Bizpahiru egunez bada ere, aste honetan Bizkaiko hiriburua Valentzia izango dela esan daiteke. Athleticen hiriburua, bai, behintzat. Athletic hiria. Izen hori jarri diote Athleticek Valentzian prestatu duen gune erraldoiari. 8.000 metro koadroko festa gunea izango da, Athleticen eta Bartzelonaren arteko Espainiako Kopako finala baino zerbait gehiago eskainiko duena. Kontzertuak, Bizkaiko produktuen dastaketa, Sevillaren aurkako finalerdietako irudiak, finala bera, ekitaldiak... Futbola baino zerbait gehiago, alegia.
Athleticen 23.000-25.000 zalek Mestalla futbol zelaian bertan ikusiko dute biharko finala, baina beste 10.000 zale inguru joango dira Valentziara sarrerarik gabe. Hain justu, 35.000 zale horientzat prestatu du Basauriko Last Tour promotorak Athletic hiria gunea -ez da sarrerarik ordaindu beharko bertan sartzeko-. Mestalla futbol zelaitik 500 metrora dago gunea, Turia ibaiaren Arro Zaharreko Lorategian, 9. sektorean -Loreen Zubiaren eta Erakusketen Zubiaren artean-. Ia bi eguneko festa izango da. 3.200 metro koadroko karpa nagusia, pantaila handi bat, jana eta edana, kontzertuak, irudi historikoak, denda, bazkideen gunea, komunak, ehun zerbitzari, segurtasuneko 50 langile, osasun zerbitzuen gunea... Janaria eta edaria erosteko ez da diruarekin ordainduko, aurretik erositako txanpon berezi batzuekin baizik.
Gaur hasiko dira ekitaldiak, 13:00etan. Hasiera indartsua izango du ekitaldiak: Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiak eta Fernando Garcia Makua presidenteak Athleticen bandera igoko dute, txistularien laguntzarekin. 13:30ean, Bizkaiko txakolinaren dastaketa izango da, eta 16:00etan, Athleticen eta Sevillaren arteko finalerdietako itzuliko partida emango dute. 11,5 metro zabal eta zazpi metro luze izango da Athletic hiria gunean egongo den pantaila erraldoia.
Musika ere ezin falta horrelako festa handi batean, eta gaur, 19:00etan, bost orduko musika emanaldia izango da. The Bon Scott Band, Juliette Lewis&The New Romantics eta Tequila taldeen kontzertuak izango dira Athletic hiria gunean, gauerdira arte.
Egun handia, berriz, bihar izango da. Finalaren eguna, sentimenduen eguna, galdu edo irabazi, ospatzeko eguna. 12:00etan irekiko dute Athletic hiria gunea, eta 13:00etan, Athleticen historiako hainbat irudi emango dituzte. 16:00etan, berriz, Athleticek eta Bartzelonak 1984an jokatuko zuten Espainiako Kopako finala ikusi ahal izango da. Eta Achtung Babies taldearen kontzertuaren ostean, Mestalla futbol zelaiarekin bat egingo dute. Manu Guix eta Seguridad Social taldeen kontzertuen ondoren iritsiko da denak zain dauden momentua: Athleticen eta Bartzelonaren arteko Espainiako Kopako finala (22:00).
Eta finala galdu edo irabazi, Athletic hiria gunea zabalik egongo da 01:00ak arte. Hainbat arazo izan dira Athleticeko zuzendaritzaren eta Valentziako erakundeen artean, baina, azkenean, lortu dute baimena horretarako.
Bilbon ere ikuskizuna
«Valentziara joateko zortea izan dutenek, joan daitezela, baina gainerakoak gera daitezela Bilbon, bertan izango baita girorik onena». Mezu hori helarazi du Bilboko Udalak biharko finalaren atarian. Koparen bila. Goza ezazu Bilbon. Lelo hori du Udalaren ekimenak. Denda, taberna eta gainerakoek 20.000 kartel zuri-gorrirekin apaindu dituzte txoko guztiak, eta bihar finala ikusteko 22 pantaila erraldoi egongo dira Bilbon bertan: Santutxun, Plaza Barrian, EITBren eraikinean, Guridi Musikariaren plazan, Errekalde auzoko areto futbol zelaian, Casilla plazan, Casilla pabiloian, Egaña kalean, Garcia Rivero kalean, Areatzan, Funikular plazan... eta San Mamesen.
Futbol zelaian bertan izango da ikuskizunik handiena. BBK-k sei pantaila erraldoi jarriko ditu San Mamesen, sarrerak eskuratu dituzten 40.000 zaleek finala ahalik eta ondoen ikusi ahal izateko. Bazkideek euro batean erosi dute sarrera, eta bazkide ez direnek hamar euroan. Egun bakarrean saldu ziren sarrera guztiak. Bilboko Udalak garraio zerbitzu gehiago jarriko ditu bihar -metro zerbitzua, esaterako, zabalik egongo da gau osoan-, eta segurtasun neurri ugari hartuko ditu.
Valentzia eta Bilbo. Herrialde Katalanak eta Euskal Herria. Bi txoko, bi mundu, baina amets bera: Athleticek Kopa irabaztea. Galdu edo irabazi, ordea, festa handia ziurtatuta dago. Ostiralean harrera egingo diote taldeari. Koparekin bada, gabarran egingo du taldeak udaletxerako bidea, Ibaizabal ibaian gora. Kopa gabe bada, estalkirik gabeko autobus batean edo kamioi batean. Hori da zalantza. Bihar argituko da.
FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPAKO FINALA. Futbola baino gehiago
'Athletic hiria' 8.000 metro koadroko gunea prestatu du Athleticek Valentzian. Bilbon bertan ere, San Mameseko guneaz gain, pantaila erraldoiak egongo dira finala ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu