FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPA. OSASUNA. harrokeriarik gabe

Osasuna handiusterik gabe joan da gironara, azken emaitza txarren ostean; Ligan hasieratik aritutako bi jokalari soilik sartu ditu aguirrek deialdian

2004ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ligan azken bost partidetatik lau galdu ditu Osasunak, eta, sasoi hasiera honetan etxetik kanpo jokaturiko azken lau partidakgaltzeaz gain, gol bakar bat ere ez du sartu. Gainera, Kopako lehen kanporaketan estu ibili zen Castellon. Argi dago, beraz, gehiegizko konfiantzarik gabe doala gaur Gironara. Aurkaria Bigarren B Mailakoa da, baina Kopa ezusteen lehiaketa da. Ligan gutxien jokatu duten jokalariengan konfiantza baduela erakutsi du Aguirrek, dena den, eta deialdian Ligako azken saioan titular izandako bi gizon besterik ez daude: Josetxo eta Garcia.

Bigarren B Mailako taldea izateaz gain, orain bere multzoko talderik ahulenetakoa da Girona. Delfi Geli, David Clotet, Imanol Idiakez, Ivan Perez eta Osasunako jokalari ohi Victor Morales jokalari eskarmentudunak ditu, baina Liga hasiz gerotik ezinean aritu da. Orain, jaitsiera postuetan dira katalanak, Osasunaren bigarren taldeak baino puntu bat gutxiago dutela. Horrexegatik esan zuen atzo Juantxo Eliak irabaztera behartuta daudela, baina Osasunako atezain gazteak badaki norgehiagoka ez dela erraza izango: «Lehen Mailako taldea gara, eta Bigarren B Mailako talde baten aurka aritu behar dugunez, argi dago irabaztera behartuta gaudela. Dena dela, Ligan gaizki badabil ere, Gironak talde ona dauka. Gainera, Bigarren B Maila ondo ezagutzen dut nik; Iruñetik kanpo ere aritu naiz maila horretan, eta badakit Lehen Mailan jokatzeko moduko jokalari asko daudela. Lehen kanporaketan Vila-real kaleratu zuten, eta horrek ere zerbait esan nahiko du», adierazi zuen gaur titular izango den atezainak.

Eta egia da: Vila-realek ezin izan zuen Girona mendean hartu, eta, azkenean, amore eman behar izan zuen. Osasuna Vila-realen zelaian 3-0 galdu berri duela aintzat hartuz gero, argi dago gorritxoek ere ez dutela lan erraza. Juantxo Eliak, dena den, ez zien aparteko garrantzirik eman gaur elkarren aurka jokatuko duten bi taldeek Vila-realen aurka lortutako emaitzei: «Partida ezberdinak dira, bi lehiaketak ere bai, eta emaitza horiek aintzat hartuta ondoriorik ateratzerik ez dago».Kontuak kontu, Castellon estu ibili izanak zerbait erakutsi beharko lieke Osasunako jokalariei. Kanporaketa gainditzeko,ezinbestekoa dute aurkariaren ate ingurura Castellon baino sarriago agertzea. Aguirrek, gainera, ezohiko jokalariak zelairatuko ditu, eta astelehenean, badaezpada, mezua igorri zien bere jokalariei: «Ligarako ondorioak ateratzeko balio dezake Kopak». Realaren aurkako derbian jokatzeko aukera irabaz dezakete jokalariek gaur, eta, bide batez, Kopa Sadarrera ekartzea lortuko lukete. Hala izan bedi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.