaga, Clavero, Pablo Garcia, Valdo, Webo eta Morales ez baitaude deialdian. Gainera, Sanzol eta Exposito hasieratik ariko direla baieztatu zuen Aguirrek, eta ondorioz Elia eta Izquierdo ere hasieratik ariko ez direnez, zortzi izango dira aurpegi berriak Ligako azken partidarekin alderatuta. Unai Expositorena harrigarria da, gainera: Izquierdo kanporatu egin zuen epaileak Valentziaren aurka eta errioxarrak San Mamesen jokatzerik izango ez duenez, Expositok Kopakoaz gain, larunbatean Ligako partida ere jokatu beharko du. Larunbaterako zigortuta dagoenez, Kopan Izquierdo aritzeak bazuen bere logika, baina Aguirrek baztertu egin zuen aukera hori. Izquierdok ordezkoen artean hasiko du Getafeko lehia.

Joaneko partidan lortutako aldeari eustera soilik ez doazela hainbat aldiz errepikatu zuen atzo Aguirrek, baina nolanahi, golik ez jasotzearen garrantzia ere azpimarratu zuen. Iragan astean jokatu bi partidetan golik ez jasotzea lortu zuten nafarrek, eta Getafen ere gauza bera lortu nahi dute: «Ateari hutsean eustea da gakoa, baina ez Getafen bakarrik, bigarren itzuliko partida guztietan ere bai. Golik jasotzen ez baduzu, beti izaten da sariren bat», esan zuen Aguirrek, Ligako lehen itzulian 29 gol jaso arren 28 puntu lortzea «Jainkoa handia delako soilik ulertu baitaiteke», bere ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.