Malaga da azken lau denboraldietan Osasunaren aurka zortzi Liga partida jokatu eta partidarik galdu ez duen Espainiako Ligako Lehen Mailako talde bakarra. Javier Aguirreren mutilek bolada hori aldatu nahiko dute gaur arratsaldean Rosaledako zelaian. Riazorren orain lau jardunaldi lortutako balentria gogoan dutela doaz nafarrak Malaga aldera. Deportivoren zelaian ere inoiz ez zuten irabazi nafarrek, sasoi honetako bigarren jardunaldian 1-3 nagusitu ziren arte.
Azken bost urteetan Malaga futbol taldearen aurka jokatu dituen zortzi norgehiagoketatik bakar bat ere ez du irabazi Osasunak, eta berdinketa hiru aldiz soilik lortu dute. Edo alderantziz begiratu nahi izanez gero, Malagak zortzi partidatik bost irabazi dizkio Osasunari azken boladan, eta inoiz ez dute galdu nafarren aurka. Datua ikaragarria da: jokoan egon diren 24 puntuetatik 3 puntu ziztrin besterik ez dituzte lortu nafarrek Malagaren aurka jokatutako azkeneko zortzi partidetan. Osasunako jokalariek, ordea, ez dute estatistiketan sinesten. Horrelako kasuetan hainbat aldiz errepikatzen duten esamoldea erabili dute jokalari gorritxoek aste honetan ere: «Estatistikak apurtzeko daude», errepikatu dute behin eta berriz.Javier Aguirrek ere antzeko hitzak erabili zituen atzoko agerraldian: «Malagaren aurka hain emaitza txarrak lortu izanak ez du azalpen zehatzik, ez dago arrazoi bat hori azaltzeko, baina Riazorren ere ez genuen inoiz irabazi eta bigarren jardunaldian 1-3 irabazi genuen, behingoz», adierazi zuen Osasunako entrenatzaile mexikarrak, Malagaren aurkako bolada txarrari garrantzia kentzeko.
Krutxagak ez du jokatuko
Riazorreko partidan eskuin zangoko aduktoreetan kontraktura bat egin zuen Cesar Krutxagak, eta Betis eta Real Madrilen aurkako partidak galdu ostean, iragan igandean itzuli zen zelaietara Eskarozeko atzelaria. Kapitainak Getaferen aurkako partida osoa arazorik gabe jokatu zuen, baina astelehenean mina nabaritzen zuen berriz ere aduktoreetan. Aste osoan ez du normal entrenatzerik izan, eta bere egoera izan da Aguirreren buruhauste nagusia, eguna joan eta eguna etorri . Atzo egin behar zuen proba erabakigarria, baina minez jarraitzen zuela ikusita, kapitainari atseden ematea erabaki zuten Osasunako medikuek.
Cesar Krutxagaren tokia Carlos Cuellar zentral madrildarrak hartuko du. Gainerakoan, aldaketa bakarra egingo du entrenatzaile mexikarrak hasierako hamaikakoan azken partidarekin alderatuz: azken hiru partida osorik jokatu dituen Unai Expositoren ordez Jose Izquierdo itzuliko da atzealdearen eskuin hegalera.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Borrero nagusiaren etxera
Azken igoeraz geroztik Malagaren aurka irabaztea zer den ez daki Osasunak,ez Rosaledan, ezta Sadarren ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu