FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPAKO FINALAREN ONDORENA. «Hazteko balio behar digu»

Zaleek emandako babesa biziki eskertu du Fernando Garcia Makua Athleticeko presidenteak

Erredakzioa
Bilbo
2009ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Triste, baina harro. Horrela zegoen atzo Fernando Garcia Makua, Athleticeko presidentea, talde zuri-gorriak Bartzelonaren aurka Espainiako Kopako finala galdu eta hurrengo goizean eman zuen prentsaurrekoan. «Athleticek Kopako finala galdu zuen, baina asko irabazi du». Ondorio garbi hori atera zuen Garcia Makuak finalaren inguruan. Athleticeko presidentearen arabera, talde zuri-gorriak Espainiako Kopako finala jokatu izana «garaipen handia da, bai giza alderdian, bai giza babesean», eta, horregatik, klubaren, jokalarien eta entrenatzaileen izenean, biziki eskertu zuen jarraitzaileek emandako babes «izugarri eta ezin baliotsuagoa».

Partidaren emaitzaz galdetuta, Garcia Makuak esan zuen galdu izanaren gainetik Athleticek arlo guztietan irabazi duena dagoela. «Finalak mugarri bat izan behar du, autoestimuan eta begirunean. Finalaren harira piztu den olatu hau baliatu behar dugu, eta finalak bultzatu duen guztiari etekina atera, klub bezala hazi eta gure kirol proiektua indartzeko». Horren harira, presidenteak nabarmendu zuen datorren denboraldian taldeak Espainiako Superkopa eta UEFA kopa jokatuko dituela, eta hori ez dela nolanahiko saria. «Belaunaldi berri honi eutsi behar diogu, haren laguntzaz berriro final bat jokatu ahal izateko. Ziur naiz ez direla beste 25 urte pasatu beharko berriro Athletic final batean ikusteko».

Ordu laurden «ahaztezina»

Partidaren atarikoen inguruan ere mintzatu zen Garcia Makua. Une bat nabarmendu zuen guztien gainetik Athleticeko presidenteak: milaka zale zuri-gorri lagun zituela taldeak hoteletik Mestalla estadiora autobusean egin zuen ibilbidea. «Bizitza guztia merezi duen ordu laurdena da une horretan gure zaleekin egotea».

Athleticeko zaleek Valentzian (Herrialde Katalanak) izan zuten jarrera «paregabea» izan zela azpimarratu zuen, eta egun guztian festa giro «bikaina» izan zela, «bikaina eta oso zuri-gorria». Athleticeko jarraitzaile batek Dani Alves Bartzelonako jokalariari bota zion botilaz galdetuta, Garcia Makuak zale zuri-gorrien jarrera goraipatu zuen berriz ere. «Ahalik eta ongien erantzun zuten, zelaira botila bota zuen laguna berehala identifikatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.