FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. ATHLETIC. Hirurak beharrezkoak

Tiko osatu da, baina ez dago aukeratuen artean; Felipe eta Yeste dira deialdiko berritasun nagusiak

haritz gallastegi
2004ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Hiru puntuak lortu behar ditu Athleticek. Sailkapenaren zuloan dago talde zuri-gorria eta gabonak bitartean izango duen egutegia aintzat hartuta, Ligan puntuak irabazteko premia handia du; bestela, egoera larriagotu egin baitaiteke.

Joan de sasoian etxean egon zen denboraldi onenaren giltza nagusia, eta aurten ere beharrezkoa izango da San Mames gotorleku bihurtzea. Joko aldetik ez du huts egin Valverderen taldeak, baina emaitzak ez dira onak izan, eta finean, emaitzek agintzen dute. Hain zuzen ere, Athletic puntu gutxirekin utzi duten akatsak baliatzen saiatuko da Malaga. Gregorio Manzanok zuzentzen duen taldeak oso ongi hasi du denboraldia. Emaitzak lagun izan ditu eta sailkapenean goian egoteak ematen duen konfiantza eta lasaitasuna baliatzen saiatuko da talde andaluziarra.Valverdek min hartutako hainbat jokalari ditu taldean, eta beraz, ez du aukera handirik izan deiladia egiteko orduan. Jokatzeko moduan egon arren, aukeratuen artean ez dagoen jokalarietako bat da Tiko. Nafarrak atzean laga du eskuin orkatilan zuen mina, baina oraindik ez dagoela gainerako taldekideen maila fisikoan iritzi dio Valverdek. Parmaren aurkako partidarako gorde du teknikariak. Felipek eta Guerrerok, ostera, izango dituzte pozik egoteko arrazoiak. Gasteiztarra lehen aldiz dago aukeratuen artean eta kapitaina bigarrenez. Getaferen aurka azken unean deitu zioten Yeste ondoezik zegoelako, baina oraingoan hasieratik dago aukeratuen artean.

Erne, 'Chopegol' dator!



Malagaren izar berria. Paolo Wanchope da aurkariei golak sartzeko arduradun nagusia, Amorosorekin batera. San Mamesen bikotekiderik barik jokatuko du, brasildarra min hartuta baitago

H.G. - Bilbo

M

alagako kirol agintariek begi ona izan dute aurten ere. Golegileak aurkitzea gaitza da egun, oso gaitza. Are gehiago diru aldetik mugatuak diren taldeentzat. Malagak, ordea, bete-betean asmatu du azken denboraldiotan. Lehenengo eta behin, Dely Valdes eta Dario Silva izan ziren andaluziarren erasoko erreferentziak. Makina bat gol sartu ondoren, bata etxera bueltatu zen kirol ibilbidea amaitzera. Dario Silvak, berriz, Sevillara jo zuen kirol lorpen hobeak lortzeko asmoz.

Haiek ordezkatzea ia ezinezkoa zirudienean, Salva uzteko eskatu zion Malagak Valentziari. Benitezekin haserre, deialdietan ere ez zen sartzen andaluziarra. Onenak emanda zegoela zirudien, baina ezta gutxiago ere. Lan asko eta gol ugari sartu zituen aurrelari ezkerrak. Maila bikaina eman ostean, hark ere alde egin zuen. Berriz ere merkatuan golegile on eta merkeen bila hasi behar Manzanoren taldeak. Inork gura ez zituen beste bi aukeratu zituzten aurtengo denboraldirako: Amoroso eta Wanchope. Asmatu egin dute berriro ere.Udinese, Parma eta Borussia Dortmunden makina bat gol sartu ondoren, Malagan bukatu du Marcio Amorosok. Jokalari gorabeheratsua da, baina gauza bikainak egiteko gaitasuna erakutsi du. Min hartuta dago, eta ez du San Mamesen jokatuko.Bere kidea katedralean izango da, ordea. Wanchopek Costa Rica Premier Leaguen egin ditu kirol ibilbideko urterik gehienak. Ingalaterrara ailegatu bezain laster egin zen ezagun gainera. Derby County taldearekin jokatu zuen lehen neurketan gol ikusgarria sartu zuen Old Trafforden. Zelai erdian baloia hartu eta aurrean ipini zitzaizkion jokalari guztiak gainditu ostean, sareetara jaurti zuen baloia. Garaitezina zirudien Manchester mendean hartu zuten ustekabean (2-3).Jokalari garaia AEBetan saskibaloian jokatzen egin zuen urtebete, lesioek ez diote utzi eman zezakeen guztia erakusten. Malagan hutsetik hasi da. Hiru gol sartu ditu Ligan bi ikusgarriak, eta zaleen kuttuna da dagoeneko. Malagan Wan-chopped deitzen diote. Txantxarekin jarraituz, Mortadelo ezizena ere jarri diote. Mortadelo eta Filemon bilakatu dira Wanchope eta Amoroso. Gaur Chopegol bakarrik arituko da bihurrikeriak egin guranÉ belaunean eta orkatilan dituen arazoak uzten badiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.