FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPA. RICHARD MORALES. «Gol premia dut»

2004ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ligan asko jokatzen ez dugunok edozein aukera baliatu behar dugu gure maila erakusteko, eta Kopa aukera ezin hobea da.

Vila-realen gogotsu zelairatu zinela ukatzerik ez dago.

Hori da nire eginbeharra. Asko jokatzeko aukerarik ez dut izan, eta aukera emandakoan gutxienik gogoa badudala erakustea ezinbestekoa da.

Girona Bigarren B Mailakoa da, eta jaitsiera postuetan dago, gainera. Halere, Castellokoa ikusita, konfiantza handirik gabe joango zarete.

Bigarren B Mailako taldea izateak ez du zerikusirik kasu honetan. Haientzat denboraldiko partida garrantzitsuena izan daiteke Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea, eta ustekabeak saihetsi nahi baditugu arreta handiz zelairatu beharko dugu.

Aurreko kanporaketan Vila-real kanporatu zuen, eta hark zuei 3-0 irabazi berri dizue. Horrek tentu handiagorekin joatea ekarriko dizue.

Bai, argi dago. Partida orekatua eta lehiatua izango dela sinetsita goaz, eta etortzen den orotarako prest egon behar dugu.

Chengue Moralesek gola sartzeko beharra sentitzen al du?

Bai, egia esateko bai, gol bat sartzea oso ongi etorriko litzaidake. Ez dut uste derrigorrezko betebeharra denik, baina neuk sentitzen dut gol baten premia. Gauza ederra litzateke niretzat.

Kopako lehen kanporaketan eta Vila-realen sentsazio onak izan al dituzu?

Bai, ondo aurkitu dut neure burua. Gutxi jokatzen duzunean, gorputzak nola erantzungo duen ez dakizu, eta nahikoa ondo amaitu ditut bi lehiak. Gero eta hobeto aritzea espero dut.

Ligako emaitza bolada txarra ahazteko ere ondo etor daiteke Kopa, ala?

Bai, baina, nire ustez, oraingoa baino egoera zailagoak askotan igaro ditugu, eta horrelako nahaspilarik ez da sortu. Jendeak ohi baino ilusio handiagoa zuen denboraldi honetan, eta normala da emaitza txarrek ezkortasuna eragitea.

Uruguaira egin beharreko bidaiaren inguruko berririk bai? Realaren aurka jokatzeko prest izango al zarete Pablo Garcia eta zu?

Uruguaik partida garrantzitsua du Munduko Kopan egon ahal izateko, eta, normala den bezala, jokalariak lehenbailehen han bildu nahi ditu hautatzaileak. Halere, Osasunak ere partida garrantzitsua du, eta bietan egon ahal izateko ahaleginetan ari gara.

Zeuek hitz egin al duzue Fossati hautatzailearekin?

Bai, horretan ari gara, eta oso litekeena da Realaren aurkako partida amaitu eta gero abiatzea Uruguaira.

Monakoko Chevantonek eta Atletico Madrileko Marcelo Sosak igandean joateko baimena omen dute.

Ez dakit. Kontu pertsonalak dira horiek. Taldea une gozoagoan egon balitz, entrenatzaileak ez zigun alde egiteko eragozpenik jarriko, baina ez da hala, eta orain selekzioarekin alde egitea ere ez litzateke oso bidezkoa. Aguirrek behar gaitu, batik bat Pablo Garcia, partida guztiak jokatzen ari baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.