Futbolean gozatzea ez da samurra. Taldeek presio handia dute horren profesionalizatuta dagoen kirolean. Derrigorrez irabazi beharrak ez du gozatzeko aukera ematen. Egin beharrekoak eginda daudenean etortzen da lasaitasuna, eta beharbada orduan zelairatzen dira jokalariak inongo konplexurik barik, orduan bakarrik. Normalean, ordea, sasoi amaieran izaten da, eta bi taldeetako batek soilik gozatzen du.
Gaur bigarren itzulia hasiko da Espainiako Ligan eta derbi bat jokatuko da. Osasunak San Mames bisitatuko du. Inongo premiarik barik zelairatuko da Javier Aguirrek zuzentzen duen taldea. Igo berriaren estutasunak alde batera utzi, eta mailari neurria hartu diola erakutsi du Iruñeko taldeak azken denboraldiotan. Infernura baino gehiago zerura begira dago azken sasoi biotan. Mailari eustea izan arren lehentasun nagusia, Europatik puntu bira besterik ez dago. UEFA izan behar du jomugan.Athleticek ere antzeko helburuak ditu. Lehen itzuli hasiera eskasa egin ostean, gora egin du azken jardunaldietan. Sailkapenaren erdialdean dago kokatuta, inongo estutasunik barik. Beraz, bi taldeek futbolean jokatu eta onena zein den erakusteko parada ezin hobea dute, arrazoi batzuk edo besteak tarteko azken sasoietan jokatu dituzten derbi gehienetan egin izan ez dutena.Aurkariari ez eze, Espainiako Kopako partidek eragindako nekeari eta San Mameseko zelaiaren egoerari egin beharko dite aurre talde biek joko ona erakusteko. Litekeena da, norgehiagoka aurrera joan ahala hankek berdin ez erantzutea, eta are eta gaitzagoa izango da zelaia astun badago. Horren aurrean, eta egutegia eta neurketen zailtasuna areagotuz doazela aurreikusiz, litekeena da Ernesto Valverdek Iraolari atsedena ematea, deialdian sartu duen arren. Gainera, Casasek ez du jokatuko, arazo fisikoak tarteko. Lacruz eta Javi Gonzalez dira euren lekua betetzeko hautagai nagusiak. Zorrotzakoak ezker hegalean jokatuko du, eta Murillo eta Lacruzentzat izango dira atzealdeko erdiko postu bat eta eskuin hegala. Biek bi postuetan joka dezakete.Fernando Llorentek, ostera, ez du huts egingo. Urzaiz ez da osatu eta errioxarrak hasierako hamaikakoan jarraitzeko aukera asko ditu. Astebetean hirugarren neurketa jokatuko du. Hasiberri batentzat gehiegizko lana dirudi, baina Valverdek adierazi duen gisara, beharra dagoenean ezin daiteke besterik egin.
Osasunak gustuko du Bilbo
Osasunak ez du San Mamesen galdu azken igoeraz geroztik Athleticen zelaian jokatutako lau norgehiagoketan. Katedralean izan azken lau aldietan bi garaipen eta bi berdinketa lortu dituzte nafarrek, eta gaur ere bolada onarekin jarraitu nahi dute gorritxoek. Valverdek berak ere onartu zuen atzo Osasunak itxura ona eskaintzen duela beti San Mamesen. Halere, sasoi honetan etxetik at itxura kaskarra erakutsi du Osasunak gehienetan, eta Athletic, aldiz, sendo ari da etxean. «Athletic oso indartsu ari da San Mamesen, hegaletatik min asko egiteaz gain, presio itogarria egiten du. Gu, aldiz, oso pattal ari gara etxetik at, eta partida honetara biktima gisa aurkeztuko garela dirudi», aitortu zuen atzo bertan Javier Aguirrek.
Entrenatzaile mexikarrak badaki ez dutela partida erraza izango gaur gauean, eta baloia euren oinetan ez dutenean ere lana erruz egin beharko dutela gogoratu zien atzo bere jokalariei: «Lehen minututik gure arean sartuko gaituzte, eta ez da jokatzeko partida erraza izango. Defendatzeko erarik onena baloiaren jabe egitea izango da, baina Kopan ere asmo horrekin joan ginen Getafera, eta hiru gol egin zizkiguten». Azken partiden atarian golik ez jasotzearen garrantzia azpimarratu izan du gorritxoen entrenatzaileak, baina hori lortzeko dituzten arazoak ikusita, atzo ez zuen diskurtsoa errepikatu nahi izan: «Helburua futbolean ondo jokatzea da, baloiarekin bezala baloirik gabe».Arreta ezagatik gol gehiegi jasotzen jarraitzen dutela ere gogoratu zien Aguirrek jokalari gorritxoei, eta Getafek Espainiako Kopan egin golak jarri zituen adibidetzat. Hori bai, bigarren itzulia hasiko den egunaren bezperan, Aguirrek ontzat jo zuen bigarren itzulian lehendabizikoan adina puntu lortzea: «Azken urteetako puntu kopurua gaindituko genuke beste 28 puntu batuz gero», adierazi zuen.Hasierako hamaikakoari dagokionean, zelai erdian zalantza txiki bat bazuela aitortu zuen entrenatzaileak: Pablo Garciaren ondoan, Puñal edo Muñoz jartzea da zalantza hori. Muñozek maila bikaina erakutsi du Kopan, eta aukera izan dezake.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. GOZATZEKO
ATHLETICEK ETA OSASUNAK SAILKAPENAREN ERDIALDEAN EGOTEAK EMATEN DUEN LASAITASUNAREKIN EGINGO DIOTE AURRE GAUR DERBIARI; Llorentek eta Muñozek beste aukera bat izan dezakete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu